erantzun iruzkin honi

Baimen guztiak jaso gabe ireki dira AHTaren zakartegi gehienak

Eusko Jaurlaritzaren arabera, aurreko legealdian «modu desegokian» egindako tramiteak ari dira orain arautzen. Irekitako 32 hondakindegietatik zortzik besterik ez dituzte eskuratu baimen guztiak
BERRIA. M. Peruarena - I. Petxarroman.

«Hondakindegi barik ez dago obrarik». Horrekin dena esan du Kimetz Etxeberria teknikariak. AHT abiadura handiko trenaren lanak gertutik jarraitzen ditu Etxeberriak, eta obrentzako zabortegi gehienak baimen guztiak jaso gabe ireki dituztela azaldu du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abian diren AHTko lanetako lur eta hondakinak biltzeko, 32 hondakindegi ireki dituzte; azaroan, bik baino ez zituzten baimen guztiak arauz. Martxoan, zortzi hondakindegi zeuden araututa.

Zabortegi horien egoerari buruzko galderak egin dizkio Aralarrek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari; udazkenetik, lau alditan. Horietako batean, aurtengo otsailean, Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak erantzun zuen Espainiako Sustapen Ministerioari zegokiola ingurumen baimenak errespetatzen ari ote ziren behatzea. «Gezurra da hori», adierazi du Etxeberriak. Europako ingurumen artezbideen arabera, administrazio guztiek betebeharra dute zabortegietako baimen eta lanen jarraipena egiteko, baita udalek ere beren lurretan: «Inork ezin du zabortegi bat ireki baimenik gabe». Aurtengo martxoan berriro pausatu zuen galdera Aralarrek: zabortegiak irekitzeko 32 eskaera jaso dituela, eta Ingurumen Sailak zortzi egiteko baimena eman duela azaldu zuen Unzaluk orduan. Zortzi horiez gain, beste 11 hondakindegi irekitzeko eskaerak egin dituztenei txosten gehigarriak eskatu dizkie Ingurumen Sailak. Unzaluk, beraz, onartu zuen AHTko lanentzako zakartegien hiru laurdenek martxoan ez zituztela baimen guztiak arauz. Erantzunak jaso ostean, maiatzaren 24an, legez besteko proposamena aurkeztu zuen Aralarrek; «lanak BERRIA. M. Peruarenaburutzeko baimen sektoriala izan gabe martxan dauden AHTko obra guztiak» geldiarazteko eskatu zuen alderdiak.

Berriki galdera pausatu dio kazeta honek Jaurlaritzako Ingurumen Sailari, eta hark ez du argitu zenbatek duten baimena egun. Aitortu du sei zabortegi baimentzeko premiazko prozedura zabalduta dagoela, baina gainerakoei buruz ez du zehaztasunik eman. «Iraganean, eraikuntza enpresek zabortegiak zabaltzeko leku bat baino gehiago eskatzen zituzten, haietako bakoitzean bioaniztasun txostena egin behar zelako. Hala, baten bat hutsean geratzen bazen, besteekin jarraitu ahal izango zuten aurrera», azaldu dute Ingurumen Saileko iturriek. Egun, enpresek hartzen dute kokaleku bat, eta bioaniztasun txostena eurek egiten dute. Ondoren, Jaurlaritzari igortzen dizkiote datuak.

Jaurlaritzaren esku dago Gipuzkoako zatiari dagozkion hondakindegiak eta betelanak baimentzea, eta Adifen esku Araba eta Bizkaiko zatikoak. Jaurlaritzak aitortu du, edonola ere, arazoak dituztela. «Aurreko legealdiko lan administratiboak askatzen ari gara. Eta horien artean dago AHTaren hondakindegiena».

Ildo horretan, Jaurlaritzak dio aurreko legealdian hainbat zabortegiri bidea eman ziotela, aldi baterako metatzearen prozeduraz, lanak eten behar ez izateko. Gehienetan, behin-behineko metaketak egin ziren lekuetan ari dira, orain, zakartegiak arautzen. «Jarduera horiek dira orain Jaurlaritzak arautu behar dituenak, normalean tokian tokiko egokitze, drainatze eta uharridien bidez. Jakina, hori garestiago gertatzen ari da horrela hasieratik modu egokian egin balitz baino».

Iñaki Arriola EAEko Herri Lan sailburuak esan du obrak 300 milioi euro garestitu direla jadanik Gipuzkoako zatian, ingurumenari dagozkion lanak direla eta.

