Autoan mailatuak egin eta irainak idatzi dizkiote AHTk kalteturiko bati Legorretan

AHTren aldeko mezuak zein irainak idatzi dizkiote autoan Legorretako herritar bati, mailatuak egiteaz gain. Familiaren baserri inguruko obrak «legez kanpo» egiten ari direla salatu izan du; anaia epaitu ere egin dute.

GARA. Janire ARRONDO | LEGORRETA

Abiadura handiko trenaren lanak hasi zirenetik, etxean bertan izan dute proiektu erraldoiaren mamua Bersotegiko baserritarrek. Salatu izan dutenez, AHTren lanak lurrak oraindik ere «legez desjabetu gabe» zeudela hasi zituzten Itsasondo eta Legorreta arteko hainbat baserriren inguruetan. Hori gutxi balitz, atzo bizilagun horietako baten autoa kolpatu zuten, kalteak eraginez; AHTren aldeko eta jabearen aurkako mezuak ere idatzi zituzten.

Jabeak GARAri adierazi zionez, autoa kalean, etxe aurrean, aparkatua zuela egin zizkioten kalteak Legorretan.

Duela hilabete gutxi, lagun honen anaia epaitua izan zen Donostiako Epaitegian, 2008an baserri inguruko zundaketa lanetan izandako istiluengatik. Hasiera batean lau urteko espetxe zigorra eta 300.000 eurotik gorako isuna eskatu arren, atzera egin zuten gerora. Biek AHTren aurkako jarrera agertu izan dute hasieratik.

Etiketa(k):