AHT-ren aurkako Asanbladak Tren Sozialerako Sareari buruz egiten duen adierazpena (2005-01-15)

 

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Aurkako Asanbladak adierazpen hau egin nahi du Tren Sozialerako Sareari buruz:
1) AHTren Aurkako Asanbladak ez du bat egiten AHTren oposizoan egindako lana nahastera daraman ekimen horrekin. Jarrera kritikoa proposatzen dugu. Hortaz, hausnarketara begirako komunikazio kritikoa landuko dugu, iritzia sortzeko eta AHTren aurkako borrokaren helburuak argitzeko. Izan ere, jende askok egiten dituen galderak dira hauek: Zer da “Tren Soziala”? Zergatik ari gara ikusten aldi berean kanpaina desberdinak egiten ari direla?
2) Gure iritziz, plataforma horrek hartutako bideak sakoneko aldaketa ekarri nahi dio AHTren kontrako herri mugimenduari, helburuetan eta ikuspegian. AHTren aurkako oposiziotik desarrollismoaren kritika zabaltzeko eta gaur egungo gizarte eta ekonomia eredua errotik aldatu beharra agerian jartzeko egin diren ahaleginak desitxuratzea dakar. Izan ere, Tren Sozialerako Sareak elkarrizketa insituzionalean oinarrituriko estrategia bat proposatzen du, “trenbide eredua”ri buruzko negoziazioaren bidetik. Ondorioz, AHTri egiten dion kritika partziala da oso eta bere eztabaida “trenbide eredua”ri atxikia da soilik.
AHTren auzia bereizi egiten du gizarte ereduaren eztabaidatik, baita produkzio, kontsumo era, eta naturarekiko harremanen auzitik, edota herritarrek erabakietan berdintasunean parte hartzea eragozten duen gaur egungo podere politikoaren eraketaren auzietatik. Ez du bestalde zalantzan jartzen garraioen hazkundea (urteko %10ekoa da gure herrian), ezta globalizazioak eragindako merkantzien erokeriazko mugimendua ere.
3) Planteamendu horrek dituen muga eta arriskuez ohartarazi nahi dugu gaur. Horren aurrean, AHTren kontrako borroka sozialaren autonomiari eustea proposatzen dugu. Proiektu anti-ekologiko eta anti-sozial hori gelditzeko egiten ari den oposizioak batipat lurraren defentsan eta AHT egitasmoan salatzen diren desarrollismoaren eta inposaketaren arbuioan errotzen baitu bere ekintza.
4) AHTren aurkako jarreraren ikuspegitik, adierazpen hau egiten dugu beraz. Beharrezkoa da gauzak argitzea. Konfiantzarekin eta era baikorrean egiten dugu gainera.

Etiqueta(s):