erantzun iruzkin honi

ELA: «Frogatu da AHTaren aurkako jarrerak kriminalizatzeko bultzada»

BERRIA. Mikel Peruarena. Donostia

Ertzaintzak abiadura handiko trenari buruz emandako aginduak argitzeko eskatu du sindikatuak, eta «oso larritzat» jo ditu

Herrizaingo Sailak adierazi du «joan behar duena» joango dela Auzitegi Nazionalera

Abiadura handiko trenaren (AHTa) aurkako ekintzak terrorismo delitu gisa hartzea «oso larritzat» jo du ELA sindikatuak: «Onartezina da, azpiegitura honen inguruan, edozein ekimen dela eta, terrorismo delitupean jartzeko eta Auzitegi Nazionalera diligentziak bidaltzeko aginduak ematea». Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako agindua ikusita, sindikatuaren ustez, «frogatu da AHTaren aurkako jarrerak kriminalizatzeko bultzada eta agindu politikoa».

Ertzaintzaren barne agiria «argitu beharrekoa» dela adierazi du ELAk: «Argi islatzen da hau egin dutenek zer-nolako inpunitatearekin jokatzen duten». Sindikatuak salatu duenez, «Ertzaintza erabili egiten da interes alderdikoiak babesteko». Horregatik, «erabaki horren ardura duten guztiei erantzukizunak» eskatu dizkie, «baldin eta demokraziari eta gizarteari gutxieneko begirunea» badiote. Alderdi politikoei ere eskatu die iritzia plazaratzeko, «honelako agindu eta jokaerekin bat datozen ala ez jakitea gizarte osoaren eskubidea baita».

BERRIAk atzo argitaratu zuen Herrizaingo Sailaren barne agiria, AHTarekin zerikusia duten ekintzei aurre egiteko Ertzaintzak jarraitu behar duen protokoloari buruzkoa. Agiriak eskatzen du ekintza horiek terrorismo delitu gisa hartu eta Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratzeko. Iazko abuztukoa da agindua.

AHT Gelditu! Elkarlana plataformako eta AHTaren aurkako asanbladako kide Mikel Alvarezek ere gaitzetsi du Ertzaintzaren barne agiriak xedatzen duena: «Salatu behar dugu desobedientzia zibileko protestak terrorismo bihurtzen ari direla». Alvarezek uste du herritarrek eta herri mugimenduek «tinko erantzuten dutenean, eta azpiegitura batzuk ezartzea zalantzan jartzen denean, errepresio guztiarekin erantzuten duela botereak». Agintarien aldetik, ez dela jarrera berria nabarmendu du Alvarezek, Europako beste hainbat lekutan ere antzeko egoeran gertatu izan direla, eta bizi direla ohartarazi du.

Urbinako manifestazioa

Urtarrilaren 17an Urbinan (Araba) egin zuen manifestazioa AHT Gelditu! Elkarlanak. Manifestazioa amaituta, AHTaren lanak egiten ari diren eremura urreratu ziren hainbat lagun. Ertzaintza oldartu zitzaien, eta zortzi lagun atxilotu zituen. Haien artean zegoen Ekaitz Lotina: «Atxilotuta pasatu genituen 50 ordu haietako baldintzak bereziak zirela konturatzen ginen. Abokatu bat eskatu eta ez zigutela ekartzen, kanpokoekin inolako komunikaziorik ez...». Ez konfiantzazko abokatuek, ez senideek, ez atxilotuek ez zekiten egoera zein zen.

Askatu eta gero, atxilotuetako batek adierazi zuena gogora ekarri du Lotinak: «Estalpeko lege antiterrorista moduko bat ezarri ziguten». Ertzaintzaren barne agiriaren berri izan duelarik, ez da gehiegi harritu: «Agiria, niretzat izan da konfirmazioa». Ertzaintzak Urbinan atxilotutakoekin izan zuen jokabidea agiriarekin bat datorrela uste du: «Agindu zehatzak zituzten, ez zitzaien han zeuden ertzainei bururatu gu horrela edukitzea».

