Ikaztegieta, Aldaba, Alegia mendi martxa. XI-1

Azaroaren 1ean, igandearekin, AHTren aurkako mendi martxa informatiboa egingo da, Ikaztegieta, Aldaba eta Alegiako mendietan AHTk eragingo lukeen triskantza salatzeko. Datorren astean deialdiaren komunikatua zabalduko dugu, izan ere, azken egunotan hasi baititu Espainiako Sustapen Ministerioak Tolosaldeako zati honetan lurrak desjabetzeko tramiteak.

Mendi martxa hau Gipuzkoako Foru Aldundian egindako protesta ekintzan iragarri dute.
Han anunciado esta marcha en la protesta realizada en la Diputación Foral de Gipuzkoa.

iruzkin 1 for 'Ikaztegieta, Aldaba, Alegia mendi martxa. XI-1'

1. Komunikatua: Ikaztegieta, Aldaba, Alegia mendi martxa. XI-1

AHTren aurkako mendi martxa deitu du Elkarlanak azaroaren 1ean Ikaztegieta, Aldaba eta Alegiako leku kaltetuetara:

Datorren azaroaren 1ean, igandearekin, Abiadura Handiko Trenaren egitasmoak Ikaztegietan, Aldaban eta Alegian kalteturiko lekuetara mendi martxa deitu du AHT GELDITU! Elkarlanak, hain zuzen ere Aldabatik Langaurrera hedatzen diren nekazaritza eta baso lurretan “Euskal Y”-aren eraikuntzak eragingo lituzkeen kalte larriak salatzeko.
Espainiako Gobernuak ingurune honetan nekazal-baso lurreko 200.000 metro karratutik gora okupatu asmoz nahitaezko desjabetze-tramiteak abian jarri ditu, Ikaztegietan, Aldaban, Alegian eta Aldaba Txikin, AHTren proiektuko “Tolosa” izeneko zatiaren obrak eta hondakindegiak egiteko. Hori dela eta, joan den urriaren 21ean 500 alegazio aurkeztu zituen AHT GELDITU! Elkarlanak desjabetze horiek bertan behera uztea eskatzeko. Eta proiektu txikitzaile honen aurkako iritzia hedatzen segitzeko, mendi martxa egingo da azaroaren 1ean, goizeko 10’30tan Ikaztegietako RENFE geltokitik abiatuta, Aldaba eta Langaurreko baserrialde eta basoetan barna 3 orduko martxari ekiteko. Bidean geldiune informatiboak burutuko ditugu, baita eguerdiko 13’30tan Langaurren salda beroa eta sagardoa dastatzeko atsedenaldi bat egin ere (janaria eraman bazkaltzeko). Ibilaldia 15’30tan Alegiako plazan amaituko da. Hor AHTren aurkako erakusketa informatiboa ikusgai egongo da egun osoan.
Azpiegitura erraldoi hori gauzatzekotan itzelezko ingurumen kalteak eragingo dira Tolosaldean. Aipagarriak dira, Ikaztegietan esaterako, Ugaran auzoan eraiki asmo duten 40m altuera eta 363m luzerako biadukto eskerga bat eta herriaren parean mendi-magala alderik alde urratuta egin beharko dituzten indusketak eta azpiegitura berrestaltzeko lan handiak; Alegian, berriz, AHTk Langaurre aldeko basoetan kalte nabarmenak eta Txopitxu nahiz Lizarraundi erreken suntsiketa ekarriko du; halaber, aipatu beharra daude Eguzkitzako (Alegia) eta Aldaba Txikiko (Tolosa) baserri lurretan tunelen hondeatzetik ateratako soberakinak metatzeko hondakindegiak ezartzearen ondorioz eragingo den hondamena, baita Muñozabalen (Aldaba) obrarako sarbide pistak eragindako txikizioa ere. Bestalde, obraren tamaina iztela dela eta, Altzoko harrobiaren ustiaketa erritmoan hazkunde handia gertatzea eta Tolosaldean harrobi berriak zabaltzea aurrikus daiteke. Bistan da horrek guztiak eragin itzela duela paisaian, zuhaitz mozketak eta leherketen osteko hondeatzeak direla medio, uren kutsadura eta erreken desbideratzea, higadura eta lur emankorren galerak, kamioien igarotzea, energia parrastatzea, kutsadura akustiko eta atmosferikoa, e.a.
Esan gabe doa, AHTk ingurumenari eraso bortitza eragiteaz gain, obra honek berekin diru publiko gastu izugarria dakarrela. Egin kontu: Tolosaldeako 3’8km luzerako lehenengo zati honen eraikuntza 85 milioi eurotan atera du enkantera Jaurlaritzak, hots, kilometro bakoitzeko kasik 4.000 milioi pezeta zahar. Abiadura Handiko garraioak, ordea, herritar gehienak baztertuta uzten dituela nabarmendu behar da. Euskal Herriko barnealdeko eskualdeek eta Tolosaldeak, kasu, azpiegitura horren itzelezko ingurumen inpaktuak jasateaz gain, AHTk hiriburuetarantz areagotuko dituen lurralde erdiraketaren eta desoreka sozio-ekonomikoen ondorioak ere jasan beharko dituzte epe ertain eta luzean, AHTk gune metropolitano nagusien arteko lotura azkarra baino ez baitu landuko. Eta bukatzeko, Administrazioen prepotentziazko jarrera salatu behar da, herri kaltetuek proiektu honen aurka duten jarrerari entzungor eginez inposatu nahi dutelako, AHTren inguruan Alegian 2007ko apirilaren 1ean egindako herri galdeketaren emaitzek erakusten dutenez.
Hori denagatik, AHT geldiaraztea eskatu eta halako proiektu txikitzaileak sustaztuz gobernuek eta podere ekonomikoek ezarri nahi diguten gizarte eta ekonomia eredu desarrollistaren gainean jendarteak debatitzeko eta eraldaketa sakon bati ekiteko aukera izan dezan galdegiten dugu.
Azaroaren 1ko mendi martxan zuen partehartzea espero dugu, beraz, baita zuek informatu eta animatuko dituzuen lagunena ere, lurrari eta gizarte osoari hainbeste eraso egiten dion azpiegitura txikitzaile honen inguruan informatzeko eta oposizioa adierazteko.
AHT Gelditu! elkarlana