Haitzuluetako barruko aurkari baten testigantza

Itsasondoko meatze barruan egon den haitzuluetako aurkariak gaurko prentsaurrekoan kontatu duena:
5 egunean egon gara lurpean. Nahiz eta aski luzea eta nekagarria izan, pozik gaude ekintzaren helburuak lortu direlako...      

Barruan eginiko kantua



Gure gorputzak arriskuan jarrita, AHTren lanak geldiarazi behar direla aldarrikatu dugu; eta horrekin batera, jendarte osoari AHT bezalako proiektu txikitzaileen zentzugabekeriari buruz hausnartzeko deia egin nahi izan dugu. Txikizio ekologikoaz gain, harreman injustuetan oinarritutako sistema ekonomiko eta sozial kapitalistaren eta esplotatzailearen ikur dugu azpiegitura hau, kalteturiko inguruneetan desastre humanoa baitakarte azpiegitura erraldoi hauek.

Itsasondoko meategietan egindako ekintza amaitu egin dugu, baina borrokan segitu behar dugu. Autoorganizazioak bere emaitzak eman ditu. Ekintza honen prestaketa luzea izan da, bai meategi barruko ekintzaren prestaketa eta bai kanpoko informazio lanaren, sostenguaren eta mobilizazioen antolaketa. Jendea animatu nahi dugu hortaz, denon eskura dauden desobedientzia eta erresistentzia ekintzak egitera. Beste adibide batzuk ere badira, Zornotzako Leginetxe auzoan hilabete eta erdian egiten ari den okupazioa esate baterako, AHTarentzat desjabetu eta obrak aurrera eginez gero bota beharko duten baserriaren defentsan, hain zuzen ere.

Agintariek gezurra diote, AHTaren obrak normaltasunez aurrera doazela diotenean: Ordizia-Itsasondo tunela zulatzeko, esate baterako, 14 hilabeteko atzerapena dute, obra planean aurreikusitakoa  bete gabe. Atzerapen hori, tunelaren Legorreta aldeko irteeran hain zuzen ere, lanek kalteturiko herrietako baserritarrek desjabetzaren aurrean  jarritako eragozpenei eta oposizio tinkoari zor zaio; baita Itsasondoko Udalak berak ere AHTarekin ez-kolaboratzeko izan duen jarrera garbiari. Hortaz, ez-kolaboratzea garrantzizkoa da, egin dezakegu gutxienekoa .

5 egunez lurpean egon gara. Aski luzea eta nekagarria izan da. Gu egon garen meatzuloan adibidez, hezetasun ikaragarria dago, galeria urak erabat hartuta dago, sakontasun handiko ur putzuak daude, eta sabaitik ur tanta eta jario etengabea dago; zatika sabaitik jauzitako harri-blokez  estalita dago. (Niri anbulategian inhaladore bat errezetatu didate, bronkioak erabat hartuta ditudalako). Meategi hauek oso ezegonkorrak eta arriskugarriak dira. Beldurra eta kezka pasa dugu, batik bat lehenengo egunean, leherketak entzutean. Gu barruan egonik, bi leherketa egin zituzten ostegun gaueko 9:35 ean eta ostiralean goizeko 7:30ean bigarrena. Bigarren honetan, lau segunduan banatutako 10bat detonazio izan ziren.  “Taladro” hotsa ere entzuten genuen, leherkariak sartzeko zuloak barrenatzen… hurbil geunden seinale. Egoera zalantzagarrian geunden. Gero, ostiralean goizeko leherketaren ondotik, “taladroa” berriz entzun genuen tarte batean, baina gehiagotan ez. Leherketak geldiarazi zituzten, antza denez.