Ertzaintzak Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratu zituen Urbinako gertakarien diligentziak, baina Santiago Pedraz epaileak ez zuen kasua bere gain hartu. Lotinak eta Alvarezek gogorarazi dute, hala ere, ez dela horrelako kasuak Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratu diren lehen aldia. 2007ko azaroaren 3an -Herrizaingo Sailaren agiria kaleratu aurretik- Beasainen (Gipuzkoa) protesta egin zuten AHTaren aurka. Bi lagun identifikatu zituen Poliziak, eta kasua Auzitegi Nazionalera bidali. Iazko udazkenean, berriz, hiru auzi bidali zituzten Auzitegi Nazionalera. Urbinakoa jazo arte, epaileek bidali izan dituzte diligentziak Auzitegi Nazionalera.

Herrizaingo Sailaren arabera, «Auzitegi Nazionalera joan behar dutenak, Auzitegi Nazionalera joango dira; eta justizia ohikoaren bidetik joan behar dutenak justizia ohikoaren bidetik joango dira». Aurreko astean Gasteizen atxilotutako bost gazteen auzia jarri dute adibide gisa Herrizaingo Sailetik: «Gasteizko lurralde auzitegiaren esku gelditu da haien kasua». Hala ere, Lotinaren, Alvarezen eta ELA sindikatuaren irakurketak bat datoz puntu batean: AHTaren aurkako jarrerak kriminalizatzeko erabakia ikusten dute Herrizaingo Sailaren barne agirian.

Auzitegi Nazionalera bideratutako lau auziak

AHTaren aurkako protesten harira zabaldutako lau auzibide, gutxienez, iritsi dira Espainiako Auzitegi Nazionalera. Orain artean iritsi zaizkion kasu guztiak atzera bota ditu epaitegi horrek, terrorismo delituen zantzurik aurkitu ez dielako. Hauek dira Auzitegi Nazionalera iritsi diren AHTari lotutako auzibideak:

2007ko azaroaren 3an.
Beasainen (Gipuzkoa) protesta egin zuten herritarrek, eta bi lagun identifikatu zituen Poliziak.

2008ko abuztuaren 28an. Zaratamon (Bizkaia), AHTaren lanak egiten ari diren eremurako sarbidean katigatu ziren hainbat lagun. Ertzaintzak identifikatu egin zituen.

2008ko urriaren 16an. Bilboko Abandoko tren geltokian Adifen aurka protesta egin zuten bi lagun atxilotu zituzten ertzainek.

2008ko urriaren 31n. Ordiziako tunela zulatzen ari diren makinetara kateatu ziren lagunak identifikatu zituzten ertzainek, eta atxilo eraman.

Onintze Oleaga - Abokatua

Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru auzi atzera bota dituen arren, Auzitegi horretara AHTarekin lotutako kasuak bidaltzen jarraitzea «susmagarri» iruditzen zaio Onintze Oleagari.

«Asmoa izan da terrorismo delitu bat egoztea, manifestazioan egoteagatik»

M. Peruarena.

Urtarrilaren 17an, Urbinan (Araba) AHTa abiadura handiko trenaren aurka protestan ari zirenei oldartu zitzaien Ertzaintza; zortzi lagun atxilotu eta dozenaka zauritu zituzten. Atxilotuak artatu zituen abokatuetako bat izan zen Onintze Oleaga (1982, Atxondo). Ertzaintzaren barne agiria ezagututa, ez dauka zalantzarik: «Honen atzean dago AHTaren aurkako mugimenduaren kriminalizazioa, eta hori bultzatu du Herrizaingo sailburuak, EAJk gidatuta». Azken aldiko atxiloketa guztietan -«AHTarekin loturikoetan, eta besteetan»-, gertatzen ari dena nabarmendu du: «Atxiloketa guztietan agertzen da AHTaren panfletoak aurkitu dituztela. Informazioa besterik ez da! Baina behin eta berriz errepikatzen dute». AHTaren aurkako mugimendua kale borrokarekin eta ETArekin lotzeko asmoa ikusten die informazio horiei: «Agian ezin dute mugimendu hori beste era batera gelditu, eta errepresioaren bitartez egingo dute».

