AHTren aurkako mozioa Durangoko Udalean

Gaur, urriak 25, Durangoko AHT Gelditu! Elkarlanak mozioa aurkeztu du Durangoko udalbatzan. Udalbatza hasi baino ordu erdi lehenago kontzentrazioa egin dugu udaletxearen aurrean eta 40 bat herritar elkartu gara. Ondoren, batzuk udalbatzan esaten zena entzutera igo gara.

Mozioa osorik atxikitako dokumentuan daukazue, baina labur esanda, honako eskakizun hauek egin dizkiogu udalari:

- Abiadura Handiko Trenaren proiektuak aurrera egitearen aurka agertzea, eta dagokion administrazioari proiektua bertan behera uzteko eskatzea.
- Udalak desjabetze aktak ez sinatzea.
- Lanetarako beharrezkoak diren prozedura administratiboei laguntzarik ez ematea.
- Durangarron iritzia jakiteko, Udalak Abiadura Handiko Trenari buruzko herri galdeketa egitea, eta horren aurretik herritarrei benetako informazio objektiboa ematea.

Eztabaidan, EAE-ANV, Aralar eta EB mozioaren alde agertu dira guztiz eta horretarako arrazoiak eman dituzte. Halaber, AHTren aurkako argudioak azaldu dituzte eta herriari informazioa ematea eta herri-galdeketa egitea eskatu diote udalari.

EAJk ez du inolako argudiorik eman. Beste udalbatza batzuetan honetaz hitz egin duela esan du eta ez zuela errepikatuko beste batzuetan esandakoa. PP eta PSOE herriari galdetzearen aurka azaldu dira: lehenengoen arabera, demokrazian, halako erabakiak erakundeetan hartu behar dira, eta bigarrenen ustez, herritarrei hauteskundeetan galdetzen zaie galdetu beharrekoa.

Bozketaren emaitza ondokoa izan da:

Mozioaren alde, 7 boto: EAE-ANV (4 zinegotzi), Aralar (2) eta EB (1)

Mozioaren aurka, 14 boto: EAJ (7), PSOE (4) eta PP (3)

Udalbatza amaitu aurretik, eskakizunen eta galderen atalean, Elkarlaneko kide batek hitza hartu du udalbatzan aurkeztutako mozioa denen aurrean irakurtzeko. Une horretan, PPko hiru zinegotziek gelatik alde egin dute. Testua irakurri ondoren, AHTren aurkako oihuak entzun dira udalbatzan elkartu diren zenbaiten herritarren aldetik.

Durangoko AHT Gelditu! Elkarlana

Vista previaAdjuntoTamaño
mozinoa.rtf14.33 KB
Etiqueta(s):