Adunako desjabetzak suspendiduta

Ekainaren 10ean egin zen ezinbesteko desjabetzen espedientea. BOEn, ordea, ekainaren 26an kaleratu zen. Ohiturari jarraituz, ahal den informazio gutxien eta azken momentukoa izan da, eta uztailaren 9rako izan zen deia. Akten Altxamendua berez, Okupazio Tenporalak gauzatzeko asmoarekin zegoen deituta Nahitaezko Desjabetzen prozesu bera jarraituz. Zenbait irregulartasun aurkitu dira desjabetuen zerrendan; besteak beste, partzela baten jabe gisa ageri zena ez zen berez partzela horren jabea. Nahiz eta jabe horrek behin eta berriz jakinarazi irregulartasun hori eta alegazio batean ere jakinarazi, oraindik ez dute zuzenketarik egin.

Egindako deialdian esan bezala, goizeko 8:30etan kontzentrazioa egin da Adunako udaletxe aurrean “Denok gara kaltetuak” lelopean. Plazan ertzain asko bildu dira, bai eta herrira igotzeko sarreretan ere. Bertan bildutako jendea bideoz grabatzen aritu dira.

9:00etan, Sustapen Ministeriokoak agertu dira, 7 bat lagun, ertzainez inguratuta. Udaletxearen arkupean sartu, eta atea itxita zegoela ikusi dute. Zenbait minutuz bertan egon ondoren, kortxoan agiri bat utzi dute. Agiri horretan jartzen zuenez, gaurko akten altxamendua suspendituta geratu da, eta espedienteak erasandakoei deialdiaren egun eta leku berria jakinaraziko diete.

Momentu honetan, Adunari dagokion proiektua, Zizurkil-Urnieta zatiaren proiektua, Oinarrizko Proiektuaren atalean aurkitzen da eta itxura denez, orain arteko guztia Proiektu Konstruktiboa egin ahal izateko sondeoak gauzatzeko da.

Dagoeneko Tolosaldean badaude Proiektu Konstruktiboaren atalean zenbait zati, baita eraikitzen ere. Eraikitzen ari diren zati horrek geldialdiak izan ditu, inongo azalpen zehatzik eman gabe. Dugun informazio eskasaren arabera, diru gabezia da geldialdi horren arrazoia. Era berean, aipatu beharra dago berriz obrak egiten hasi direnean, zubi bat lurrera bota dutela, eta, hori dela eta, inguru horretako bizilagunek obretatik barrena joan behar izan dutela etxera, jakinik obretako bideak egoera oso txarrean daudela.

Tolosako zati horren antzera, Goierriko bost tokitan obrak egiten ari dira dagoeneko. Aste honetan, ekintza bat gauzatu da Itsasondoko tunelaren inguruan geratzen diren meategietan, Goierriko bost zati horietako batean. Salatzekoa da meategietan sartu diren ekintzaileek jasan duten egoera, tunelean leherketak egiten aritu diren bitartean. Barruan egon direnak ez ezik, etorkizunean trena egiten bada tren horretan ibiliko direnek ere arrisku bera izango dute, tunelak ez baitaude batere seguru. Eraikuntza proiektuan meategietako batek 90 metro dituela ageri da, baina berez 200 metro ditu, eta tunelaren pareraino iristen da ia-ia.

Etiqueta(s):