Bide erreak, ingurabideak, norabide eza eta bidegurutzea

Neska Saharaui batek Suedian ikusi zuen, liluratua, elurra estreinakoz. Harrigarria iruditu zitzaion. Bertakoak ere harridura handiz saiatzen ziren imajinatzen neskaren bizimodua bere herrialde urrunean. „Nola aurkitu dezakezue norabidea basamortuan, errepideak izan gabe? „ galdetu zioten neskari. „Eta zuek, nola aurkitu dezakezue bidea hainbeste errepide izanda?“ galderantzun zien gazteak.

Euskal Herriak aspaldi galdu du iparra lurraren artifizializazioari dagokionez. Gure lurra, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan errepidez eta hormigoiez  dago josita. Gure paisaiak desagertzen ari dira asfaltoak zanpatuak eta lurraren fisonomia aldatzen ari da. Larre berdeak, baso mixtoak, errekak, ibaiak, akuiferoak eta mendi magalak biaduktoek, basamortu koloreko lubakiek, zubiek, tunelek eta  hormigoi zutoin erraldoiek ordezkatzen dituzte. Nola aurkituko dugu bada gurea hainbeste bideen artean?

Baserri lurra abiadura handiz ari da desagertzen. Bailara emankorrenak aspaldi izan ziren hormigonatuak industrialdeak eratzeko eta gaur bizirik geratzen den nekazal lur aberatsa oso egoera larrian dago. Gaintxurizketan egin nahi duten plataforma logistikoak, adibidez, 180 Ha. nekazal lurra desagerraraziko luke eta 22 etxalde eta etxebizitza  betirako suntsituko lituzke porlanak. Hau al da belaunaldiz belaunaldi lurra zaindu eta landatu dutenek merezi duten ordaina? Bertako baserritarrei ezker mantendu dira larreak, landak, bailarak, errekak, zuhaitzak, eta landare, sastraka eta mota guztietako animaliak bizi dira beraiek txukundutako ekosisteman. Hau dena hormigoiz gainezka da etorkizunerako nahi dugun fisionomia Euskal Herrirako?  Halaxe bada, bihotzgabe bilakatu gara.

Baina herria esnatzen ari dela dirudi. Pasaiako kanpo kaiaren mehatxua gainean duten herriek, “superporturik ez” osenki esatera ausartu zen formazio politiko bakarrari eman diote botoa. Ausartuko al da Lucio Hernandok “Pasaiako auzokideen gehiengo bat superportuaren alde dago, baina aurkakoek zaratatsuagoak dira”berriro esatera? Nola zurituko du demokratikoki kanpo kaiaren alde egitea  hemendik aurrera hauteskundeen emaitzak ezagutuak?

Oso esanguratsua izan da alderdi “demokraten” erreakzioa Bilduk Gipuzkoan eskuratu duen garaipen itzelaren aurrean. BILDUrtuak daudela dirudi. “Euskadi geldiarazi nahi dute”, “erdi arora itzularazi nahi digute”, “Ezin dugu onartu Gipuzkoarekiko estratejikoak diren egitasmoak kolokan jartzea” errepikatzen dute etengabe. Herriaren gehiengo esanguratsu batek bere onespena eman dio “hormigoirik gabeko egitasmo erraldoiak” aldarrikatu duen koalizioari. Ez al du uzten honek agerian herria heldua dela eta gezur narkotikoen gainetik badakiela AHT, Superportua eta abar gutxi batzuen negozioetarako soilik direla estratejikoak?

Gelditzea ez da hain txarra daramagun norabidea okerra dela kontutan hartuz. Orain arte hartutako bideak erretak daude, ezin dugu erepikatu huts egiten duen eredua. Estatuak Abiadura Handiko km. gehien duen estatua munduan izan arren langabetuen kopuru handiena ere badu Europan. Erdi arokoak dira AHTren tajoan lanean ari diren langile inmigranteen lan baldintzak.  Erdi Arokoa da 10.000.000 euro diru publikoarekin ordaintzea  pertsonen oinarrizko beharren lepo. Hauek bai, herrialde atzerakoi baten jokabideak!

Alba Ricoren ipuin batean familia batek bi urte eman zituen M30 atrapatuta, ingurabidetik ateratzeko bidea aurkitu ezinik. Horrela bukatu nahi al dugu guk ere, aurrera baina nora goazen jakin gabe etengabe bueltak ematen ? Edo hobe dugu bidegurutzean gaudelaz baliatu hausnarketa sakonak eta jendarte eztabaida jukutsuak eramango gintuzkeen norabidea hartzea? Arrasaten egonen gara larunbatean.

Por zierto, Suedian ez dago AHTrik.

Beatriz Arana Bidasoa Txingudiko AHTGelditu!-ren kide

Etiqueta(s):