Jaurlaritzak abiatutzat jo ditu AHTren Gipuzkoako lanak

BERRIA. Iñaki Petxarroman Donostia

Formalki lanak egiteko epea hasi bada ere, makinak oraindik ez dira hasi lanean Ordizia-Itsasondo zatian. Administrazio-izapideak bukatu, eta zuinketa akta egin ondoren Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan Sailak «formalki» abiatutzat jo ditu Gipuzkoako abiadura handiko trenaren (AHT) lanak. Hala, Ordizia--Itsasondo arteko zatia egiteko enpresa hautatuek duten 31 hilabeteko epea hasia da dagoeneko.

Prentsa ohar baten bidez eman zuen Garraio eta Herrilan Sailak lanen hasieraren berri. AHT Gelditu! Elkarlanak, ordea, ukatu egin zuen lanak hasi direla, eta «gezurretan aritzea» leporatu zion Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, AHT Gelditu!-ren esanetan, «hasi duten bakarra tramitazio formala» da. Horri ezin zaio esan obren hasiera, AHT Gelditu!-ren arabera.

Atzo ez makinarik ez langilerik ez zen sumatzen obrak hasi nahi dituzten gunean. AHT Gelditu! Elkarlanak jakinarazi zuen «tramite legal asko» geratzen direla oraindik lanak egiten hasi baino lehen, besteak beste, desjabetzeen inguruko informazio publikoaren epea bukatazea, egon daitezkeen helegiteak aztertu eta erantzutea, aktak altxatzea... «Beraz, gogor salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak herritarrak nahasteko erabiltzen ari den politika gezurtia».

Itsasondo eta Ordizia arteko AHT zatiak 2,8 kilometro ditu, eta ia osorik tunel baten bidez egingo da. Lau herri ukitzen ditu zati horrek: Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta. Itsasondoko Udalak (EAE-ANV) atzo adierazi zuen ez zekiela ezer, ez zuela inolako jakinarazpenik jaso. Aldi berean, azpiegitura horren inguruko «informazio gabezia» salatu zuen udal horrek.

Ordiziako alkate Jose Miguel Santamariak (EAJ) Goierriko Hitza-ri adierazi zion datorren astean emango dituztela azalpenak Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Ordizian bertan lanen egoeraren gainean. Ildo horretan, Santamariak esan zuen «laupabost» aste barru hasiko direla makinak lanean zati honetan.

Ordizia eta Itsasondo arteko lanak egiteko aurrekontua 60.290.000 eurokoa da, eta lanak Construcciones Olabarri, Guihor Estructuras de Hormigon eta Construcciones Donosti enpresek egin behar dituzte. 2,8 kilometroko tunela egiteko 250.000 metro kubo haitz aterako dituzte mendi barrutik. Bidenabar, tunelari eusteko, 100.000 metro kubo porlan erabiliko dute, 850 tona altzairu zuntz, 200 kilometro altzairu buloi eta 1.100 tona altzairu koadro metalikoetan. Sareak tarte horretan izango duen gehieneko aldapa %12,9koa izango da.

Atzo bidalitako prentsa oharrean Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen Lurranek bulegoari esker, lurra desjabetzeko prezesuetan «ia jabe guztiekin» lortu duela adostasuna. AHT Gelditu!-ko kide eta Ordiziako udaleko legez kanporatutako zinegotzi Jone Etxeberriak salatu du lurjabeak «engainu eta mehatxu» bidez ari direla sinatzera behartzen. «Gezurretan ari dira, eta jabeak ez dituzte ondo informatzen ari. Zundaketak egin dituzte, gehienak, jabeei dirurik ordaindu gabe. Jabeek ez zekiten -ez zietelako esan- euren eskubidea zela kobratzea zundaketengatik. Jabeak babesik gabe daude, batez ere EAJk gobernatzen dituen udaletan».

Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Sustapen Ministerioaren artean lortutako akordioaren arabera, Gipuzkoako AHTren lanen zati handiena (Deba-Goienekoa salbu) Eusko Jaurlaritzak eraikiko du. Gainerako guztia -Araba eta Bizkaiko zatiak- Sustapen Ministerioak eraikiko ditu. Obrak 2006ko udazkenean hasi ziren Urbinan, eta geroztik soilik Araban aurreratu dituzte.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak duela aste batzuk esan zuten martxoan abiatuko zituztela lanak, bai Gipuzkoan eta baita Bizkaian ere. Jaurlaritzak garrantzitsutzat jo du Gipuzkoan Euskal Y-aren lanak hastea, sare berria eraikitzeko urrats gisa.