Gu arriskuan egon gara, baina are arrisku handiagoan ibiliko dira tunelaren obrako langileak. Gezurra dirudi erabateko arduragabekeria honek. Gezurra dirudi nola proiektuan ez dituzten meategi hauek aztertu: itsasondoko herrian mendia meategia josita dagoela jakina da. Neskak egon diren meategia lehor zegoen, baina lur jauziz beterik zegoen. Gu aldiz, 4. meategiaren barruan, 200metrora edo, AHTarentzat egin behar duten tunelaren trazaduaren pare-parean, 30metrora egon gara. Eta gure azpian egon den galeriako sakontasun handiko ur putzua erabat beteta dago.

Komisaldegian goizeko ordu bietan libre utzi gaituzte. Ertzantzaren akusazioak abusoa besterik ez dira: “desordenes publicos, Daños, Resistencia y Desobediencia grave” leporatzen dizkigute. Inolako funtsik gabeko akusazioak dira. Bestalde, gertaera hau salatu nahi dut: komisaldegian, ea deklarazioarik egin nahi nuen eta eskubideak irakurtzen dizkizuten tramitean, poliziari galdetu diot ea zein zen gure egoera eta noiz pasako ginen epaitegira, eta bere erantzuna hauxe izan da: “No lo sé, esto va a la Audiencia Nacional”… Nere atsekabea azaldutakoan, errepikatu du: “Parar las obras durante 5 días es un delito grave y esto va a la Audiencia Nacional”… Gezurretan aritu da, beldurtu nahiean.

Garraio Sailaren eta Ertzantzaren arduragabekeria salatu nahi dut. Gu ostegun goizeko 6etan entzerratu ginen meategian, erresistentzia ekintzari hasiera emanez. Gure asmoa zen: 2 emakumeak meategi batean gordeta egotea, eta 4. indizioan 2 mutilak. Desalojatzean, haiek gordelekutik atera eta aurkitu dituzten bidoira lotzea, agerian jarriz.

Baina Garraio Sailak eta Ertzantzak ez ikusiarena egin nahi izan dute leherketen aurrean, gu ateratzeko presionatuz, jakina. Ertzantzak ostegun arratsaldean eta ostiralean egindako ustezko miaketa, bisita zeharo azalekoa izan zen, eta antza denez, ez zuten gu lokalizatzeko asmorik. Egoera honek ekintza gehiegi luza zezakeela ilusita, bi mutilen lokalizazioa larunbatean ematea erabaki genuen, eta horrek, Tolosako epaitegian aurkeztutako salaketarekin batera, bizi genuen arriskua frogatu eta lokalizatzera behartzen zituen. Orduan, plana aldatu, eta bi mutilen lokalizazioa ematearekin batera, bi neskak beheko gordelekutik atera eta aurkitu dituzten bidoian jarri ziren agerian. Hau da, beraien arduragabekeria ikusita, behingoz lokaliza gintzaten bidea eman behar izan diegu. Orain, “inbestigazio” bat hasi dira egiten, epailearen aurrean beren arduragabekeria zuritu asmoz.

Itsasondoko meategietan egindako ekintza amaitu dugu, baina borrokak segitu egiten du:

AHTaren obrak geldi dístatela behingoz!
Desobedientzia!
AHTrik ez!
Proiektu txikitzaileak gelditu!

Bukatzeko, atzo gu minako zulotik ateratzen gintuzten artean, lagun bat zulo ilunago batera eraman dute: Itoitzko urtegiaren eta AHTaren aurkako borrokan lagun, Plaentxiko Xabin, bereziki gogoan dugu; eta gure indar guztiak opa dizkiogu, bizi duen egoerari aurre egiteko

Barruan eginiko kantua/bertsoa:
(“Sound of Silence” doinua)

EGIN DEZAGUN OHIU
TXIKIZIOA GELDITU!
LURRAREN BIHOTZA DA KEXU
BORROKAN SEGITU BEHAR DUGU
LAGUNAK ELKARTU
KAPITALISMOARI EZ OBEDITU!
APURTU!
SISTEMAREN ERRAIAK
(bis) LURRAREN DOINUAK

mp3 deskargatu.