Gipuzkoan azpiegitura lan handiak geldiaratzeko mobilizazioak

Hainbat egitasmo erasokorren aurkako herri mugimenduek eta taldeek ekimen bateratuak bultzatu dituzte. Otsailaren  4rako manifestazioa deitu dute Donostian
Egitaraua - Deitzaileak - Gatazkak. Castellano
Hainbat proiektu eta azpiegitura-lan erasokorren oposizioan eta herritarren ongizatea nahiz ingurumenarekiko errespetua ardatz izango dituen ereduaren alde lanean urteak daramaten herri mugimenduek eta taldeek Gipuzkoan elkarrekin herri-mobilizazio dinamika berria abian jarri eta azpiegitura-lan handiak gelditzeko eta garapen ereduaren aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzeko manifestazio bateratua deitu dute, otsailaren 4an Donostian. Herri mugimenduen baterako ekimen honek herritarren presioari eta jendartearen mobilizazioari dei egiten die, hain zuzen ere ingurumenean, ekonomian eta gizarte arloan kalte larriak eragiten dituzten era guztietako azpiegitura-lan handien alde presionatzeko azken hileotan Gipuzkoan egiten ari diren kanpaina politiko eta mediatikoari erantzuteko: tartean daude AHTa, errauskailua, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko Metroa, Hondarribiako aireportuaren hedapena, Zubietako makro-espetxea, ingurabideak, e.a. Horrenbestez, uneotan herritarrek presioa egiteak duen garrantzia azpimarratu eta jendarte osoari mobilizatzeko deialdia egin nahi diogu: batetik, gure lurralde aski hondatuan eragiten duten makro-proiektuak geldiarazteko; eta bestetik, egungo garapen-eredua aldatzeko atzeraezina den hausnarketa-aldi bat ireki dadin ezinbestekoa den indarra egiteko.
Izan ere, gure ustez funtsezkoa da egungo garapen-eredua aldatze aldera, orain arte inoiz burutu ez den gizarte eztabaida hori bultzatzea. Argi baitago aurkakotasun zabala sortu duten azpiegitura polemiko horiek ez direla herritar bati ala besteari modu isolatuan kalte egiten dioten gertakariak. Garapen eredu baten parte dira eta bere osotasunean hartuta zalantzan jarri behar da.  Gauzak horrela, bizi dugun abagunean eta baita krisialdi ekonomikoaren ondorioz ere, azpiegituren inguruko eztabaida berriro piztu da. Horregatik, “GIPUZKOA DESBERDIN BATEN ALDE, JENDARTE EREDUA ALDATU: AZPIEGITURA-LAN HANDIAK GELDITU!” lelo eta aldarrikapen amankomunarekin bat egin dezaten dei egiten diegu herrietako biztanleei eta talde guztiei, herri mugimenduei, erakunde sozial, ekologista, sindikatu, indar politiko eta udal guztiei. Denon parte-hartzea eta sostengua beharrezkoak izango dira mobilizazio honetan.  
Bistakoa da; Gipuzkoa lurralde txikia da. Baina industria-garapen handiak eraginda, azpiegituren hedapen izugarria jasan du azken urteetan izandako hazkunde eta globalizazio ekonomikoaren aroan. Azpiegituren hedaketa horrek, lurraldea neurrigabe hiritartu eta metropolizatzera darama. Ez hori bakarrik; ingurumen naturalari eraso gogorrak, landa-guneen eta nekazaritzako lurren galera, ingurumena gero eta gehiago artifizializatzea, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa, aldaketa klimatikoan eragin handia, eta oro har, narriadura ekologiko nabarmena eta bertako herritarrengan eragin kaltegarriak sortu ditu. Kalte horiek ezin dituzte hala-nolako irudi-kanpainek eta lorategiz hornitzeko lanek ezkutatu.
Aldi berean, aipagarria da egitasmo handi horiek azken urteotan herritarrengan desadostasun zabala eta gatazkak sorrarazi dituztela. Gainera, nozitutako gardentasun ezak eta gizarte-eztabaida parte-hartzaileen gabeziak, arazoak areagotu besterik ez dituzte egin. Izan ere, azpiegitura-lan handiak eraikitzeko egitasmo horiek modu inposatzailean sustatu dira eta ez dute erabakiak hartzerakoan herritarren eta kalteturiko udalerrien parte-hartzea kontuan hartu.
Azkenik, azpiegitura-lan handietan eginiko diru-baliabideen xahuketak eta inbertsio itzelek nolako zulo ekonomikoa utzi duten azpimarratzekoa da. Azken aldian, ia egunero eman dira argitara inolako errentagarritasunik ez duten hainbat herri-lanekin egin diren gehiegikeria eta “pelotazoak”. Zinez, azpiegitura handien defentsa ofiziala erretolika hutsezko “interes orokorra”ren izenean egin da, baita errentagarritasun sozio-ekonomikoari eta enpleguaren sorrerari dagozkien hipotesi faltsuen gainean ere. Lanpostuei begiratuta, esaterako, Euskal Herriko lan-hitzarmenetatik kanpoko kontratuak izan ohi dira: 12 orduko lanegunak eta lan-segurtasunik gabekoak. Langile ugari hil da baldintza txar hauetan.
Bide batez, azpiegiturei emandako lehentasunak gastu publiko izugarria ekarri du. Politika xahutzaile honek  zorpetze larria eta ingurumen ondareak hipotekatu ditu. Azken batean, enpresa-interes jakin batzuei mesede egitearren hainbat gizarte-premia alboratu dira; ez dago dirurik ezinbestekoak diren hainbat eta hainbat ekonomia, gizarte eta kultur arloko beste jarduerentzat. Prozesu hauek ondorio sozial oso larriak ekarri dizkigute jadanik; eta  ondorio horiek are larriagoak izango dira etorkizunean, norabidez aldatzen ez badugu, gainean daukagun krisialdi ekonomiko sakona kontuan hartuta.   
Testuinguru honetan, ez da harritzekoa azpiegiturei buruzko eztabaida berriro zabaldu izana.  Azpiegituren arloko politikak jendartean desadostasun handia sortu eta herentzia gatazkatsua uzteaz gain, gizarte behar askori erantzuteko baliabiderik ez dago. Horregatik, azpiegitura lan-handien inguruan nagusi zen aho-bateko adostasun instituzionala pitzatu egin da, egoerak eztabaida horretara derrigortzen baitu. Eta gure ustez, garapen-eredua aldatze aldera orain arte inoiz egin ez den eztabaida sozialari ateak irekitzeko aukera dago.