«Eusko Jaurlaritzako Lurranek bulegoari esker, ia jabe guztiekin jarri gara ados»

«'Euskal Y'-aren Gipuzkoako zatia hastea sare berria eraikitzeko urrats garrantzitsua da»

eusko jaurlaritza

«Lege aldetik tramite asko geratzen dira oraindik lanak egiten hasi baino lehen»

«Gogor salatu nahi dugu Jaurlaritza herritarrak nahasteko erabiltzen ari den politika gezurtia»

aht gelditu! Elkarlana

Atzerapenak, desjabetzeak direla eta

Araban hasita dagoen zatia martxoaren 31n bukatzekoa zen, baina oraindik amaiera oso urruti dauka

I. Petxarroman. Donostia

2006ko udazkenean abiatu zituzten abiadura handiko trenaren lanak Urbinan (Araba). Urte eta erdia igaro bada ere, oraindik ere makinak ez dira hasi lanean Gipuzkoan eta Bizkaian, eta Araban ere atzeratuta daude. Arratzua-Ubarrundia eta Legutio arteko zatia da martxan den bakarra, eta, berez, amaituta egon behar zen dagoeneko. Alabaina, 2009ra arte atzeratuko da oraindik. Desjabetzeen prozesua oso konplexua gertatzen ari da administrazio ezberdinentzat, eta lurjabe askok uko egin diotela «adostasunezko akordioak» sinatzeari. AHT Gelditu! Elkarlanak aste honetan bertan salatu ditu «irregulartasunak» Arabako zatian. ÒMartxoaren 22an argitaratu zen Estatuko Boletin Ofizialean Arrazua-Ubarrundia-Legutio I tarteari dagokion nahitaezko desjabetze prozesua irekitzen zela, hala herritarrak informatzeko epea zabalduz!». AHT Gelditu! Elkarlanak salatu du informazio hori ez dagoela herritarren eskura, ez Gasteizko Udaletxean ez Espainiako Gobernuaren Gasteizko egoitzan. «Legeak herritarrek parte hartzeko agintzen dituen apurrak ere ez dituzte betetzen», salatu du AHT Gelditu!-k.

Gipuzkoako zatian lanak hasitzat eman zituen atzo Jaurlaritzak. Edonola, makinak sartu arte, oraindik aste batzuk beharko dira, desjabetzeen inguruko azken tramiteak bete gabe daudelako. Bizkaiko egunkari batek kaleratu duenez, Espainiako Sustapen Ministerioak apirilaren erdirako deitu ditu ehun bat kaltetu Legutio, Eskoriatza eta Aramaioko desjabetze prozesua amaitzeko.

BERRIA-k
Sustapen Ministerioari eskatu dio azalpena gertatzen ari denaren inguruan, baina ez du erantzunik jaso. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, ukatu du tramiteak atzeratzen ari direla, behintzat Gipuzkoako zatian: «Adostasun zabalera iristen ari gara jabeekin, eta gure aldetik, behintzat ez dago arazorik. Ez dakit Sustapen Ministerioak arazoak dituen Bizkaian».

Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (Adif) ukatu du lanetan atzerapenik dagoenik. Edonola ere, desjabetzeen prozesua Sustapen Ministerioaren eskuduntza dela, eta horretaz deus ez dakiela nabarmendu du.

AHT Gelditu! Elkarlaneko kide Jone Etxeberriak esan duenez, «presaka» ari dira administrazioak. Izan ere, lanak beste urtebete atzeratuz gero, azpiegituraren finantzazioa «kolokan» egon daitekeela uste du. «Ziur gaude ekonomikoki proiektua ez dagoela bermatuta. Beste urtebete obrak atzeratzen badituzte, bertan behera utzi beharko dituztelako susmoa daukagu».

Etxeberriak gogoratu du Europako Batasunak 118 milioi euro «baino ez» dituela agindu proiektuarentzat, 4.000 milioi euroko aurrekontutik. «Ari dira esaten kapital pribatuari irekiko dizkiola ateak Adifek proiektua egiteko. Zer esan nahi du? Diru publikotik gero eta gehiago jarriko dugula kapital pribatuaren eskuetan, interesak ere ordaindu beharko ditugu-eta».

«Guk ez dakigu ezertxo ere»

Abiadura handiko trena euren lurretatik pasatuko dela baino ez dakite zenbait lurjabek; salatu dute Administrazioaren informaziorik ez dutela.

ainhoa sarasola

Egitasmoaren arabera AHT euren lurretatik pasako dela jakin badakite zenbait lurjabek. Baina ez hori baino askoz ere gehiago. Administrazioak ez diela nahikoa informaziorik helarazten diote, eta ez dakitela egitasmoak nola kaltetuko dituen. Desjabetzeak hasita dauden beste toki batzuetan, berriz, prozesuak aurrera eramateko era eta informazio eza ere salatu dizkiote BERRIAri zenbait lurjabek.