Jaurlaritza, «gaindituta»


Ingurumen Sailaren barneko antolaketan, Hondakinen Kudeaketarako Zerbitzuaren gain dago betelanetarako eta zabortegiak irekitzeko baimenak ematea eta haien jarraipena egitea. Zerbitzua «gainditua» dago, sailaren arabera. Iazko maiatzean txosten bat idatzi zuen Ingurumen Sailak, egoera horren berri emanez: «Zerbitzu horrek zailtasunak izan ditu, azpiegiturak ugaritu egin direlako eta, EAEko araudiaren arabera, zeregin asko kudeatu behar dituelako». Zabortegiak irekitzeko proiektuek, batez beste, urte eta erdi behar izaten dute baimenak eskuratzeko; eskaerak pilatu egin dira azken urteetan.

2008ko urtearen bigarren erdialdean, «muturreko egoera» hori okertu egin zela azaldu zuen Ingurumen Sailak txosten hartan: «Garraio azpiegitura handien izapideak pilatu dira: abiadura handiko trenaren linea eta Donostia nahiz Bilboko metropoli-saihesbideak. Azpiegitura horiek, berez, gure lurraldearen orografiagatik, lur-soberakinen biltegi franko behar dute». Eraikuntza sektoreak erabili ohi dituen zabortegi eta betelanetarako eremuak bikoiztu egin dituzte garraio azpiegituren zakartegiek. «Egoera horrek erruz gainditu ditu gure aurreikuspen guztiak, eta kanpoko laguntza eskatu beharrean izan gara». AHTko lanetako arduradunek ezin dute itxaron: zabortegiak ireki egin dituzte, lanekin jarraitu ahal izateko.

Zabortegiak baimenik gabe irekitzea «larria» dela ohartarazi du Etxeberriak: «Administrazioak bazekien lanak aurrera zihoazela, publikoa izan da hori, eta itsuarena egin du». Jarduerarik traketsenetako bat Orozketan jazo da, Iurretan (Bizkaia). Orozketan zabortegia egon zen garai batean, baina zigilatua eta itxia zegoen; landaretzak gaina ere hartu zion. Orain gutxi arte. Orozketako zabortegi zaharrean era guztietako hondakinak isuri ziren irekia egon zen bitartean: pneumatiko zaharrak, fundizioetako zaborrak, jatorri anitzeko lur kutsatuak, bateriak, ibilgailu zatituak, etxetresnak... baita material arriskutsuen ontziak ere. Baina orain zabalik da, AHTaren hondakindegi gisa erabiltzeko. «Inongo neurri eta kontu barik ireki dute hondakindegia, eta era guztietako hondakinak barreiatu dituzte inguruko eremu batzuetara», Etxeberriak dioenez.

Zabortegian garai hartan izandako «irregulartasunak» zirela medio, Orozketako zabortegiko kasua luze egon zen epaitegietan, behin betirako itxi zen arte. Etxeberriak oroitarazi du Orozketan bi txosten daudela katalogatuak lur kutsatu gisa; hortaz, zabortegia irekitzen hasi aurretik, obraren arduradunek bertan zer zegoen jakin behar zutela eta «zehatz-mehatz» aztertu behar zutela dio, Europako eta Espainiako legeek hala agintzen dutelako. Zabortegia irekitzearekin bat, gainera, hondakin lixibatuek ihes egin dute, eta Etxaran errekara jausi dira lohiak, plastikoak, pneumatiko zatiak, metal astunak... Ibaizabalen adarretako bat da Etxaran. Zabortegiari buruzko txostenetan ageri denez, osagai kimikoak zeuden Orozketan; lixibatuekin batera, errestan joango ziren Etxaran errekara. Mendi magal bat ere jausi zen, eta Iurretako bizilagunei pasabidea galarazi.

Adif konpainia -Espainiako trenbide sarea kudeatzen du- eta Orozketako zabortegia irekitzearen ardura duen enpresa auzitara eraman ditu AHT Gelditu! Elkarlanak. Epaileak salaketa artxibatu badu ere, gorago jotzeko asmoa agertu dute elkarlaneko kideek. Iragarri dute Bizkaiko Lurralde Auzitegian aurkeztuko dutela, orain, salaketa. Salaketa artxibatu bada ere, gertatzen ari zen «itxuragabekeria» ikusita, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitaterako Zuzendaritzak Orozketako zabortegiko lanak bertan behera uztea agindu zuela azaldu du Etxeberriak; proiektuak ez zituela gutxieneko baldintzak betetzen eta dokumentazio gehigarria eskatu zien obraren arduradunei. Agindua «bat-batekoa» izan zen, eta soilik segurtasunerako eta lixibatuak kudeatzeko lanak egin daitezke, gaur-gaurkoz, Orozketan. Nolanahi ere, agindua iritsi arte, 500.000 bat metro kubo lur mugitu dituzte makinek Orozketan. «Ez dira, inolaz ere, magala egonkortzeko lan soilak izan», argitu du Etxeberriak.

