AHT finantzatzeko Nafarroaren eskaera atzera bota du PSOEk

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak gogor kritikatu du PSOEk herenegun izandako jarrera. «Ez dut ulertzen EAEn Kupo bidez posible dena zergatik ez den posible Nafarroan hitzarmen ekonomikoaren bidez». Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentearen hitzak dira, eta abiadura handiko trenari (AHT) buruz ari da hizketan.

BERRIA. UNAI ZUBELDIA. Donostia

UPNk zuzenketa bat aurkeztu zuen herenegun Espainiako Diputatuen Kongresuko Aurrekontuen Batzordean. Nafarroari AHT proiektua finantzatzeko aukera emateko eskatu zuen UPNk, hitzarmen ekonomikoaren bidez, baina Espainiako Diputatuen Kongresuak atzera bota zuen eskaera. «Garbi dago, beste behin ere, PSNk Nafarroarako dauzkan interesak PSOEren interesen mende daudela», kritikatu zuen atzo Sanzek.

Jaurlaritzak Espainiako Sustapen Ministerioarekin lortutako akordio bera lortu nahi du Sanzek Nafarroan. Izan ere, Jaurlaritzak eta Espainiako Sustapen Ministerioak abiadura handiko trena egiteko akordioa lortu zuten apirilean. Akordioari esker, Jaurlaritzak Gipuzkoako ia ibilbide osoaren obrak egingo ditu, eta Espainiako Sustapen Ministerioak, berriz, Araba eta Bizkaiko zatiak. Kostu osoa 4.178 milioi eurokoa izango dela zehaztu zuten, eta 1.642 milioi euro Gipuzkoako zatia egiteko izango dira. Jaurlaritzak kopuru hori aurreratu egingo du, eta gero Espainiari ordaintzen dion Kupotik kenduko du. Hain zuzen ere, Espainiak, dagoeneko, bost zatitako lanak eskaini ditu, eta Jaurlaritzak ere AHT egiteko 2007rako aurrekontua aurkeztu du.

Nafarroari ate hori itxi egin diote, PPren aldeko botoak ez baitziren nahikoak izan. Euren eskaerak aurrera eginez gero abiadura handiko trenaren lanak aurreratzea nahi zuen UPNk, baina sozialistek ezezkoa eman zieten. Ezezko horrekin harritu antzean daude PSNko ordezkariak, orain egun gutxi Fernando Puras PSNk Nafarroako Parlamentuan duen ordezkariak eta Nafarroako Gobernuko presidentetzarako hautagaiak Espainiako Diputatuen Kongresuan lanak egitearen aldeko jarrera izango zutela adierazi baitzuen. Hitzarmen ekonomikoarekin lanen kostua Espainiari eman beharreko diru kopurutik deskontatuko zutela esan zuen Purasek orduan.

SANZ, ESPAINIAK ATZERA EGITEKO ZAIN. Asmo guztiek huts egin ostean, Espainiako Diputatuen Kongresuarekin haserre baina erabakia ulertu nahian zebilen atzo Sanz. «Espero dut PSOEren ezezkoa jarrera politikoagatik izatea, eta etorkizunean, hobeto pentsatuta, erabakia aldatzea; bestela, erabakia ulertezina litzateke. Hala egingo ez balute, Nafarroako Gobernuak beste zerbait egin beharko luke hori ikusita». Harrituta zegoen Sanz. «Zaila da ulertzen Nafarroaren interesak Madrilen interesen mende egotea eta finantzaketan eskatzen dugun berdintasunari kasurik ez egitea».

Sanzen kritiken artean, Purasek ere hitz egin zuen atzo. «Egitasmoa finantzatzeko ekimenak bere bidea aurkitu beharko du noizbait, AHT egiteko proiektua ezinbestekoa baita. Horregatik, finantzatzeko bidea berehala konpontzea ezinbestekoa da».

Sozialisten jarreraren inguruan ere hitz egin zuen Purasek. «Sozialistak, behin eta berriz, egitasmoa garatzeko lanean ari dira, baina orain arte kudeaketek ez dute emaitza onik eman». Baina, euren kolkora begiratu gabe, Nafarroako Gobernuari bota zion Purasek errua. «Nafarroako Gobernuak izan duen jarrerak ez dio prozesuari batere lagundu. Etengabe Espainiako Gobernuarekin liskarretan dabiltza, Espainiak Nafarroari ez diola kasurik egiten salatuz».

UPNri aholku txiki bat ere eman zion Purasek atzo. «Nafarroak, bere egoera ekonomikoa eta azpiegiturak ikusita, errealista izan behar du. Eta, neurri berean, errealista izan behar du Nafarroaren eskubideak defendatzeko orduan Espainiarekin dauzkan harremanei erasotzen dienean». Harreman hori indartu egin behar dela azpimarratu zuen. «Etengabeko jazarpena alboratuta eta leialtasunez jokatuz gero, kudeaketa guztiak askoz ere eraginkorragoak izango lirateke, bai Nafarroako Gobernuarentzat eta baita Espainiakoarentzat ere».