Alabaina, azpiegitura handiak  etengabe eraikitzen tematutako eta ohiko politika desarrollistara moldaturiko klase politikoaren erreakzioa berehalakoa izan da. Honi dagokionean, zenbait ordezkari politikok aldarrikapen sozialak insituzioetan neutralizatu eta blokeatu nahi dituztela salatzen dugu. Azpiegituren aferan dauden interes ekonomiko eta pribatu itzelen sostengatzaile dira, inolako aldaketarik nahi ez dutenak. Gipuzkoako lurraldearen gainean proiektu txikitzaileen presioa mantendu nahi dute, beste behin ere egite kontsumatuen politikari eutsi eta makro-proiektuak ezartzen jarraitzeko asmoz.
Egoera honen aurrean, herri mugimendu gisa independentziarekin eta erabakitasunarekin ekitea dagokigu. Egitasmo horiek geldiarazteko, herritarren ekimena eta mobilizazioa bultzatuta. Edonola ere, erantzun guztiak instituzioetan daudela sinestea okerra litzatekeela badakigu. Gure ustez, lorpenak inoiz erdiestekotan, lehenik eta behin jendartearen kontzientziaren eta ekimenaren emaitza izango baitira. Hortaz, azpiegitura-lan handiak eta proiektu txikitzaileak gelditzeko borrokari eutsi behar diogu, lurraren defentsari eta garapen ereduaren aldaketari zor zaien garrantzia  behin eta berriz azpimarratuta.
 
