AHTko obretara martxa egin dute, gelditzea galdegiteko

Orain herritarren presioa inoiz baino beharrezkoagoa dela ohartarazi du AHT Gelditu Elkarlanak. Obretara eraman dute abiadura handiko trenaren protesta. Tren egitasmoak herrietan eragingo dituen kalteak salatzeko martxa batean parte hartu zuten atzo lagun ugarik, AHT Gelditu Elkarlanak eginiko deia babestuz. Urbinatik (Araba) atera ziren manifestariak, eta Luku aldean eraikitzen ari diren tunelera hurbildu ziren.

BERRIA. Urbina. Estitxu Ugarte

Euria eta Ertzaintzaren helikoptero bat lagun izan zituzten martxan parte hartu zuten herritarrek une oro, eta obretara iritsi zirenean Poliziaren hiru Land Rover zain zituzten. Hala ere, oinez eginiko hogei minutuko ibilbidean giro lasaia eta AHTren kontrako oihuak nagusitu ziren. AHT Gelditu Elkarlanaren kideek aurrean zihoazen, egitasmoa gelditzea galdegiten zuen pankartarekin.

Behin Eibar-Gasteiz autobidearen azpian igaroko den AHTren tunelaren obretara iritsi zirenean, Elkarlanaren bozeramaileek agiria irakurri zuten. Obrak gelditzeko garaiz daudela nabarmendu zuen plataformaren bozeramaile Mila Elorzak, eta ezinbestekotzat jo zuen herritarren presioa «Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren inposizioari aurre egiteko».

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren hirukoa osatzen duten EAJk, EAk eta EB-Berdeak baita PSE-EEk ere AHTren inguruan zabaldu duten «ezkutukeria» erabatekoa dela kritikatu zuen. «Izan ere, denok ikusten dugunez, AHTren inguruko obrak inolako informazioa eman gabe hasi dituzte eta Eibar-Gasteiz autobidearen obrak egiteko desjabetutako lurrak erabilita», esan zuen Elorzak. Jarrera horren aurrean hainbat herritan eginiko galdeketak nabarmendu zituen, eta euskal gizartearen ehuneko handi batek egitasmoari erakutsitako oposizioa.

Agiria irakurri eta gero, Urbinara itzuli ziren manifestariak. Batzuek alde egin baino lehen AHTren tunela eraikitzeko egin duten basogabetzearen eraginez barreiatutako lur zatiak eta harriak bildu eta tunelera bota zituzten. Urbinan AHT Ez Gunearen karpan bildu ziren martxan parte hartu zuten lagunak, eta ekimen horren berri jazo zuten.