Abesse okupatuari sustengua Landesetan AHTa gelditzeko

Abesseko kanporatzea gelditzea Akitanian AHT-a gelditzea da.

Landesetako Saint-Paul-les-Dax herrian AHTko ibilbidearen barnean Abesse izeneko auzoa desegin nahi dute. Azken urteetan jende batzuek okupatzen dute lekua. Atzo, uztailaren 4a, kanporatzeko manua jaso dute. Hiru eguneko epean polizia etorriko zaie fueratzera. Hots, datorren astelehena Abesse okupatuaren azken eguna izan daiteke.

Baina Abesseko okupak ez daude buru egin gabe amore ematekotan. Sustengua antolatzen ari dira eta deia zabaltzen dute lagundu nahi duten jende guztia Abessera joan dadin. Abesseko okupak botatzen badituzte, Bordale/Baiona AHT bideko lehen kanporaketa izanen da. Hots, elkartasuna sekula baino beharrezkoagoa da.

Historia egin dezagun: Abbesse Saint Paul les Dax ondoko 230 hektareako auzo oihantsua da. Han, aintzin historiatik honako arrasto arkeologikoak ugari dira. XVII. mendean burdinolak hasi ziren. Abesseko burdinoletan sortu zen 1899an, Landesetako lehen sindikatoa. Han iragan ere zen Landesetako lehenbiziko greba. Langileek greba luzea egin zuten eta nagusiak haien eskaerak onartzen ez zituelako oldartu ziren. Saint-Pauleko auzapezak prefektoari salatu zion Abesseko langileria "anarkistez" osatua zela. Greba haren kontrako errepresioa oso gogorra izan zen. Langile oldarkorrenak kanporatuak izan ziren. Gizon batzuk galeretara bidaliak izan ziren. Baina lana berriz abiatu zen burdinolako nagusiordea gabe. Langileek eskaera hori bederen, ardietsi zuten.
Bestalde, ia hiru mendez burdinolako langileak Euskal Herrietatik joandakoak ziren. Izan ere, horiek famatuak ziren arozgoan eta burdin lanetan. Abesse defenditzen duten eta hango artxiboak miatu dituzten Iñaki Zubillaga eta Laurence Puyoo ikerleek Baigorri, Banka, Ezpeleta eta Zuraideko langileen jatorria atzeman dute: Michel Belenabiet, Landaburu, Pierre Mondotegi, Michel Salaberri, Pierre Daldapa... eta beste. Abesseko langileak beste biztanleetatik bereiz bizi ziren, auzoaren kokagunea dela eta. Horrela, euskaldunek euskara mantendu zuten eta lekuko biztanleek "deabrutzat" zeuzkaten.  Abesseko langileak poliziaren XIX. mendeko agirietan agertzen dira eta hauek deitzen dituzte: "brigandaille du diable" edo "brigandaille de voleraille".

Bukatzeko, Abessen zutik diraute oraindik burdinolako langile batzuen etxeak nola ere nagusiarena ala burdina urtzeko labea. Ingurumen naturala bestalde, oso aberatsa da. Oihanean haritzak pinoak eta beste daude, bai eta lintza gune oso bereziak. Landare nola animale espezie babestuak badira. Hots, ondare naturala, arkitektonikoa eta halaber memoria historikoa arrisku gorrian dira. Duela urte batzuk, golf zelaia eta etxe eraikitze proiektua atera zen. Biztanleen borrokak gibelera bota zuen eta Abesse salbatu. Baina AHTaren egitasmoak berriz mehatxatzen du. Horregatik okupazioa hasi zuten jende batzuek duela hiru urte.

  Abesseko kanporatzea gelditzea Akitanian AHT-a gelditzea da.
Denak Abesserat!

Iparretako-Ak

Etiqueta(s):