Gure lurraldean eragiten jarraitzen duten gizarte eta ingurumen gatazkak:
            Zentzu honetan, gure lurraldean eragiten jarraitzen duten era askotariko gizarte-ingurumen gatazkei buruz ohartarazi behar dugu:
- Azken urte hauetan herritarren artean eztabaida sortu duen proiekturik baldin badago, hori AHTarena da. Gure herrian inoiz egin den azpiegiturarik handi eta garestiena da. Herri honen orografia eta eragin ekologikoa, azpiegitura beharrak, kostua eta ibilbidea arrazoitzat hartuta, milaka izan dira proiektu honen aurka argi agertu diren euskal herritarrak. Bestalde, bistan denez, azpiegituren alorrean, Jaurlaritzaren  apustu  instituzional nagusia izan da. Gaur egun arte obretan egindako gastua, egitasmo osoan egin beharreko guztiaren % 15-20 da gutxi gorabehera. Herritarren aurkakotasun eta zalantza  orokor hau eta gaiaren kudeaketan eztabaida sozialik egon ez izana, bada nahikoa arrazoi, obrak gelditzeko eta herritarrei hitza emateko.  “Euskal Y”-aren obrekin jarraitu beharrean,   garaia da gelditzeko. Krisi ekonomiko egoera larri baten aurrean egonik ere, Jaurlaritzak 2012an AHTren Gipuzkoako zatirako 380 miloi euro bideratuko ditu ordea. Aldi berean, gastu sozialen murrizketa gogorrak iragarri dituen bitartean. Ez da da ulertzekoa ez eta onartzekoa ere.
- Hondakinen errausketa oso kutsakorra, garestia eta xahutzailea da. Hondakinen sorrera gutxitu ordez, arduragabekeriaz erabili eta botatzeko produktu berrien ekoizpenak lurrari egiten dion kalteaz axolagabetzea dakar. Zubietako errauskailua dela eta, Usurbilgo Itunak eta herri-mugimenduek eskatutako luzamenduak obrak behin-betiko geldiaraztea ekarri behar du. Gipuzkoa osoan, geroz eta udalerri gehiagotan atez-ateko sistemaren bidez hondakinen gaikako bilketa sustatu beharko litzateke, eta gaur egungo zabortegi kutsakorrak ixteko aukera ekarriko duen Zero zabor ereduaren garapena bultzatu. Horrela, hondakinen prebentzioa, birziklapen erreala eta kudeaketa arrazionalago baten aldeko apustua egingo da.
- Jaizkibelgo superportuaren egitasmoa Gipuzkoako kostaldearen aurka burutu nahi duten atentatu ekologiko bortitzena litzateke. Eraikuntza-enpresen eta energia-sektoreko enpresen interesak defendatzen ari dira superportuaren bultzatzaileak, eta bere horretan tematuta jarraitzen dute. Ondorioak, balio goreneko ingurune paregabea suntsitzeaz gain, kostu ekonomiko itzela eta Gipuzkoako gune populatuenetako bat zulo beltz batean bilakatzea lirateke: ondasun kolektiboak, natur baliabideak zein lurzoru publikoak pribatizatuz eta kalteak (ekologiko-ekonomiko-sozialak) gizartearen bizkar utziaz. Superportuari atxikitako Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoak, berriz, balio handiko 180Ha nekazaritza-lur suntsituko lituzke, beharrezkoak ditugun tokiko nekazaritza eta elikadura subiranotasuna etorkizunik gabeko hormigoiaren azpian kondenatuz.    
- Donostialdeko LZP-PTPak bultzatutako azpiegitura plan beldurgarria ezin da ahaztu. Oiartzungo bailaratik barrena Iparralderaino AP-8 autopistaren lerro berria, Irungo Olaberrian izugarrizko plataforma logistikoa eta zentral termiko bat jartzeko egitasmoak. Astakeria honen aurkako alegazio kopuruak marka guztiak hautsi zituen.
- Zubietan, errauskailuarentzat gordetako kokapenaren ondo-ondoan, makro-espetxea eta poligono logistiko-industrial erraldoia eraikitzen ari dira.
- Azkenik, bat gatoz aurrez aurre ditugun ingurumen-gatazka berrien larritasunaz ohartarazten ari diren ahotsekin: besteak beste, Nafarroatik eta Bizkaiatik Ezkio-Itsasoraino tentsio handiko lineak eraikitzeko proiektuak daude, Araban gasa Fracking izeneko teknikaren bidez ustiatzeko plana, eta  DOT-Euskal Hiria lurralde-antolamenduaren gidalerroak berehala berraktibatzeko Jaurlaritzak dituen asmoak. Guzti-guztiek, ekologikoki jasangaitza den eta sozialki zalantzan jarritako eredu desarrollista eta neoliberala  babesten dute.
Ondorioz, pertsona guztiak gara kaltetuak; bai egitasmo batek edo besteak berariaz sortutako kalteengatik; eta bai denek batera osatzen duten ereduarengatik ere.
 
