erantzun iruzkin honi

AHTa etetea posible dela aldarrikatu dute milaka lagunek Arrasaten

 

Ekonomiaren ikuspegitik tren lasterrak ez duela onurarik ekartzen salatu dute, eta administrazioentzat «hipoteka bat» dela. Bestelako «azpiegitura erraldoien» eraikuntza geratzeko ere eskatu dute.

BERRIA. AINARA ARRATIBEL. ARRASATE

Abiadura handiko trena (AHT) geratzea posible dela, eta horretarako argudioak daudela aldarrikatu zuten atzo milaka lagunek Arrasaten (Gipuzkoa), AHT Gelditu! Elkarlanak deituta. «Lemoiz gelditu zen. Mobilizazio sozialari esker, Nafarroako goi tentsioko linea elektrikoen proiektuak berriz aztertzea lortu zuen. Epaitegiek behin baino gehiagotan esan dute Castejongo zentral termikoak legez kanpokoak direla. Gaur egun Pasaiako superportuak inoiz baino zailtasun gehiago ditu. Beraz, zergatik ez da posible izango AHTa gelditzea?». 

Milaka izan ziren AHT Gelditu! Elkarlanak egindako deiari erantzun zioten herritarrak. AHTaren kontrako banderak izan ziren nagusia; baina baita Jaizkibel Bizirik, Superporturik EZ! ziotenak ere. Muskizko (Bizkaia) Koke Plantaren aurkako elastikoak zeramatzan lagun talde bat ere bazen manifestazioan. Izan ere, atzoko protesta, AHTaren aurkako ez ezik, azpiegitura erraldoien kontrakoa ere izan zen. 

Manifestazioaren pankarta eramaten izan ziren Aralarreko batzarkide Rebeka Ubera, Bilduko batzarkide Ander Rodriguez, ezker abertzaleko Niko Moreno eta Gorripideko kidea Joxe Iriarte, Bikil. Protestan parte hartzen izan ziren, halaber, Asier Agirre Aramaioko alkate ohia eta Arrasateko alkate izandako Xabier Zubizarreta.

Bidean etengabeak izan ziren abiadura handiko trenaren aurkako oihuak: Gelditu Txikizioak!, Ama lurra defenda dezagun! eta Gelditu, gelditu, geldituko dugu! izan ziren gehien entzun ziren leloak. Bidean AHTaren aurkako bi pankarta erezabaldu zituzten, eta ingurumen arriskuari lotutako bi sirena entzunarazi zituzten. Bukaerara iritsi ahala nabarmenagoak izan ziren oihuak, eta txalo artean egin zuten tren lasterraren aurkako protesta.

AHTak dakarren «diru xahutzea» salatu zuen Elkarlanak manifestazio amaieran irakurritako agirian: «AHTa ekonomia publikoarentzat hipoteka bat da. Gainera, xahutze horrek ondorio larriak ditu: osasun zerbitzuen kalitatea gutxitzea, eta murrizketak hezkuntza eta gizarte zerbitzuetan, besteak beste. Iaz Espainiako Sustapen Ministro Jose Blancok berak aitortu zuen sostengaezina dela azpiegitura publikoen politika».

Ingurumen «txikitzea»

Kezka azaldu zuten, halaber, tren lasterraren lanetan beharra egiten duten langileen lan baldintzen inguruan. «Dagoeneko lau pertsona hil dira obretan. 10 ordu baino gehiagoko lan orduak eta lan istripuen prebentziorako neurririk eza gailentzen dira». Hori ikusirik, administrazioak «begiak ixten» dituela nabarmendu zuten. «AHTari loturiko lanpostuen sortzea, aberastasuna eta ongizatea gezurra besterik ez dira. Gaur egun Espainiako Estatua da abiadura handiko trenaren kilometro gehien dituen estatua, baina baita langabezia tasa handienak dituena ere. Are gehiago, Europan hazkunde ekonomikorako aukera gutxien duen estatua da Espainia».

ingurumen ikuspegitik naturgune eta ekosistemen «txikitzea» dakarrela ohartarazi zuten. «AHTa lurraldearen antolakuntza orekatuaren hondamena da. Izan ere, erdibidean dauden herri eta eskualdeak izango dira, nekazaritza guneekin batera, obra izugarri honen ingurumenaren gaineko eragina jasango dutenak. Eta, nola ez, horrek nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak galtzea ekarriko du».

Hala, AHTa «inposatutako» eredu sozioekonomikoaren ondorio zuzena dela ekarri zuten gogora. «Interes ekonomiko pribatua, ditugun baliabide natural mugatuen gainetik jartzen dituzte». Gainera, nabarmendu zuten AHTa ez dela eredu horri jarraitzen dioen azpiegitura bakarra. Muskizko koke planta, Ezkio Itsaso eta Gueñes arteko goi tentsioko linea, Castejongo zentral termikoak, Zubietako errauste planta, Pasaiako kanpoko kaia, eta harrobiak jarri zituzten adibide. «Guztiek dute prozedura bera: inposizioa; eta guztiek dute ondorio bera: hondamendi sozial eta eta ekologikoa». Azpiegitura horien aurkako taldeak izan ziren manifestazioan, eta proiektu horiek ere bertan behar uzteko eskatu zieten erakundeei.

 

Etiketa(k):

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
  _          _____   _  __      
(_) | ____| | |/ /
_ _ __ | |__ | ' / ____
| | | '__| |___ \ | < |_ /
| | | | ___) | | . \ / /
|_| |_| |____/ |_|\_\ /___|

Enter the code depicted in ASCII art style.