AHT Gelditu! movilización nacional. Cadena humana Hernani 2-junio

Ekainak 2 larunbatean, AHT GELDITU! Elkarlanak mobilizazio nazionala deitu du Hernanin “Euskal Y”-aren eraikuntza-lanek kalteturiko eremuan giza-kate bat eginez ekonomian, jendartean eta ingurugiroan kalte larriak eragiten ari den makro-proiektu hori geldi dadin aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldeko 17:00etan Hernaniko Osinaga auzoko Elorrabi sagardotegiko aparkalekutik abiatuta egingo den mobilizazio honetan parte hartzeko dei egiten diegu AHTren aurkako iritzia duten pertsona eta erakunde guztiei.

Komunikatua - Plano gida - Bideo

Baita Hitzaldi zikloa.

Giza katera deitzeko egindako prentsaurrean emandako azalpenak ahotsez Zintzilik irratiari esker:

Urumea inguruko kalteen azalpena 1


Urumea inguruko kalteen azalpena 2


Urumea inguruko kalteen azalpena 3


Urumea inguruko kalteen azalpena 4


Urumea inguruko kalteen azalpena 5


Urumea inguruko kalteen azalpena 6

Hain zuzen, herriaren erdialdetik 2 kilometrotara dago AHTren obrak kalteturiko Elorrabiko erribera hori, eta bertan, AHTa salatzeko egun berean herrian antolatu den Urumeako ibaiaren jaitsierari babesa emateko ibaiertzean 15:30etarik aurrera egingo den elkarretaratzearen ondoren, 17:00etan abiatuko da AHTak Hernaniko Osinaga auzoan kalteturiko sagagardotegi eta baserri lurrak bidez-bide inguratuko dituen giza-katea. Hortaz, ahalik eta herritar gehien mobilizazio egun honetara biltzeko dei egiten dugu, AHTren eraikuntza-lanek Urumea bailarako bazter hauetan eragiten ari diren hondamena bertatik bertara salatzeko eta proiektu txikitzaile honen aurkako herritarren errefusapena adierazteko. Egun honek, bestalde, protestan parte hartzeko aukera desberdinak emango ditu, bai Hernaniko AHTren aurkako taldeak deituta Ereñozutik goizeko 11ak aldera abiatuko den Urumearen jaitsierara bilduz eta bai arratsaldeko 17:00etan Elorrabitik abiatuta AHTren obrak kalteturiko ingurura egingo den giza-katean parte hartuz. Oinezko martxa hori Karabelgo zubian amaituko da, eta hor ibaiaren jaitsierako baltseroek egingo duten kalejirarekin elkartuta, herri-gunean AHTren aurka manifestatuko gara.

Ekainaren 2an mobilizatzeko deialdia egitearekin batera, AHT GELDITU! Elkarlanak gogor salatu nahi du Gasteizko, Iruñeko eta Espainiako Gobernuek, murrizketa sozial izugarriak pairatzen ari garen une honetan, 831 milioi euro inguru xahutu asmo dutela aurten AHTren lanetan: horietatik 695 milioi euro “Euskal Y”-an eta beste 136 milioi euro Nafar Korridorean. Hots, jendarteak dauzkan behar ekonomiko, sozial eta kulturalak aintzat hartu gabe eta ingurumenari izugarrizko kaltea eraginez, “inbertsio” publikoa delakoaren osoaren %60 baino gehiago AHTren obran alperrikaltzera doaz. Esan nahi baita, gutxi axola zaizkiela murriztuak izaten ari diren edota zuzenean bete gabe gelditzen ari diren behar sozialak, etxebizitzari, hezkuntzari edota osasunari dagozkionak, baita bizi garen lurralde aski hondatuan AHTren lanekin eragiten ari diren itzulerarik gabeko kalteak ere. Era eskandalagarrian, geroz eta handiagoa da AHTren lanetan egiten den gastua eta egitasmo honen “arrakasta” eraikitzen ari diren kilometroen kopuruan neurtzen dela ematen du besterik gabe, gobernuek krisiaren kostuak sektore herrikoien bizkarretan kargatzen dituzten eta eguneroko bidegabekeriak gogortzen doazen bitartean. Horregatik, gobernuek AHTan egiten ari diren baliabide publikoen xahuketa itzel hori salatzen dugu, ingurumenari kalte latzak eragiteaz gain jadanik ondorio sozial oso larriak ere ekarri dituelako berekin, egitasmo erraldoi horren funtsezko izaera anti-soziala, anti-ekologikoa eta xahutzailea ageriagoan jarriz.

Horrenbestez, AHT GELDITU! Elkarlanak berriro dio arrazoi asko dagoela egitasmo honen obrak gelditzeko eta AHTa sekula abian jarri behar ez den munstrokeria bat dela esateko. Besteak beste, “Euskal Y”-aren errentagarritasun ekonomikoa eta AHTren erabilgarritasun soziala hutsak izateaz gain, jendartean inolako adostasunik eta zilegitasun publikorik gabeko azpiegitura handi horren eraikuntzak eta funtzionamenduak zuzenean kalteturiko herrien ingurumenari eta bizi-kalitateari eragindako kalte latzak azpimarratu behar dira. Honi dagokionean, AHTren eraikuntza-lanek lurraldearen kudeaketan herrien eta udalen subiranotasuna zeharo zapuztuz nola aurrera darraiten ikustea baino gauza iraingarriagorik ez dago: Hernaniko udalerrian, kasu, AHTren inpaktu bortitza dela-eta Urumea bailaran eta Onddi-Adarra mendi magalean ongi kontserbaturiko nekazaritzarako lur-eremuak eta baserrialdeak duela zenbait astez geroztik erabat degradatuak izaten ari dira. Horregatik guztiagatik, Elkarlan honek AHTren zentzugabekeria ekologikoa, soziala eta ekonomikoa berriro ere salatu eta berori geldiarazteko borrokarekin aurrera segitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du. Izan ere, AHTren aurkako erantzuna gure ustez etorkizunari begira egindako apostu bat ere bada, hain zuzen ere ekologikoki jasangaitza den eta sozialki geroz eta gehiago zalantzan jartzen ari den egungo eredu ekonomiko eta sozialaren eraldaketa sakon baten alde egindako apostua. Hau da, auzi honetan gure herriarentzat nahi dugun garapen-ereduaren, lurralde antolaketaren eta, azken batean, jendarte ereduaren giltzarrietako asko gordetzen dira. Eta ondorioz, gaur egun sistema kapitalistaren aurrean bestelako alternatibak eraikitzeaz eta euskal herritarrek beren etorkizunaren gainean erabakitzeko duten gaitasunaz zuzenki geroz eta gehiago hitzegiten denean, ezin dugu ingurumenean eta gizartean dituen eragin bortitzengatik eta bere kostu ekonomikoen tamaina itzelarengatik gure herriarentzat edonolako gizarte eta ekonomia eredu alternatibo hipotekatzea dakarren megaproiektu horren inposizioa onartu. Hori denagatik, ekainaren 2an Hernanin AHTren obrek kalteturiko eremura egingo den mobilizazioan parte hartzeko dei egiten dugu.
Hernaniko Giza katerako plano gida lagungarria

Etiqueta(s):