erantzun iruzkin honi

AHTaren inkesta antolatu izana ukatu du Asier Agirrek

Aramaioko alkateak epaiketan azaldu du herritarrek egin zutela galdeketa, eta gero jaso zuela bertan behera uzteko eskaria. Abokatuak aske uzteko eskatu du, eta fiskalak desobedientzia eta prebarikazioa egotzi dizkio

Berria. Jon Rejado. Gasteiz


Aramaioko Udalak (Araba) ez zuen parte hartu AHT abiadura handiko trenari buruzko inkestaren antolaketan. Asier Agirre Aramaioko alkateak berretsi egin du 2007ko irailaren 28an, 29an eta 30ean egindako galdeketa herritarren ekimena izan zela eta udalak egin zuen bakarra «babes politikoa» ematea izan zela. Horrez gain, adierazi du ez zuela eman inolako laguntzarik, ez ekonomikorik, ez azpiegituretarakorik, ez antolatzekorik.

Herri ekimenak egin zuen inkesta, Aramaioko auzo alkateak aukeratzeko galdeketarekin batera. Fiskalak leporatu dio Aramaioko udaletxeko bilkura aretoa ireki izana, baina alkateak argitu du Ibarrako hiru auzo alkateen bozketa areto horretan egin dela beti. «Bilkura aretoaren erabilera publikoari ez diot inolako arazorik ikusten; alkateentzako hautestontzia mahaiaren alde batean zegoen, eta inkestarena beste aldean», argitu du Agirrek.

AHTari buruzko galdeketarekin lotutako Agirreren aurkako ahozko epaiketa egin zen atzo goizean, Gasteizko Zigor Arloko 2. Epaitegian. Fiskaltzak prebarikazioa eta epaileekiko desobedientzia delituak berretsi zituen Agirrerentzat, eta bederatzi urtez kargu publikorik ez izateko eskatu zuen. Defentsak akusatuaren absoluzioa eskatu zuen, deliturik gertatu ez zela argudiatuta.

Fiskalak gogorarazi zuen aurreko udal taldea galdeketa bat egiten saiatu zela, baina Espainiako Gobernuko ordezkariaren aginduz bertan behera utzi zuela. Hori bera beste era batean egin nahi izatea egotzi zion Agirreri, eta gero bere «jokabidea ezkutatu» nahi izatea. Fiskalaren ustez, 2007ko irailaren 5ean egin zuen prebarikazio delitua Agirrek. Udalak, osoko bilkuran, herri inkestari babes politikoa emateko mozioa onartu zuen egun hartan. Fiskalak inkestaren antolaketari buruzko moziotzat jo zuen erabaki hori. Ordea, Iñigo Iruin defentsako abokatuak adierazi zuen mozio horretan inkestari babesa baino ez zaiola eman. Hau da, udalak ez zuela ez inkesta egiteko egunik, ez lekurik, ez modurik azaldu mozioan. Aurreko Aramaioko udal taldeak, berriz, gai horietaz zehaztapenak eman zituen, galdeketa egiten saiatu zenean.

Epaiketan izan ziren lekukoek udalaren zein alkatearen parte-hartzea ukatu zuten. Udaleko idazkari ohiak nabarmendu zuen Agirrek jakinarazi ziola ez zuela herri galdeketarik egiteko asmorik. Bestalde, inkestaren aldeko herri ekimeneko kideek eta auzo alkateek azaldu zuten inkestarekin zerikusia izan zuten alor guztiez arduratu zirela: boto txartelak inprimatzeaz, banatzeaz, biltzeaz, zenbatzeaz...

Debekua, bozketaren ostean

Agirrek nabarmendu zuen inkesta bertan behera uzteko eskaria astelehenean jaso zuela, galdeketa igaro ostean. Epaitegiak ostiralean, 19:50ean, jakinarazi zuen inkesta egiteko debekua, fax baten bidez; baina udaletxea 15:30ean itxi zuten. Fiskalaren ustez, Agirrek debekuaz ohartzeko aukera izan zuen hedabideen bitartez. Iruinek gogorarazi zuen hedabideek ez dutela informazio horiek emateko ofizialtasunik, eta, epaitegiak ez zionez eman Agirreri aginduaren berri ofiziala, ez zela egon desobedientzia deliturik.

Aramaioko udalaren aurkako auzia politikotzat jo zuen Agirrek epaitegian sartu aurretik, eta eskerrak eman zizkien babesa eman dioten gizabanakoei eta udalei. Bide batez, AHTaren antzeko egitasmoetan, herritarrei galdetu egin behar zaiela nabarmendu zuen. «Epaiketa hau ere ez zen egin behar», adierazi zuen. Arabako ezker abertzalearen ustez, epaiketak agerian utzi du AHTa «inposatzen» ari direla.

AHT Gelditu! Elkarlanak elkarretaratzea egin zuen auzitegien kanpoko aldean, Aramaioko alkatearen aurkako epaiketa salatzeko. Bide batez, Apirilaren 25ean, Arrasate inguruan (Gipuzkoa), AHTaren aurka mendi martxa egingo dutela iragarri dute.

Jaurlaritzak ez du aldatuko AHTaren Bergarako zatia, lanak ez atzeratzeko

Lamiategi elkarteak egindako eskaerak aztertu bai baina alde batera utzi ditu Eusko Jaurlaritzak, erabaki baitu ez aldatzea AHT abiadura handiko trenaren ibilbidea Bergara aldean (Gipuzkoa). Lamiategik eskaera egin zuen ibilbidea aldatzeko, inguruan kalte gutxiago egiteko. Jaurlaritzak ikerketa eskatu zuen, jakiteko aldaketak egin ote zitezkeen. Elorrio (Bizkaia), Arrasate eta Bergara arteko AHTaren zatiko 27 kilometroetan aldaketak eragingo lituzkete Lamiategiren eskaerek, eta lanak lau urte atzeratuko lirateke, proiektua berridatzi eta baimenak berriz eskatu beharko bailirateke. Iñaki Arriola Herri Lan sailburuak adierazi du «ahalegin guztiak» egin dituela, baina ezinezkoa dela aldaketak egitea.

Etiketa(k):

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
  _     _        __    _  _     _    
| | | | / / | || | | |
| |_ | | __ / /_ | || |_ | | __
| __| | |/ / | '_ \ |__ _| | |/ /
| |_ | < | (_) | | | | <
\__| |_|\_\ \___/ |_| |_|\_\

Enter the code depicted in ASCII art style.