AHTren aurkako protesta-ekintza Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean

Gaur, AHT Gelditu! Elkarlanak salaketa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurumenaren Garapenerako Departamentuan, Itsasondoko udalerrian dagoen Zubin Erreka inguruan, AHTren lanak zirela eta, bertako zuhaitzetan egindako neurrigabeko mozketa basatiaren inguruan. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean protesta-ekintza burutu dugu, sarrera nagusian, sail kaltetuan jasotako adar eta zuhaitz-hondarrak utziz, baso-ondarearen kudeaketaz eta AHTren lanen ingurumen-zainketaz arduratzen diren administrazio-organoen pasibotasuna salatzeko eta Garraio Sailaren eta eraikuntza-proiektuan ezarritako ingurumen-neurriak betetzen ez dituen “Txaleko Egurrak, S.L.” enpresaren aurka zigor-espedientea ireki dezaten bultzatzeko.

Goierrin burutzen ari diren AHTren lanen inguruan ere, Ordiziako tunelaren hondeaketatik datorren materialen botatzea salatu nahi dugu, urte oso batez kontrolik gabe eta baimenik gabe egin baitute. Halaber, Ordiziako Mariarats errekastoan isuritako zementua uraren kutsadura larria eragiten ari da. Gainera, Ordiziako San Juan auzoko baserri-multzo bat, tunelaren lanen gainean kokatzen dena, urik gabe geratu da, hondeaketak lurrazpiko urak kaltetu baititu.
Azkenik, Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuarekin batera, Nafarroako Korridorearen eta “Euskal Y”aren arteko loturaren inguruan azken egunotan hartutako erabakiaren gainean AHTren sustatzaileek mantendu duten desinformazioa azpimarratu nahi genuke. Bi proiektuak Goierrin gauzatzeak, muturreko dentsitatea izango lukeen Abiadura Handiko sarea kokatuko luke Goierrin, Oria bailaran AHTrako aurreikusitako azpiegitura bikoiztuz eta geografia osoan itzelezko kalteak eraginez.
Salaketaren dokumentoa erantsita.

Mendi-martxaren deialdia:
Bestalde, Sustapen Ministerioak, Ikaztegieta, Aldaba, Alegia eta Aldaba Txiki kaltetzen dituen “Tolosa” izeneko zatian, AHT eraikitzeko eta beharrezko dituen hondakindegiak egiteko 200.000 metro koadroko zabalera hartzen duten nekazaritza eta basozaintzako lurrak nahitaez desjabetzeko tramiteak hasi dituela salatu nahi dugu. Horregatik, atzo, desjabetzeen aurkako 500 alegazio aurkeztu ostean, AHT Gelditu! Elkarlanak, azaroaren 1ean, AHTak kaltetuko lituzkeen inguruetara, Aldaba eta Alegian, mendi-martxa antolatu du. mendi-martxa 10:30ean hasiko da Ikaztegietako RENFE geltokian eta 3 orduko ibilbidea izango du, Aldaba eta Langaurren barna. Amaiera, 15:30ean, Alegiako plazan emango zaio.

Beraz, AHTa eraikitzeak dakarren lurraren eta gizartearen aurkako atentatua burutu ez dadin mobilizatzera deitzen dugu jendea. Oraindik asko dute suntsitzeko eta beraz, AHTren lanak behin betikoz geratzea lortu arte jarraituko dugu.

AHT GELDITU! Elkarlana