AHT gelditzea eskatzeko kontzentrazioa Irunen

AHT Gelditu! Elkarlanak gaur protesta-kontzentrazioa egin du Irunen berriz ere “euskal Y”a gelditzea eskatzeko eta Espainiako eta Gasteizko Gobernuek, Frantziako Estatuak Baionatik Hendaiaraino burutu nahi zuten Abiadura Handiko linea berria eraikitzeko proiektua gelditu ondoren ez dezatela beste alde batera begiratzen jarraitu salatzeko. Kontua da, apiriletik Frantziako Gobernuak, “euskal Y” delakoari Behobiatik Baiona eta Daxeraino lotura egin behar zion Abiadura Handiko linea berria eraikitzeko azterketa guztiak bertan behera utzi dituela, “euskal Y”aren justifikazio eta errentagarritasun sozio-ekonomiko eza are nabarmenagoa utziz. Horrela, Ipar Euskal Herrian AHTren proiektua gelditzeko erabakiak zuzenean “euskal Y”ari eragiten dionez, Eusko Jaurlaritza hausnarketa erreal eta sakona egitera derrigortu beharko luke, baina hori egiteko unea, antza denez, ez da inoiz iristen.

Hain zuzen ere, Frantziako Gobernuak Ipar Euskal Herrian Abiadura Handiko linea berria eraikitzeko proiektua gelditzeko erabakia hartu izanak, errentagarritasun ekonomiko eta sozialik ez duen makro-azpiegitura inposatzen ari zaizkigula nabarmentzen du. AHTren mugaz gaindiko loturaren inguruko zalantzak, alde batetik, Europarekin Abiadura Handian lotzeko konexiorik gabe uzten du “euskal Y”a eta bestetik, gelditzeko erabakia hartzeko oinarrietako bat azpiegitura horrek merkantzia-garraioaren arazoa konpontzen ez duela izatea ere kolpe gogorra izan da. Horixe izan baita Michèle Alliot-Marie Barne Ministerioak, Garraioko Estatu idazkariarekin eta RFFko presidentearekin (ADIF frantsesa) batera hartu duen erabakiaren muina. Europako Batzordeak 2008an AHTren inguruan egin zuen txostena (Davignon txostena) ere oso gogorra izan zen bere hitzetan, “euskal Y”aren diseinuak “batez ere eskualde-arteko bidaiarien garraioa egiteko joera baitu, nazioarteko merkantzia-garraiorako leku gutxi utziz”. Hori, Eusko Jaurlaritza AHTren gaiarekin egiten ari den manipulazio eta iruzurraren froga argia da, inork ez baitu sinesten AHTak errepideetatik kamioiak ezabatuko dituenik, eta are gutxiago Perpinyà-Luxenburgo artean martxan jarritako Trenbide Autopistak aurreikusitako eguneko 100 kamioiak beharrean 10 besterik eramaten ez dituenean. Horren ildotik, Frantziako Kontu Auzitegiaren txostenek Abiadura Handiko proiektuen errentagarritasun sozio-ekonomikoaren tasa izugarri jaitsi dela adierazi dute, bai eraikuntza-kostuen gorakadagatik (aurreikusitakoarekiko batez beste % 45 gehiago), bai trafiko eta erabiltzaileen beherakadagatik (aurreikuspenekiko batez beste % 51 gutxiago). Hori ikusirik, Kontu Auzitegiaren txostenek trenbide-sare konbentzionalak hobetzearen alde egiten dute, Abiadura Handiko azpiegiturak eraikitzea bertan behera utziz.

Hala ere, errealitate sozio-ekonomikoa existituko ez balitz bezala jokatzen dute Eusko Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak, AHTaren eraikuntzarekin jarraitzeko asmoa adierazi baitute ordaindu beharreko prezioa edozein izanik ere eta krisi-garaiotan errentagarritasun ekonomiko eta sozialik batere ez duen makro-proiektura geroz eta baliabide ekonomiko gehiago bideratuz. Gipuzkoako zatietan iragarri diren lan-lizitazioei diru-xahutzea besterik ezin diegu deitu kilometroko 24 milioikoak baitira (hau da, pezetatan kontatuta 4.000 milioi euro kilometroko). Gainera, krisialdian aurrera goazela, finantzazio-arazoak geroz eta nabarmenagoak izango direla ziurra da, AHTa bera tramankulu garesti eta elitista baita, energia-xahutzailea eta lurraldea suntsitzen duena. Baina hori guztia ez zaie batere axola: AHTa politika-enpresa negozio izugarria baita eta horrexegatik baita ezinbesteko. Ez zaie batere axola zenbat bidaiari izango dituen edo azkarrago edo motelago joango den: abiadura handian joan behar dutenak negozioak dira. Nola liteke bestela Europan egun eraikuntza-fasean dauden AHTren lanen % 64 Estatu espainiarrean metatzea? Nola liteke bestela 2020an, aurreikuspenen arabera, kontinentean eraikiak egongo liratekeen Abiadura Handiko sare guztien erdia penintsulan kontzentratzea AHTko 10.000 kilometroko sarearekin? Estatu espainiarra 2012an bihurtuko litzateke mundu-mailan AHT km gehien duen estatua eta aldi berean, oraintxe, osasun, hezkuntza, gizarte-zerbitzu eta abarretan inguruko herrialdeekin alderatuz azken postuetan dago.

