Nuria Lopez de Gereñu: «Europarako ere oinarrizkoa da 'Euskal Y'-a»

BERRIA. erredakzioa. Donostia

«Eusko Jaurlaritza eta Europa bat gatoz Euskal Y-aren inguruko proiektuetan». Nuria Lopez de Gereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuaren hitzak dira. Bruselan egin zituen hitzok, atzo, Jacques Barrot Europako Garraio komisarioarekin elkartu ostean. Bileran Lisboa-Gasteiz-Paris abiadura handiko trenbide sarearen eraikuntza izan zuten mintzagai, besteak beste, eta bere hitzak entzunda ondorio argia atera zuen: «Europako erakundeentzat ere Euskal Y-a oinarri-oinarrizkoa da Europako garraio sarea modernizatzeko».

Barrotekin egindako bileratik gustura atera zen Lopez de Gereñu, eta Euskal Y-aren aldeko hitzak aipatu zituen, behin eta berriz. «Abiadura handiko euskal trenbide sare berriarekin, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa nazioarteko sarean txertatuko dituen mugaz gaindiko trenbide linea sortuko da». Europari begira ere jarri zen Lopez de Gereñu bilera bukatu berritan. «Garraio arazoei erantzutea Europako erkidegoko erakundeen eta herritar guztion lehentasunetako bat da». Euskal trenbide sarea eraikitzeko lanen egoerari buruz ere hitz egin zuten Lopez de Gereñuk eta Barrotek bileran. «Trenbide sarea eraikitzen hasteko proiektuak martxa onean doaz; urtea amaitzerako lizitatuko dira. Horrez gain, trenbidea eraiki aurreko kudeaketa lanetan ere aurrera goaz, eta erakundeen eta herritarren artean konfiantzan oinarritutako lankidetzarako giro ona dugu».

Etiqueta(s):