Manifestazioaren aurretiko ekimenak eta jarduerak:
            Hori denagatik, azpiegitura-lan handiak gelditzeko eta ereduaren aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzeko egingo den ekimen honekin bat egiteko dei egin nahi diogu gizarte osoari. Mobilizazio dinamika honen harira, urtarrilean zehar Gipuzkoako udal askotan azpiegitura-lan handiak gelditzearen aldeko mozioak aurkeztuko ditugu, kalteturiko inguruneetara martxak egin eta mahai-inguruak eta eztabaidak antolatu (ikus antolatu diren ekintzen egitaraua, azken orrian). Horrez gain, aldarrikapen hauek lantegi, ikastetxe eta kalera zabaltzeko dei egiten dugu. Eta ekimen hauen buruan, manifestaziorako deia egiten dugu, Osailaren  4an, larunbatarekin, Donostian, arratsaldeko 17’30etan Boulevardetik abiatuta. Ahalik eta jende gehien biltzea behar-beharrezkoa izango da, hori baita, azken batean, eguneroko lan iraunkorrarekin batera, gure helburuak lortzeko bide bakarra.
 

Deitzaileak:
AHT Gelditu! Elkarlana:. Tlfnoa: 657705677 / 695715510. ahtgelditu@ahtgelditu.org
Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea:
Tlfnoa: 606180650. lasarteoriabizirik@yahoo.es
Jaizkibelgo Superportuaren aurkako taldea: Tlfnoa: 660847906. Itaka-23@hotmail.com
EHNE: Tlfnoa: 943-653590. eneritz.ehne@gmail.com.        
AHTren Aurkako Asanblada: Tlfnoa: 648821759. ahtezhernani@gmail.com
PTPren aurkako Oiartzungo taldea: Tlfnoa: 6098101712. kepaola@telefonica.net.
Mutriku Natur Taldea: Tlfnoa: 635727267.Txanbolin@gmail.com.
Gipuzkoa Zero Zabor: gipuzkoazz@gmail.com

Sostengatzen dute:
Deialdia zabalik dago sostengua eman nahi dioten mugimendu eta erakundeen atxikimenduak jasotzeko. Orain arte honako sostengu hauek jaso ditu:

15-M, Ekologistak Martxan, Eguzki, Azpikola Berreskuratu taldea, Haritzalde Naturzaleeen Elkartea, ESK, LAB, CNT,CGT-LKN, Alternatiba, Ezker Abertzalea, Antikapitalistak, Gorripidea, Ezker Anitzak-IU, EPK-PCE, Aralar, Lizargorri Taldea, Iratzarri
 
 
Urtarrilak 13-Otsailak 4 bitarteko Ekintzen Egitaraua /

Programa de Actividades organizadas del 13 de enero al 4 de febrero:
 

Oarsoaldean, Donostialdean, Tolosan eta Debagoienan ekintzak antolatu dira.
 Actividades organizadas en Oarsoaldea, Donostialdea, Tolosa y Debagoiena en el marco de la iniciativa.
 
Urtarrilak 13 Ostirala: Donostiako Kortxoenea Gaztetxean:
“JENDARTEAREN AHITZEA”, Pablo Sastre idazlearekin solasaldia. 7etan.
 
14 Larunbata: Herri eta auzoetan:
“AHT=4.790 euro/pertsona bakoitzeko”. BILLETEAK ZIGILATZEKO EGUNA
 
15 Igandea: Proiektu txikitzaileen aurkako MENDI MARTXA:
Lasartetik Zubietamendi eta Buruntzara (Makroespetxea, Errauskailua, Buruntzaldeko Harrobiak, AHT). IRTEERA: 10etan Lasarteko Okendo plazatik. Iraupena: 4 ordu oinez. BIDEAN ELKARTZEKO: 11’30etan: Oriako elizan. 14’00-15’30: BAZKARIA Buruntzako San Roke aterpean (salda eta sutondoa) (Janaria eraman). 16’45etan: Trikitilariekin KALEJIRA Oriako elizatik Lasartera. AMAIERA: 17’00etan Lasarten
 
17 Asteartea: Lezoko Gesala aretoan:
BASERRIAREN ALDE, “Txoriak egozenian” zinema-dokumentala eta
Josu Gil EHNEko kidearekin solasaldia. 7’30etan.
 
18 Asteazkena: Tolosako Kultur Etxean:
“Errauskailurik EZ!” hitzaldia  Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Herri Plataformen koordinadoraren eskutik. Arratsaldeko 7etan.

