Responder al comentario

AHTko bidearen %3 dago bukatuta; laurdena, lanetan

'Euskal Y'-aren 13,68 kilometro amaitu dituzte sei urtean; Nafarroan, urrian hasi ziren lanekin; eta Lapurdin, plana eten dute. Krisi ekonomikoak ezbaian jarri du Euskal Herriko eta kanpoko bideen arteko lotura

Berria. Jon Olano. 2012-09-02

AHT abiadura handiko trenaren egitasmoak Euskal Herriko bost herrialde zeharkatzen ditu maparen gainean, eta, gero eta gehiago, errealitatean ere bai. Administrazioen jarrerek, egoera ekonomikoak eta aurkako iritziek tren lasterra baldintzatu badute ere, proiektuaren etorkizuna argituz doa zenbait zatitan, eta ilunduz, beste hainbatetan.

166 bat kilometroko luzera du Euskal Y-aren planak; Nafarroakoak beste hainbeste hartuko ditu; eta 38,1 kilometro beharko dira Lapurdi hegoaldetik iparraldera zeharkatzeko. Horri, Gasteiztik Miranda Ebrorako (Espainia) 28 kilometroak gehitu behar zaizkio. Guztira, 398,1 kilometroko bidea. Eta horietatik 13,68 baino ez daude amaituta; %3,4. Gaur-gaurkoz, 114,12 kilometro ari dira eraikitzen —%28,6—, eta 30,6 kilometro egiteko kontratuak daude emanda. Gainontzeko 240,38 kilometroak, bide osoaren %68, azterketa fasean daude.

Hori, Euskal Herrian AHTa eraikitzeko ardura duten administrazio guztiek orain arteko planei eusten badiete. Izan ere, oso bestelakoak izaten ari dira proiektuaren abiadurak erakundeen arabera. Baita sortutako zalantzak ere.

1. 'Euskal Y'-a

Lanak aurreratuen dauden proiektua da. 2006ko udazkenean hasi zituzten lanak, Luku eta Urbina artean (Araba), eta martxan daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako obren %68 —114,12 kilometro—. Edonola ere, amaituta dauden zatien balantzea ez da hain oparoa: 13,68 kilometro bukatu dituzte; urtean, bi pasatxo.

Espainiako Gobernuaren ardura da Gasteiztik Bilborako bidea eta hiru herrialdeen arteko lotunea eraikitzea; Eusko Jaurlaritzarena, berriz, Gipuzkoakoa. Adifek, zeina Espainiako Sustapen Ministerioaren menpe dagoen, aurreratuak ditu lanak Araban eta Bizkaian, oro har: Legutio-Arratzua-Ubarrundia II (Araba) eta Durango-Abadiño (Bizkaia) zatiak amaituak ditu, eta gainerako tarte ia guztiak ere eraikitzen ari da. Esate baterako, Aramaiotik Arrasatera bideko Atxetarri tunela hondeatzen amaitu zuten iragan apirilean, eta maiatzean hasi zuten Durango-Zornotza zatiko Olabarrie tunela.

Gipuzkoako zatian akuilu izan da egungo Eusko Jaurlaritza. Herrialde horretako lanak atzeratuak zeuden Patxi Lopezen gobernuak legealdia hasi zuenean, eta Adifi aurrea hartuta bukatu du agintaldia. Datu bat, horren adierazle: amaituta edo obretan dauden kilometroak %77,6 dira Gipuzkoan, eta %59,5 Araba eta Bizkaian. Jaurlaritzak lanak hasi ditu zati guztietan, Astigarragatik Donostiara eta Irunera salbu. Beasain ekialdeko tartea eta Ordiziatik Itsasondorakoa ere amaitu ditu —4,96 kilometro, orotara—.

2. Nafarroa

Azken hilabeteotan hasi dituzte Nafarroako korridoreko lanak. Iazko urrian hasi ziren Alesbes eta Cadreita arteko bidea eraikitzen, eta hilabete honetan bertan ekingo diote Castejon-Cadreita zatia egiteari. Orotara, 14'7 kilometroko lanak izango dituzte hasita. Castejondik Iruñerrirako bidearen ardura du foru gobernuak —69,89 kilometro—, eta Adifen erantzukizuna da Iruñetik Euskal Y-rako lotura eta Castejondik Zaragozarakoa egitea. Orotara, 166 kilometro hartuko dituzte burdinbideek Nafarroan.

Apurka-apurka eta zalantzaz josita ari da Nafarroako Gobernua AHTa eraikitzen. Izan ere, ez daki proiektuak Espainiarantz jarraipena izango duen, ezta Euskal Y-arekin lotura non egingo duen. Yolanda Barcinaren exekutiboak abuztu hasieran aitortu zuenez, lanak urtebeteko atzerapenarekin doaz, eta litekeena da gehiago luzatzea; izan ere, martxan dauden lanei lehentasuna eman die Espainiako Gobernuak, baina beste batzuk atzeratzeko asmoa agertu du. Hil honetan batzartuko dira bi gobernuak, epeak berriro finkatzeko.

Loturez ere jardun beharko dute. Madrilek 2009an eskatu zuen Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a lotzeko azterketa, eta emaitzak udazkenerako espero ditu. Ekainean, lotura Ezkio-Itsason (Gipuzkoa) egitea galdegin zioten Nafarroako orduko Sustapen kontseilari Anai Astizek eta Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak Espainiako Gobernuari, baina ez dute ez baiezkorik ez ezezkorik jaso.