Beraz, AHTaz hitz egitean ingurumenaren ikuspuntua ekidinezina bada ere, gure herriarentzat nahi dugun gizarte-ereduaren inguruko funtsezko elementu asko argitzen dituen gizarte-gatazka ere azpimarratu behar da. Beraz, eztabaida eta aurkakotasuna hedatzen jarraitzeko deia egiten dugu, gaur egun AHTren proiektua bertan behera uzteko dauden arrazoiak bere horretan jarraitzen baitute: baliabide publikoen xahutzea, errentagarritasun ekonomiko eta sozial eza, ingurumen eragin izugarriak, lurraldearen polarizazioa areagotzea hiriburuen aldera, egungo garraio-eredu ez jasangarri eta defendaezinean sakontzea, gizarte-desberdintasunen areagotzea eta erabakiak hartzerakoan gizartearen informazio eta parte-hartze eza.

Eskuorria

“Euskal Y”: hausnarketa sakona egiteko unea

Frantziako Gobernuak, Ipar Euskal Herrian, Abiadura Handiko linea berriaren eraikuntza-proiektua gelditzea erabaki du. Horrek, zuzenean “euskal Y”ari eragiteaz gain, Dax-Gasteiz AHTaren errentagarritasun sozio-ekonomiko ezaren inguruko itzal eta galderak areagotu ditu. Erabaki horren bueltan, honakoak azpimarratu beharko genituzke:

  1. Bordele-Irun AHT proiektuaren inguruan egindako peritu-txosten suitzarrak merkantzia-trafikoen aurreikuspen puztuak eta jada badagoen trenbide-sarearen ahalmenari buruzko aurreikuspen baxuak gezurtatu zituen.
  2. Frantziako Kontu Epaitegiaren 2008ko txostenak trenbide-sare konbentzionalak hobetzearen aldeko apustua egin zuen, AHT azpiegitura berriak albo batera utziz, Abiadura Handiko proiektuen errentagarritasun sozio-ekonomikoaren tasa izugarri jaitsi zela eta, eraikuntza-kostuen gorakadagatik (batez beste % 45eko igoera aurreikusitakotik) eta trafiko eta erabiltzaileen beherakadagatik.
  3. Europako Batzordeak 2008an AHTren inguruan egin zuen txostena (Davignon txostena) oso gogorra izan zen “euskal Y”aren diseinuak “batez ere eskualde-arteko bidaiarien garraioa egiteko joera baitu, nazioarteko merkantzia-garraiorako leku gutxi utziz”.

Horrek guztiak AHTren proiektuarekiko aurkakotasun zabala ekarri du. Finantzazio-arazoak nabarmen geratu dira: Frantziako Gobernuak udal eta eskualde-instituzioei Tours-Bordele-Irun AHT proiektuaren 11.000 milioi euroko kostuaren % 25 aurreratzea exijitu zien.

Iparralden proiektua gelditzeak zuzenean eragiten dio hasieratik maila transeuropar gisa saldu ziguten Dax-Gasteiz Abiadura Handiko proiektuari. Hala ere, badirudi Eusko Jaurlaritza eta Sustapen Ministerioarentzat, muturren aurrean izanda ere, administrazio frantsesek onartu duten errealitate sozio-ekonomikoa ikusgaitz izateaz gain, gogoetara bultzaraziko dituen elementua ere ez dela, AHTaren eraikuntza-lanekin jarraitzeko borondate itsua adierazten baitute, ekonomia, gizartea edo ingurumena oinarri izan ditzakeen arrazoi ororen gainetik. Datuak oso esanguratsuak dira: egun, Europan burutzen ari diren AHTko lanen % 64 Estatu espainiarrean kontzentratzen dira; 2020an, Estatuak aurreikusitako planak burutzen badira, Estatu espainiarrak kontinente osoko Abiadura Handiko km guztien erdia pilatuko ditu eta mundu-mailan Abiadura Handiko km gehien izango dituen estatua bihurtuko da. Horrek guztiak gogoeta sakonera bultzatu beharko lituzke bai Sustapen Ministerioa, bai Eusko Jaurlaritza, baina badirudi gogoeta egiteko unea ez dela inoiz iristen.

AHT GELDITU Elkarlana

Etiketa(k):