18 Asteazkena: Donostiako Okendo Kultur Exean:
“GAS FRACKING”. Charla informativa a cargo de Gorka Menendez y de la Asamblea contra la Fractura Hidraúlica de Cantabria. 19'00h.

19 Osteguna: Tolosako Kultur Etxean:
“AUTOPISTA ELEKTRIKOA KEZKA ITURRI”. Bideo emanaldia. 7etan.


21 Larunbata: Tolosan AHTren aurkako MANIFESTAZIO BURRUNBATSUA 12’30etan Triangelu plazatik. “XAHUKETARIK EZ! AHTrik EZ!”

25 Asteazkena: Oreretako Xenpelar Etxean: “LURRA, ZORUA BAILITZAN”, liburuaren aurkezpena eta solasaldia Iñaki Petxarroman kazetariarekin. 7’30etan.
 
26 Osteguna: Donostiako Udal plenoan ELKARRETARATZEA (arratsaldean).

26 Osteguna: Andoaingo Urigainen:
Hitzaldia Azpikola harrobi zaharrarekin azken urtean gertatutako gatazka plazaratzeko. Andoaingo udaleko ordezkariek, kaltetu zuzenek, aholkulari juridikoak eta Azpikola Berreskuratu taldeko kideek hartuko dute parte. 7etan.

27 Ostirala: Donostiako Kortxoenea Gaztetxean:
“BORROKA SOZIALAK ETA INSTITUZIOAK”. Hitzaldia eta eztabaida, Iñaki Urrestarazu eta Ekai Txapartegiren eskutik. 7etan.
 
29 Igandea: MENDI MARTXA, JAIZKIBEL ETA GAINTXURIZKETA BIZIRIK!: Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa eta Superportuaren aurka. Irteera: 10etan Lezoko plazatik.     
 
29 Igandea: MENDI MARTXA Debagoienan, AHTak kalteturiko eremura.
Halaber, AHTak Udalaitzen eragindako kalteei buruzko mahai-ingurua antolatuko da Arrasaten.   

31 Asteartea: Lazkaoko areto nagusian: “HONDAKINEK BADUTE IRTENBIDEA”, Gipuzkoako Zero Zabor. 19?00etan. 

Urtarrilak 31 Asteartea:
-12’30etan Rueda de Prensa Local ante el Ayto. de Donosti-Donostiako Udaletxeko atarian prentsaurreko lokala: Udalbatzarra dela eta, oposizioko alderdiek azpiegituren aferan darabilten jarrera zitala-dela eta interpelatu egingo ditu Donostiako AHTren aurkako taldeak.   
-19’30etan: Concentración ante el Ayto. de Donosti-Donostiako Udalbatzarran elkarretaratzea.
-19’30etan: Concentración ante el Ayto.de Tolosa-Tolosako udaletxearen aurrean kontzentrazioa (azpiegitura-lan handiak geldiaraztearen aldeko mozioa eztabaidagai)

Otsailak 1 Asteazkena:
-18’30etan: Rueda de Prensa en Arrasate-Prentsaurreko lokala Arrasateko Kulturaten.
-19’00etan: Mesa Redonda - Mahai-ingurua Arrasateko Kulturaten: “Udalaitzen geroa”.
-19’00etan: Lasarteko Villa Mirentxun, Charla-Hitzaldia: “Por un cambio del modelo social en Gipuzkoa, No a las grandes infraestructuras”, Mikel Alvarez (AHTren aurkako mugimendua) eta Xabi Herrera (Lasarte-Oria Bizirik) kideen eskutik. 

Otsailak 2 Osteguna:
-11’30etan Rueda de Prensa Central ante la Diputación de Gipuzkoa-Prentsaurreko nagusia Gipuzkoako Diputazioaren atarian: “Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte-eredua aldatu: Azpiegitura-lan handiak gelditu!”

Otsailak 2 Osteguna: Donostiako Okendo Kultur Etxean:
“ LA MACRO-CARCEL DE ZUBIETA”. Mesa Redonda con Cesar Manzanos (Salhaketa), un representante municipal de Donostia y Jose Maria Larrañaga (asociación “Arrats” de apoyo a presos/as). 19’00h.
 
Otsailak 3 Ostirala: Donostiako Rekalde tabernan:
ANTZERKIA, “A punto de ebullición”, Iñaki Cendreroren eskutik. Gaueko 9’30etan.

Otsailak 4 Larunbata: MANIFESTAZIOA Donostian, arratsaldeko 5:30etan Boulevarretik.