erantzun iruzkin honi

Lurraldea «merkatuaren menpe» antolatzea egotzi diote Jaurlaritzari

Antolamendurako irizpideak partaidetzarik gabe aldatuko dituela salatu dute zenbait gizarte eragilek

Berria. Maite Asensio Lozano Bilbo

«Merkatuaren menpeko antolamendu ekonomikoko eredu bat babestea» egotzi diote zenbait gizarte eragilek Eusko Jaurlaritzari. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldea nola antolatu ebatziko duten irizpideak berrikusten ari da Ingurumen eta Lurralde Antolamendurako Saila, azken hamalau urteotan bultzatutako Euskal Hiria kontzeptuari jarraiki. Eragileek ez dute aldaketa handirik espero irizpideotan, eta, horregatik, berraztertze prozesua «inolako parte hartzerik gabe» egin dela salatu dute.

1997an onartutako antolamendu irizpideen ildoa segituko du dokumentu berriak. Horren arabera, datozen hamabost urteetan gauzatuko den lurralde antolamenduaren bidez, zerbitzuak eta jarduera ekonomiko nagusiak hiriburuetan zentralizatzea lehenetsiko da, eta gainerako lurraldea aisialdira bideratuko da. Eredu ekonomiko horretan, «ezinbesteko azpiegituratzat» jo dituzte Bilbo eta Pasaiako portuak eta Gasteizko aireportua.

Plangintza hori «ikuspegi urbano eta desarrollistatik» egin izana deitoratu du EGK-ko kide Amaia Elorzak. Haren hitzetan, Jaurlaritza bultzatzen ari den ereduan, «ezagutza eta berrikuntza» ekoizten dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek; «hau da, beste batzuk egongo dira guretzako gauzak ekoizten».

Gaur bilduko da Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Politikarako Aholku Batzordea. Txostena bete beharrekoa izan ez arren, gobernuaren asmoak onestea espero da, eta ondoren alegazioak aurkezteko epea irekiko da. Dena den, Ekologistak Martxan-eko ordezkari batek gizarte eragileek adostutako manifestua eramango du bilerara.

Orotariko taldeek sinatu dute testua: Desazkundea, Ekologistak Martxan, AHT Gelditu! Elkarlana, Txipio Bai, LAB, ELA, ESK, EHNE, CGT, EGK eta Bizkaiko Emakumeen Asanblada. Gizabanako ugarik ere bat egin dute mezuarekin, hala nola Nekane Jurado ekonomialariak, Zesar Martinez soziologoak, Gorka Bueno ingeniariak eta Florent Marcellesi ikertzaile ekologistak.

Izan ere, eguneroko bizimoduko hainbat jardueratan eragiten du lurralde antolamenduak: erosketetan, lantokien kokapenean, osasun etxeetan... Gainera, irizpideon arabera lantzen dira, gerora, lurralde zati planak —eskualdeetako etxebizitza, azpiegiturak eta jarduera ekonomikoak ezartzen dituztenak— eta sektore planak. «Merkataritza zentro handien ondorioak ikusi ditugu: denda txiki asko itxi dira, indibidualismoa sustatu...».

«Gai serioa da, eta ez da bere garrantziari dagokion parte hartze prozesurik egon», erantsi du Elorzak. Hartara, Pilar Unzalu sailburuarekin bilera eskatuko dute.

Bestelako antolaketa baterako oinarriak

1Birbanaketa. Zerbitzu eta jarduera guztiak hiriburuetan zentralizatzearen aurkakoa. Elikadura, osasuna, hezkuntza, kultura eta beste lehen mailako zerbitzuak tokian tokian ezarri, behartutako mugikortasuna murrizteko.

2Funtzio aniztasuna. Eskualdeak buruaskiak izateko moduko zerbitzu eta jarduera antolamendua: enplegua, zerbitzuak, plan estrategikoak, elikadura subiranotasuna, hondakinen kudeaketa...

3Elkartasuna. Zerbitzu batzuk hirietan eta beste batzuk herrietan ezartzeak lehen eta bigarren mailako lurraldeak dakartza. Elkarrekikotasun eta lankidetza kontzeptuen araberako lurralde antolamendua.

4Iraunkortasuna. Kontsumoa, isurketak eta aztarna ekologikoa murriztuko duen eredua. Aniztasun ekologikoa, ugaltze jarduerekiko konpromisoa edota oinarrizko baliabideen birziklatzea eta berrerabilera bultzatu.

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
         _       __  __                __  
| | | \/ | /\ / /
___ | |__ | \ / | / \ / /_
/ __| | '_ \ | |\/| | / /\ \ | '_ \
| (__ | | | | | | | | / ____ \ | (_) |
\___| |_| |_| |_| |_| /_/ \_\ \___/

Enter the code depicted in ASCII art style.