Desobedientzia zibilaren aurkako epaiketa Durangon AHT dela eta
Astelehena 21, goizeko 10:30etan Durangon epaiketa.
Iazko ekainaren 1ean, hainbat gaztek ekintza baketsua egin zuten Abiadura Handiko Trenaren aurka protestatzeko. Egun hartan, trena orain dela 125 urte Durangora lehenengoz heldu zela ospatzeko, lurrun-trenez etorri ziren gure herrira Eusko Jaurlaritzako eta EuskoTreneko zenbait ordezkari, Lopez de Gereñu Garraio sailburua tartean.
Pertsona bi trenbidean kateatu ziren trenaren bidaia geratzeko asmoz, eta ondoan beste batzuek pankarta zabaldu zuten, informazioa eta herri-galdeketa egiteko eta AHT geratzeko eskatuz. Desobedientzia zibileko ekintza izan zen, guztiz publikoa eta baketsua, eta orain, datorren astelehenean, hilak 21, trenbidean kateatu ziren lagun biak epaituko dituzte Durangon eta euren kontrako isuna eskatuko dute zigor moduan.
Urte erdi joan da ekintza hura egin zutenetik, baina hala eta guztiz ere, trena geratu zutenek emandako arrazoiek orduko indar berdina daukate. Orduan salatu zutenez, Gasteizko gobernuak ez du Abiadura Handiko Trenari buruzko informaziorik ematen eta ez du onartzen Euskal Herrian behar dugun garraio-ereduaren inguruko eztabaida publikorik. AHTk eragingo luken kalte ekologiko ikaragarriaz gainera, eragin sozial ugari ekarriko lituzkeela ere gogorarazi ziguten: horretan gastatuko den dirutza Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren datozen 50 urteetako aurrekontuaren bestekoa izango da, AHTk bultzatzen duen gizarte-ereduak hirien nagusitasuna dakar herrien kaltetan, lur-okupazioak kalte handiak eragingo dizkio nekazaritzari... Desarrollismoa alde batera utzi eta benetako aurrerapena aldarrikatu zuten: etxebizitzaren arazoa konpontzea, airearen kalitatea hobetzea, hurbiltasunean eta zerbitzu publikoetan oinarritutako garraio-sistema garatzea...
Desobedientzia zibilaren bidez gizartea hobetzeko proposamen horiek egin zituzten, eta batez ere, AHT geratzeko eskatu zuten, guztiontzako onuragarria izango den garapenaren kontrakoa da eta. Horren aurrean, baina, betiko erantzuna jaso zuten: Ertzaintza, euren kontrako salaketa eta epaiketa.
Oker dabiltza agintariak gizartea horrela geratuko dutela uste badute. Bide onetik goaz eta beldurtuta daude, konturatu direlako gero eta jende gehiago dagoela proiektu txikitzaile horren aurka eta gero eta jende gehiagok eskatzen deutsela informazioa emateko eta proiektu hau bertan behera uzteko.
Astelehenean goizeko 10:30ean Durangoko epaitegiaren aurrean elkartuko gara epaituko dituzten gazte biei babesa emateko eta AHT geratu dezaten eskatzeko. Zure laguntza be behar dugu borroka honetan, zatoz!
AHTrik EZ! DENON ARTEAN EROKERIA HAU GELDITU BEHAR DUGU!
Durangoko AHT Gelditu! Elkarlana
Ekintzaren kronika, argazkiak eta informazio zuzena Gontzalen blogean.
- Añadir nuevo comentario
- 3550 lecturas
- Castellano


Gaurko epaiketako kronika
Gaurko epaiketako kronika irakurri.