Jaurlaritzaren arabera, Adifek baimendu zituen isurketak Orozketan, baina zabortegia lehenago ondo itxi behar zen. «Une honetan enpresa zigilatzea bukatzen ariko da, berriro betelanekin hasi ahal izateko». Bitartean, beste toki bat eskatu dute inguruan, hondakinak utzi ahal izateko.

Orozketakoa adibidea baino ez dela ohartarazi du Etxeberriak. AHTak Durangaldean behe aldeko ibar eta arro guztiak gainetik pasatu dituela azaldu du, ibilbideak denak zeharka pasatzen dituelako, eta, pasatzen ez den tokietan, zabortegiak eta betelanak egiten ari direlako. Horrekin, erreka eta errekasto guztiak ere gainetik igaro dituzte AHTko lanek. «Sistema hidriko guztia eraldatu du horrek», dio Etxeberriak. Gainera, abereentzako korridore berezkoak diren erreka eta errekastoen galeria eta baso ibilbideak ere desegin direla salatu du, eta ibarren goiko eta beheko aldeen arteko lotura eten dela.


1.700 Lehergailu tonak. Tren lasterreko Bizkaiko lanak aurrera ateratzeko 1.700 tona lehergailu beharko dira. Tunelak zulatzeko erabiliko dira, batik bat, lehergailu horiek. Guardia Zibilak ikuskatzen ohi ditu lehergailuak erabiltzen diren prozesu guztiak.

Iurretan tunel bateko lanak eten dira, zulo bat egin delako

Tren lasterraren tunel bateko lanak eten egin dituzte Iurretan (Bizkaia); Orozketa eta Larrinagatxu arteko tunela egiten ari zirela, hondarrarekin topo egin dute, eta hiru bat metroko diametroko zuloa egin da tunelaren goiko aldean. Lanak eten egin dituzte, eremua finkatu eta arriskua saihestu bitartean.

Informazioa ez emateagatik, auzitara eraman dute Nafarroa

Nafarroako Gobernua auzitara eraman du herritar talde batek, AHTari buruzko informazioa ez emateagatik. Arartekoak eskatu zion gobernuari, iazko otsailean, AHTaren ingurumen eraginari buruzko informazio guztia herritarren esku jartzeko. Urtebete igaro den arren, gobernuak ez du informaziorik agertu.

50. Lur mugimenduak, milioika metro kubotan. Euskal Y-a egiteko lanetan 50 milioi metro kubo lur mugituko dira, gutxi gorabehera, lan guztiak egin ahal izateko. Lur mugimendu horretatik sortuko denarekin, lurrez bete ahal izango lirateke 50 bat San Mames Barri, eraikinaren beheko aldetik hasi eta goraino, oso-osorik.

Hondakindegietara. Lur mugimendu horietatik heren bat inguru, 16 milioi metro kubo, hondakindegietan eta betelanetan botako dituzte.

Kamioikadak. 7 milioi kamioikada baino gehiago beharko dira Euskal Y-a egiteko. 7 metro kubo lur lekualdatzen ditu kamioi batek, aldi bakoitzean.

'Euskal Y'-a Europako tren korridoreen artean sartu dute

Euskal Y-a ez zegoen hasierako egitasmoan, baina EAJk aurkeztutako mozio bat onartu zuen, atzo, Europako Parlamentuak, eta, hura bitarteko, Europako zortzi tren korridoreetako batean sartu da Euskal Y-a. Ebazpenak finantzaketa erraztu, baliabideak hobetu eta koordinazioa handituko duela dio EAJk.

Etiketa(k):

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
                             _   _____ 
/\ (_) |_ _|
___ __ __ / \ _ | |
/ _ \ \ \/ / / /\ \ | | | |
| __/ > < / ____ \ | | _| |_
\___| /_/\_\ /_/ \_\ | | |_____|
_/ |
|__/
Enter the code depicted in ASCII art style.