Jose Antonio Zamalloak Zornotzan (Bizkaia) dituen sagastiak zeharkatuko lituzke AHTk. «Inguruan pasako den ez digute esan momentuz. Planoak badaude, baina ez denez behin betikoa, ez informatu, ez publikatu, ez ezer». Oraingoz ez da desjabetze tramiterik hasi.

AHTk eskualdean «izugarrizko eragina» izango duela dio Zamalloak. Lanek urtetan eragozpen handiak ekarriko dituztela dio, eta ez trenbidearenak soilik, baita haren inguruko sarbide eta bestelako azpiegiturenak ere. «Guk lotura zuzena dugu lurrekin. Sagardotegia dugu, baina horrez gain, ni frutagilea naiz eta sagastiak ditut. Hortik bideratzen dut nire lana, eta halako kontu batek eragozpen handiak sortzen ditu». AHTz gain, inguruotan beste azpiegitura batzuen eragina ere jasan izan dutela gogoratu du; autobidea, gasbideak... «Azkenean ito egiten gara, denek harrapatzen gaituztelako erdi-erdian».

Egungo bizimoduari eusteko asmoa eta esperantza baditu, baina proiektuak kalte egingo diola ziur da. «Oso txarto ikusten dut datorkigun istorioa. Oso potentea da eta norbere egoera ikusita, hori diruz ez da konpentsatzen». Lurjabeen artean askotariko iritziak egongo direla, baina «kezka handia» dela dio. «Ez da inor zuzendu zer gertatzen den azaltzera; oraindik inork ez digu esan kaltetuak garenik ere, eta teorian guk ez dugu zertan ezer jakin behar, pasatzen denik ere ez».

Agurtzane Diazi ere inork ez dio esan egitasmoak noraino kaltetuko duen. «Suposatzen da kaltetua naizela; orain dela urte pila bateko proiektuan ikusten zen nire lurra kaltetua zela, eta etxea ere ez dakigu zutik geldituko den, baina inongo informaziorik ez dugu». Duela 12 bat urte ikusi zuen proiektuaren arabera, bizi den Bergarako Angiozar auzoko Loidi baserritik oso gertu pasako litzateke trena; «etxea libratuko den edo ez» zalantza du. «Guk ez dakigu ezertxo ere ez». Dakiena hedabideetatik edo AHT Gelditu! Elkarlanetik jakin du.

«Etorkizuna beltza ikusten dut. Informaziorik ez duzunean ez dakizu zeri egin behar diozun aurre». Nekazaritza jarduera badute, baina hortik ez badira bizi ere, etorkizunean hala izatea nahi lukete Loidi baserrian. «Gure asmoa izan da beti nekazaritzatik bizitzea, baina urteotan, pasatuko ote den, etxea zutik geratuko den... mehatxu horrekin, gure etorkizuna ere hipotekatuta geratu da. Ez gara ausartu pausoa eman eta inbertitzen, ez dakigulako gero zer gertatuko den».

DESJABETZEETAN «IZUA». Legorretan bizi da Aitor Esnaola, baina Itsasondon ditu lurrak. Duela hilabete, «Jaurlaritzak bidalitako desjabetzen enpresa bat» zuzendu zen harengana, AHT bere sailetik pasako zela, desjabetze prozesuan lehen urratsak eginda zeudela eta bilera batera deituz Ordiziako udaletxean. Harekin harremanetan jartzen ziren lehen aldia zen. «Eurek planteatu zuten lurren balorazioa egingo zutela, hori izango zela desjabetzea. Bi aukera ditugu, eurek baloratutakoa onartu edo ez. Ordizian ia denek eskaintza onartu zutela esan zidaten lehenik, eta gero, eurena onartzen ez banuen, Estatuaren desjabetze enpresa etorriko zela eta eurena baino %40 gutxiago aginduko zidatela». Nekazariak bileretara bakarka deitzea eta harremana erdara hutsean izatea salatu du ere, eta desjabetze prozesuetan «izua» erabiltzen ari direla deritzo.

Halako jokabideen ordez, informazioa eta eztabaida aldarrikatu ditu Esnaolak. «Halako zerbait inposatu nahi duenak baino ez dio beldurrik eztabaidari».

«Oraindik inork ez digu esan kaltetuak garenik ere, eta guk, teorian, ez dugu zertan ezer jakin»

jose antonio zamalloa
zornotzako lurjabe kaltetua

«Etorkizuna beltz ikusten dut. Informaziorik ez duzunean ez dakizu zeri egin behar diozun aurre»

agurtzane diaz
angiozarko lurjabe kaltetua

«Desjabetze eskaintza ia denek onartu zutela esan zidaten, eta Estatuak %40 gutxiago aginduko zidala»

aitor esnaola.
itsasondoko lurjabe kaltetua

Etiketa(k):