erantzun iruzkin honi

Meategietan itxita zeuden lau ekintzaileak atera ditu Ertzaintzak

Ertzaintzak atxilotu egin ditu laurak, desordena publikoa, erresistentzia eta desobedientzia delituak leporatuta. Laurak ondo daude, baina itsasondoarrek «arriskuan» jarraitzen dutela ohartarazi dute.

Berria. Agurtzane Solaberrieta. Itsasondo

AHTko lanak salatzeko Itsasondoko meategietan (Gipuzkoa) ostegunetik lur azpian kateatuta izan diren lau ekintzaileak atzo atera zituen Ertzaintzak. Kobazuloetatik atera, eta segituan eraman zituen polizia etxera, atxilotuta. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazi zuenez, desordena publikoa, agintaritzari aurre egitea eta desobedientzia delituak leporatu dizkiete. Lau ekintzaileetatik bi 17:30 aldera atera zituzten; baina beste bien erreskateak gehiago iraun zuen. 20:00 aldera atera zituzten. Izan ere, ez da erraza hara iristea. Itsasondoko meategietan meatze ugari daude, eta oso sakonak eta luzeak dira. Gainera, hainbat toki urez gainezka daude. Herrizaingo Sailak adierazi zuenez, bi ekintzaileak horma baten gainean zeuden, putzu sakon baten aldamenean. Txalupa bat erabili behar izan zuten haiengana iristeko.

Bost egun egin dituzte lur azpian, porlanezko bidoiei lotuta. Hala eta guztiz ere, ondo daudela ziurtatu du sostengu taldeak. Polizia etxera eraman aurretik, Beasaingo osasun etxera eraman zituzten osasun azterketa egiteko, eta abokatuak ere izan zuen haiekin egoteko aukera. Ondo eta oso animoso ikusi zituztela baieztatu dute.

Eguna luze joan zen atzo. Ertzaintza 12:00 aldera azaldu zen, bilaketa lanei ekiteko. Itxita izan zuen une oro meategietarako bidea, eta ez zuen utzi inor gertura zedin. Albisteak ere tarteka iristen ziren, baina gehienetan albiste onak ziren: aurrena, laurak topatu zituztela; gero, bi atera zituztela, eta eguna amaitzerako, beste biak ere ateratzen ahaleginduko zirela.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, jende ugari bertaratu zen, ekintzaileei animoak emateko asmoz. Bidea itxita zeukaten, baina batzuek mendi bide batetik barrena meategietara gerturatzea lortu zuten, eta aurrena atera zituzten bi emakumeak ikusi ahal izan zituzten. Animo oihuak eta babesa ematea lortu zuten. Irribarrez erantzun zieten, eta ondo zeudela ziurtatu.

19:00etan manifestazioa egin zuten herrian, eta manifestazioan zeudela jakin zuten falta ziren biak ateratzea lortu zutela. Une hori oso hunkigarria izan zen. Jendeak txaloka eta AHTrik ez oihu artean hartu zituzten. Ertzaintza oldartu egin zitzaien, eta tentsio une ugari ere izan ziren.

Bost egunez arriskua ukatzen

Lau ekintzaileak ostegunean sartu ziren meategietara, AHTak eragingo duen «txikizioa» salatzeko, eta, zehazki, Itsasondoko herritarrak «arrisku bizian» daudela ohartarazteko. Izan ere, Urdaspal Alberdi Uria meategietako ingeniariak egindako ikerketa baten arabera, lurrak hondoratzeko eta erortzeko arrisku «handia» dago AHTaren Itsasondo eta Ordizia arteko eremuan. Ostiralean bertan Mikel Aramendi itsasondoarrak eta irratiko analistak ohartarazi zuen «izugarrizko astakeria» dela trena meatzeen erditik igarotzea. Meatze batzuk urez gainez eginda daudela azaldu zuen, eta meatzeak baino gehiago urtegiak direla zehaztu zuen. Hain justu, urez beteta dagoen meatoki horietako baten azpitik ari dira zulatzen Ordizia eta Itsasondo arteko tunela. Meatze horretan 100.000 eta 500.000 metro kubo ur egon daitezkeela uste du Aramendik.

Haatik, Eusko Jaurlaritzak une oro ukatu egin du hori, eta ukatu egin du lau ekintzaileak arriskuan egon direla ere. Are gehiago, Garraio Sailak ez ditu gelditu lanak, eta leherketekin jarraitu du. Jaurlaritzaren jarrera ikusita, meatoki barruan izan diren lau ekintzaileen sostengurako taldeak ostiralean salaketa jarri zuen Tolosako epaitegian, AHTko lanak bertan behera uzteko eskatuz. Urdaspal Alberdi Uria meategietako ingeniariak egindako txostena aurkeztu zioten epaileari. Hain zuzen, atzo goizean epaileak Urdaspal Alberdi meategietako ingeniaria deitu zuen deklaratzera, eta horren ondoren joan zen Ertzaintza Itsasondora. Epaileak lau ekintzaileak ateratzeko agindua eman ote zuen ez zuen baieztatu nahi izan Herrizaingo Sailak.

Ez zen lehen aldia Ertzaintza meategietara joaten zena. Ostiralean hara joan ziren, baina sostengu taldeko kideek salatu zuten bilaketa lanak «oso azaletik» egin zituztela. Herrizaingo Sailak berak zalantzan jarri zuen ekintzaileak han zeuden ere: «Ez dago argi meategietako batean inor dagoen». Ostiralean «inor aurkitu ez», eta bertan behera utzi zituzten bilaketa lanak. Atzo, ordea, berriro ekin zieten bilaketa lanei, Tolosako epaitegiarekin elkarlanean.

12:00 aldera joan ziren meategietara, eta 20:00etan amaitu. Eta oraindik lehengoari eusten diote. Orain ikertu egingo dute noiz sartu ziren ekintzaileak meategietara. Izan ere, Herrizaingo Sailak zalantzan jartzen jarraitzen du ostegunean sartu zirela: «Ez dugu hori frogatzen duen daturik».

Zubibidea hasi dute Aramaion, eta legez kanpokotzat jo Alegiako betelan batzuk

Espainiako trenbide azpiegituren kudeatzaile Adif Etxebarriko zubibidea hasi da eraikitzen Gipuzkoa eta Araba arteko mugan. Aramaio-Arrasate AHTaren zatiko obra da zubibidea, eta 307 metro luzekoa. Aramaio eta Arrasate arteko zatiak 3,3 kilometro ditu. Bestalde, Alegiako Udalak salatu du bere udalerrian, Eguzkitzako behe-ibarrean, AHTko lanen ondorioz egiten ari diren betelan batzuk arauz kanpokoak direla. Izan ere, Euskal Trenbide Sareak (ETS) Jaurlaritzako Ingurumen Sailari eskatu zion lanak egiteko baimena, baina hark ez zion eman, aurkeztutako agirietan «gabeziak» zeudela argudiatuta. Bada, hori erantzun arren, lanekin hasi ziren Eguzkitzan apirilean. Horren ondorioz, udalak legez kanpokotzat jo ditu lanak, eta geratzeko eskatu du, hirigintza alorreko arau-haustea egiten ari direla iritzita.

Etiketa(k):

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
          _  __  ______   ___         
| |/ / |___ / / _ \
__ _ | ' / / / | (_) | _ __
/ _` | | < / / > _ < | '__|
| (_| | | . \ / /__ | (_) | | |
\__, | |_|\_\ /_____| \___/ |_|
| |
|_|
Enter the code depicted in ASCII art style.