erantzun iruzkin honi

Milaka jendek egin diote aurre AHTari

Hendaia eta Irun manifestazioan lotu dituzte, eta AHTaren kontrako mobilizazioa gero eta indartsuagoa dela nabarmendu. Herritarren borondatearen kontra egindako xedea bertan behera uzteko eskatu dute

Berria. Aitor Renteria. Hendaia

Milaka jende elkarretaratu ziren atzo Hendaian (Lapurdi), Espainiak eta Frantziak duten AHT xedea bertan behera utz dezatela eskatzeko. Frantziako Poliziaren arabera, 13.000 manifestari izan ziren; antolatzaileen arabera, 15.000. CADE Ingurumenaren Aldeko Taldeen Batzordearen eta AHT Gelditu! Elkarlanaren deialdiak Hego zein Ipar Euskal Herriko ekimenak bateratzea lortu zuen, indartsu gainera. «Arrakastatsua», laburbildu zuen Jeronimo Prieto LABeko bozeramaileak manifestazio bukaerako hitzaldiaren aurkezpenean.

Manifestazioa Hendaiako tren geltokitik abiatu zen, sinbolikoki. Gisa berean, 70etik gora traktore jarri ziren manifestazioaren buruan, AHT xedeak ingurumenean eta etxaldeetako ekonomian suntsiketa eraginen duela salatzeko. Haien gibelean, banderola bateratua zeramaten gizarte mugimenduek, AHTrik ez! Proiektu txikitzaileak gelditu leloarekin.

Antolatzaileen gibelean hautetsiak jarri ziren, 70etik gora. Baiona-Angelu-Miarritze Elkargoa kendurik, Lapurdiko bertze hiru Herri Elkargoek manifestaziora deitu zuten. Hautetsien artean izan ziren Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidentea, Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari nagusia, Kotte Ezenarro Hendaiako kontseilari nagusia, Mixel Hiriart Biriatuko auzapez eta Hego Lapurdi Herri Elkargoko presidentea. Frantziako hautetsiak ere presente egon ziren manifestazioan, gehienak Landetakoak eta Girondakoak.

Hendaiatik Irunera

Traktoreen sirena hotsen, trikitilari, txistulari eta txarangen soinuen eta etxeko lapikoei eragindako protesta zarataren artean zeharkatu zuen manifestazioak Santiago zubia. Manifestazioa Irungo Colon plazaraino heldu zen (Gipuzkoa). Burua bertara heltzen ari zelarik, manifestazioak Iparraldeko etorbidea deritzona betetzen zuen osorik. Handik Lapurdirako bidea hartu zuten berriz, zubi zaharreko mugazainen bulego ohietan egiteko ekitaldi politikoa.

«Elkarteek eta hautetsiek bat egin dugu berriz ere, helburu bera dugulako: gure lurraldearen defentsa», erran zuen Hiriartek. Gogoratu zuen 2009ko urrian Baionan egindako manifestazioan 12.000 lagun elkarretaratu zirela, eta AHTaren kontrako gaitzespena indartuz doala: «Ez dugu utziko horrelako proiektu txikitzaile eta zentzugabea inposatzea». Hiriburuko auzapezak hartu zuen gero hitza. RFFren xedean kontzertazioa aipatu arren, AHT xedea herritarren iritzia eta hautetsien borondatea kontuan hartu gabe betetzen ari dela nabarmendu zuen. RFF eta hautetsien artean bildu ahal izateko, bitartekari bat eskatu zuen: «Ez ikusteko zenbat ordainduko duten suntsituko dutenarengatik, herri honen iritzia zein den entzuteko baizik».

Onintze Oleaga Atxondoko (Bizkaia) alkateordeak gogora ekarri zuen AHTaren kontrako borroka kriminalizatzeko xedea, eta herri galdeketak bultzatu dituzten auzapezen kontrako auziak bertan behera uzteko eskatu zuen. AHT Gelditu! Elkarlaneko ordezkariek ere proiektu txikitzaileak onartezinak direla erran zuten, eta horien artean kokatu zituzten Pasaiako kanpo portuko xedea, Hondarribiko aireportua eta autobideen zabaltzea.

Victor Pachon CADEko presidenteak eman zion bukaera ekitaldiari AHTaren sustatzaileei eta hautetsiei mintzatuz. «Txinparta soil batek sua pitz dezake, eta AHTarekin eta halako pospoloekin jolasten segitzen badute, hatzak erreko dituzte». Haien alde ez bozkatzera deitu zuen.

Tokiko borrokak Europa osoko bihurtzeko deia

Frantzia, Espainia, Italia eta Euskal Herriko taldeek agiri bateratua osatu dute Hendaian egindako bilkuran

A.R. Hendaia

AHTaren aurkako herri mugimenduak Hendaiako merkatuan bildu ziren atzo goizean. Euskal Herriko taldeak ez ezik, Frantzia, Italia eta Espainiakoak ere bildu ziren. Bilkuraren ondoren, testu bateratu bat adostu zutela jakinarazi zuten. «Europako Batzordeari eta Europako Parlamentuari eskatzen diegu, Europako Batasunean distantzia ertain eta luzeko garraio politiken ardura duten heinean, azpiegitura handien zentzugabekeria eta behar ezaren inguruko gogoeta hasteko», azaldu zuen Jone Etxeberri AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak, talde guztien izenean.

Halako egitasmo handiak plantan ezartzen diren lurraldeetan ingurumen, sozio-ekonomia eta gizartearen ikuspuntutik hondamendia bertzerik ez dela eragiten nabarmendu zuen. Egitasmo horiek herritarren iritzia kontuan hartu gabe egiten direla erran zuen, eta xedeak bultzatu ahal izateko, trafikoa eta errentagarritasun sozio-ekonomikoa «sistematikoki faltsutzen» direla.

AHTa bertan behera

Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu zieten AHT xedeak bertan behera uzteko «berehala», eta Europan «benetako eztabaida publiko uniformea» abiarazteko AHTaren «hedatze neurrigabearen» oinarrian dagoen garraio, lurralde eta gizarte ereduaren inguruan. Bertze mota bateko aterabideak egon badaudela dio atzo aurkeztu agiriak; bertzeak bertze, dauden tren lineak berritzea, mantentze lana bermatzea eta egokitzea. Ingurumenaren ikuspuntutik «onargarriena» izateaz gain bide berriak egitea baino anitzez gutxiago balio duela adierazi dute. Horrekin batera, garraioa gutxitzea galdegin dute, ekonomia eta gizarte ereduaren eraldaketa sakonari lotuta, gertutasuna eta ekonomiaren birkokapena lehentasun gisa hartuz. Azpiegitura hauek zuzenean eragiten dieten herritarrei «erabakitzeko ahalmena» itzultzeko eskatu dute, hori delakoan «benetako demokrazia eta tokiko autonomiaren bermea, garapen eredu inposatuaren aldean».

Etiketa(k):

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
  ______       _           _____   ______ 
| ____| | | | ____| | ____|
| |__ __| | _ _ | |__ | |__
| __| / _` | | | | | |___ \ | __|
| |____ | (_| | | |_| | ___) | | |____
|______| \__,_| \__, | |____/ |______|
__/ |
|___/
Enter the code depicted in ASCII art style.