Urbinako gertaerak eta gero, polizia etxean aurkeztu zinen abokatu gisa. Nola hartu zintuzten?

Familiako konfiantzako abokatuak izan arren, esan ziguten atxilotuei ez zietela gure izen-abizenik emango. Atxilotuak berak esan behar zituela abokatuaren izen-deiturak. Memento batean ere ez ziguten azaldu inkomunikazioa ezarri zietenik. Gero, polizia etxetik atera egin gintuzten. Astelehen goizean jakin genuen, epaiz kanpoko bideetatik, seguru asko [Espainiako] Auzitegi Nazionalera bidean egongo zirela. Horrek zer esan nahi du? Ertzaintzak, protokolo hau ezarrita, atestatua Auzitegira bidali zuela, eta itxaroten zegoela han onartuko zuten, edo ez. Ertzaintzaren asmoa zen, hasiera-hasieratik, inongo kontrol judizialik barik, Auzitegira eramatea. Auzitegi Nazionalak ez zuen bere eskumena onartu, eta eraman zituzten Gasteizko guardiako epaitegira.

Nahiko egoera berezi eta berria izango zen zuentzat, ezta?

Abokatuen ikuspegitik, konturatu gara atxilotuen defentsa eskubidea ez dela bermatu. Normalena ez da zuk abokatu baten izen-deiturak eta telefonoa poltsikoan edukitzea, baizik eta zure familiak, zerbait gertatzen zaizunean, abokatua izendatzea.

Zer ondorio edo aldaketa ekar ditzake Ertzaintzaren prozedura berriak?

Akusatuentzat, kriminalizazioa. Ez bakarrik beraientzat, pertsonalki, baizik eta AHTaren aurkako mugimendu osoarentzat. Zuk desobedientzia ekintza baketsua egin arren, leporatzen dizute terrorismo delitu bat, inongo ikerketarik egin barik. Azkenean, Auzitegi Nazionalak bere eskumena atzera bota du, eta uste dugu egotziko dietela desobedientzia, edo halako zerbait. Baina, Ertzaintzaren asmoa izan da terrorismo delitu bat egoztea, hau da, manifestazio batean egoteagatik. Benetan, egoera juridiko larria ezartzen du.

Poliziaren esku geratzen da hori erabakitzea, ez epailearen esku...

Gauza bat da ikerketa bat zabalik egotea, eta terrorismo delitu batengatik atxilotzea; eta beste bat da, inongo ikerketa barik, erabaki politiko jakin batengatik, terrorismo delitu larri bat inputatzea. Ezberdintasuna sekulakoa da. Auzitegi Nazionalera bidaltzea, hori da Gobernuko erakunde baten erabakia, Herrizaingo Sailarena. Hala ere, ez da Urbinan bakarrik gertatu. AHTarekin lotutako azkeneko atxiloketa guztietan gertatzen ari da. Kasu honetan, Ertzaintzak zuzenean eraman du Auzitegira, baina beste hiru kasutan epaitegietatik bidali dute. Ez dakit epaitegiek ere ba ote duten horrelako agindurik.

Orain arte atzera itzuli ditu auziak Espainiako Auzitegi Nazionalak; bitxia da, erabaki hori egonda, auziak hara bidaltzen jarraitzea...

Bitxia da, berez, bidaltzea bera. Baina, gainera, beste kasu batzuetan erabaki ondoren, gauza bera gertatzea, susmagarria dela esango nuke. Ematen du saiatzearen saiatzez lortu nahi dutela. Ez dakit hori den asmoa, baina argi dago ez dela normala, eta ez dela logikoa, Auzitegiak bere eskumenez ebazpen bat eman duenean. Juridikoki zein politikoki zalantza pila bat sortzen du.

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
 __          __ __     __         ______  __     __
\ \ / / \ \ / / | ____| \ \ / /
\ \ /\ / / \ \_/ / ___ | |__ \ \_/ /
\ \/ \/ / \ / / __| | __| \ /
\ /\ / | | | (__ | | | |
\/ \/ |_| \___| |_| |_|

Enter the code depicted in ASCII art style.