erantzun iruzkin honi

AHT xedea egin aitzin tren garraioaren kopuruak ikertuko ditu Frantziak

AHTaren aurkako herri eta elkarteen aspaldiko eskaria aintzat hartu du lehen aldiz Frantziako Ingurumen ministroak

Berria. Aitor Renteria Baiona. 2011-06-07

Bordele eta Hendaia arteko tren garraioari buruzko ikerketa eginen duela adierazi zuen atzo Nathalie Kosciusko-Morizet Frantziako Ingurumen ministroak, Miarritzera (Lapurdi) egindako bisitaldian. Iragarpen horren bidez, Ipar Euskal Herriko eragileek egindako aldarrikapenak aintzat hartu ditu lehen aldiz. CADEk zein herri elkargoek 2006an egin zuten eskari hori, Frantziako Gobernuak AHT xedeari buruzko eztabaida publikoa antolatu zuelarik. RFF konpainiak AHTaren beharra bermatzeko baliatzen zituen kopuruak faltsuak zirela salatu zuten orduan eragileek. Kosciusko-Morizetek agindu duen iragarpenak ez du zalantzan ezartzen Lapurdiko AHT bide berrien xedea, baina RFFren kopuruak puztuak diren edo ez ebatziko du.

AHT bide berriak egiteko arrazoi nagusi gisa baliatu zuen RFFk gaur egungo bideak aseko direla 2020rako. Iragarpen hori azaltzeko, salgaien garraioa biziki emendatuko zela azaldu zuen. Alta, gaur egunean 2006ko kopuruetara ez direla heltzen salatu dute CADEk eta herri elkargoek. Izan ere, 2006an 2,4 milioi tona garraiatzen zituela erran zuen SNCF konpainiak. 2020rako 20 milioi tona garraiatuko zituela jakinarazi zuen. Alta, azken urteotan ez dituzte jakinarazi kopuru errealak. CADEk azaldu du gaur egun 1,9 milioi tonara ez dela heltzen.

Gisa berean bidaiari kopurua ere puzturik dagoela esan zuen CADEk. Trenen arteko segurtasun tarteak trenak balira bezala kontatu zituela aitortu zuen azkenean RFFk. Frantziako Gobernuak izendatu zuen bitartekariak ere onartu zuen RFFren zenbakiei «irakurgarritasuna» falta zitzaiela.

Geroztik trenen luzera 450 metrotik 800 edo 900 metrora emendatzea deliberatu du Frantziako Gobernuak, Ingurumenaren Mintegiaren ondorioz. Erabaki horrek erdira jaitsi beharko luke tren kopurua. Gainera, trenen arteko segurtasun tartea hiru minutura apalduz, 2050era bitartean asetasun arriskurik ez dela egonen dio CADEk, Suitzako aditu independenteek egindako ikerketa batean oinarrituz.

Ekaina bukatu aitzin

Aspalditik eskatzen zuten ikerketa «independentea» bere eskutik eta luze gabe eginen dutela nabarmendu du ministroak, ekaina bukatu aitzin. AHTaren beharra egiazkoa den eta asetasun arriskua saihesteko aukerarik dagoen jakinen dela azaldu du. Ikerketaren emaitzak eskuan Lapurdiko hautetsiek eztabaida egin ahalko dutela azpimarratu du. Ministroaren erabakiak AHTaren aurkakoen haserrea baretuko dutela pentsatzen dute, baina, hala ere, ez du mesfidantza desagerraraziko.

Egiazko kopuruak erakutsi beharko ditu Frantziako Gobernuak, eta, kopuruak dioten bezain apalak baldin badira, AHTaren beharra kolokan geldituko da. Orduan xede berria erabaki politiko gisa geldituko da, eta gobernuak ez du bertze nehoren gibelean gelditzeko aukerarik ukanen. Inposaketaren itxura saihestu nahi du Frantziak, nahiz eta orain onartu duen inkesta bost urte berandu heldu.

Lopez eta Rousset, bat eginda

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek eta Akitaniako Kontseiluko presidenteak bat egin zuten atzo Bordelen, eta Frantziako Gobernuari AHTaren gaineko «konpromisoei eusteko» eskaria egin zioten. Tren lasterrak lehentasun izan behar duela berretsi zuten bi agintariek, «Euskadi-Akitania euroeskualdea» gauzatzeko ezinbestekoa izanen dela ohartaraziz. 2020. urterako tren lasterra martxan nahi dute biek.

 

Larunbatean AHTaren aurkako martxara joateko deia egin du AHT Gelditu!-k

AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, azpiegitura horren aurkako manifestazio bat egitekoa dute datorren larunbatean Arrasaten (Gipuzkoa). Herrian bertan egin zuten atzo protestara joateko deia. Elkarlaneko kideek nabarmendu dute oraindik ere zehazteko gauza asko dituela abiadura handiko trenaren proiektuak —hiriburuetako sarrerak, besteren artean—; hartara, haien arabera, geldi daitezke obrak, areago krisi ekonomiko garaiotan. «Ulertezina da diru publikoa halako proiektuetan xahutzea», esan dute.

Arrasateko plazan hasiko da protesta, 18:00etan. Arrazoiak badauzkagu trena gelditzeko. AHT gelditzera goaz! izango du goiburu manifestazioak. Hainbat herritan ari dira autobusak-eta antolatzen elkarretaratzera joateko. «Hainbat sektoretako kideen bilgune» izango da larunbateko protesta, antolatzaileen hitzetan.

Etiketa(k):

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
           ____    _____                     
/ __ \ | __ \
__ _ | | | | | |__) | _ __ ___ _ __
/ _` | | | | | | _ / | '_ ` _ \ | '__|
| (_| | | |__| | | | \ \ | | | | | | | |
\__, | \___\_\ |_| \_\ |_| |_| |_| |_|
| |
|_|
Enter the code depicted in ASCII art style.