3. Lapurdi

Atzo bete zen urte bat Frantziako Gobernuak Lapurdiko AHTko lanak geldiarazi eta bi urtez atzeratu zituela. Nicolas Sarkozyren gobernuak hartu zuen erabakia, baina François Hollanderenak ere zalantzak adierazi ditu proiektu horren inguruan; Tours-Bordele-Irun proiektuarekin aurrera jarraitzea merezi ote duen galdetu zuen joan den hilaren 4an Jerome Cahuzac Frantziako Aurrekontuetako ministroak. Lehenago ere —uztailaren 11n— iragarri zuen Cahuzacek gobernuak ez duela AHT linea gehiago eraikiko, «kontu publikoak orekatzeko». Alain Rousset Akitaniako presidenteak ihardetsi zion egitasmoak lehentasuna duela.

Geldi daude lanak Lapurdin, hortaz. Nolanahi ere, Irundik Bordelerako ibilbidea aztertzeko eten zituen obrak gobernuak, eta ibilbidea onartu egin zuen apirilean. 2013ko lehen seihilekoan inkesta bat egingo du RFF Frantziako eta Ipar Euskal Herriko trenbide sarea kudeatzen duen enpresak, linea horri Onura Publikoa aitortzeko. 2014 amaierarako espero dituzte emaitzak.

4. Jarraipenak, kolokan

Abiadura handiko lineak Euskal Herritik harago jarraipena izatearen inguruko zalantzak ugariak dira. Espainiarantz, ez dirudi epe motzean Nafarroa Mediterraneo itsasoarekin eta Madrilekin lotuko dutenik; Tuteratik Zaragozarako tartearen proiektua idazteko fasean dago oraindik, eta 2017rako espero dute lanak amaitzea. Castejon-Tutera zatia ere fase berean da, eta Nafarroako Gobernuak espero du 2016an hastea lanak. Hortaz, Nafarroak ez du Espainiarekin AHT bidezko loturarik izango 2019ra arte gutxienez. Bestalde, Gasteiztik Madrilerako bidean amaituta daude lan batzuk, baina Burgosetik mugarako zatia proiektuak idazteko fasean dago.

5. Geltokirik ez

Hiriburuetarako sarbideetan kateatuta dago tren lasterra, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian ez baitituzte ezaugarri horietako trenak jasotzeko geltokiak. Bilbon, 2010ko urtarrilean aurkeztu zuten Abandon estazio intermodal bat egiteko proiektua, baina ez zen lanak egiteko eperik ezarri. Iñaki Azkuna Bilboko alkateak esan zuen Bizkaiko hiriburua ez dagoela orain «geltoki intermodala bezain lan garrantzitsua egiteko egoeran». Iruñean, prozedurak arintzen ari dira lurzorua desjabetzen hasteko eta Etxabakoitzen etxebizitzak eraikitzeari ekiteko.

Donostian eta Gasteizen, berriz, estazio berrien kokapena finkatu dute, —Atotxan, Donostiakoa; Euskaltzaindia plazan, Gasteizkoa—, eta Gipuzkoako hiriburuaren kasuan, obra zein enpresari eman erabakitzekotan dira. Udala Adifen zain dago, ordea; Donostiarako sarbidea nola egingo duen eta zein burdinbide ezarriko duen zehaztu behar du oraindik Adifek, eta horrek baldintzatu egiten du geltokiaren proiektua. Irailean batzartuko da udala Espainiako trenbideak kudeatzen dituen enpresa publikoarekin.

6. EIBren mailegua

Tren lasterra eraikitzeko, mila milioi euroko mailegua emateko hitzarmena sinatu zuten ekainean EIB Europako Inbertsio Bankuak eta Espainiako Sustapen Ministerioak. 500 milioi eman dizkio oraingoz. Hala ere, gobernuak ez du zehaztu zein obra aurreratzeko erabiliko duen diru hori. Beste 500 milioi euroak noiz eta zein baldintzatan emango dituen ere ez du argitu EIBk. 30 urte izango ditu Madrilek mailegu hori itzultzeko.

7. Sei langile hil dira

Sei behargin hil dira abiadura handiko trena egiteko lanetan 2008tik hona. Iragan uztailaren 12an gertatu zen azken ezbeharra. Arrasaten zendu zen 55 urteko gizona, hormigoi pieza bat gainera erorita. Iaz, bi izan ziren hildako langileak, biak Gipuzkoan.

Lan baldintzen inguruan kezka azaldu zuen ELAk ekainean. «Eskandaluzko» lan jardunaldiez ohartarazi zuen sindikatuak, eta Eusko Trenbide Sarea lan ikuskaritzan salatu zuen, obrak ikustea galaraztea, lan ituna urratzea eta lanaldi luzeegiak egitea leporatuta. Hamazazpi orduko lanaldiak egitera iristen ziren langileak, ELAren esanetan. AHTko obretan lan hitzarmena urratzen dela aitortu zuen ETSk, eta lankidetza eskaini zion sindikatuari, obretarako bisitak koordinatzeko.

Responder

El contenido de este campo se mantiene privado y no se mostrará públicamente.
  • Etiquetas HTML permitidas: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Saltos automáticos de líneas y de párrafos.

Más información sobre opciones de formato

CAPTCHA
Esta pregunta es para comprobar que eres un visitante humano y prevenir envíos automatizados de Spam.
 __          __           ____    __   __ 
\ \ / / / __ \ /_ | /_ |
\ \ /\ / / _ _ | | | | | | | |
\ \/ \/ / | | | | | | | | | | | |
\ /\ / | |_| | | |__| | | | | |
\/ \/ \__, | \___\_\ |_| |_|
__/ |
|___/
Enter the code depicted in ASCII art style.