“AHT GELDITU! Elkarlana”-ren oharra aht-ren inguruko Urbinako herri-kontsultaren emaitzak baloratzeko

“AHT Gelditu! Elkarlana”-k oso positiboki baloratzen du atzo igandean Urbinako Herrian antolatu zen Herri-Kontsultaren emaitza. Inongo zalantzarik gabe, ezezkoaren aldeko gehiengo botoak argi erakusten dute Urbinako biztanleek ez dutela inolaz ere horrelako proiektu suntsitzailerik nahi. Ez hori bakarrik, ezezkoaren botoarekin bertako herritarrek gardenki erakutsi dute ez dutela inolako inposaketarik nahi. Hain zuzen ere, kezkagarria da, AHT-ren ibilbideko beste herrietan gertatzen den bezalaxe, Urbinan ere, Administrazioak orain arte proiektuaren inguruan eman duen informazioa hutsaren hurrengoa izan dela. Gainera, ez du aukerarik eman bertako biztanleak eztabaidetan parte hatzeko eta euren iritzia emateko. Hau gutxi bazen, Madril eta Gasteizko Gobernuek edozein momentutan obrak hasteko mehatxua plazaratu du.

AHT GELDITU ELKARLANA

Aldi berean, “AHT Gelditu! Elkarlana”-k animatu nahi ditu Urbinako biztanleak bozkaren bidez emandako hitza defendatzera Administrazio desberdinen aurrean, hau bait da demokrazia partehartzailearen oinarri nagusia. Eta bide beretik, ibilbideko beste herriak animatu nahi ditu Urbinako adibidea jarraitzeko.

Era berean, berriz ere, Madril eta Gasteizko Gobernuei exigitzen diegu makro-proiektu hau gelditu dezatela informazio objetiboari eta eztabaida patehatzaileari bidea irekitzeko eta guztion artean erabakitzeko zein den Euskal Herriak behar duen lurralde antolaketa eta garraio eredua, trenbidea barne.

Amaitzeko, deialdi berezi bat luzatu nahi diegu Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoei euren indarrak antolatzeko eta biltzeko AHT-ren proiektuaren aurka behar den bezalako erantzuna emateko, auzoz auzo, herriz herri eta Euskal Herri mailan. Hau izango delako berme bakarra AHT gelditzeko