AHTren inguruko Konferentzia: deialdia eta egitaraua

Datorren azaroaren 17an, Abiadura Handiko Trenaren inguruko Konferentzia antolatu du AHT GELDITU! Elkarlanak.

Egun osoko jardunaldi horretan Akitanian eta Lapurdin AHTren linea berrien eraikuntzari oposizioa egiten dieten elkarteetako kideek eta Hego Euskal Herrian, Catalunyan eta Madrilen gizarteko arlo ezberdinetan aritzen diren hainbat ikerlarik parte hartuko dute. Konferentzia honek, beraz, AHTren gaia bere osotasunean eztabaidagai jarri eta ekologian nahiz gizarte arloan ondorio bortitzak dituen proiektu horren aurrean jendarteko eztabaida zabaldu eta oposizioa indartze aldera argumentu eta proposamen berriak ekarri nahi ditu. Beraz, AHTren inguruko Konferentziaren deialdia eta egitaraua bidaltzen dizkizuegu, ekimen honen berri zuen inguruan ematea eskertuz. Egitaraua

 

AHT-REN INGURUKO KONFERENTZIA 2007ko azaroaren 17an Hernanin

Datorren azaroaren 17an, larunbatarekin, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) inguruko Konferentzia antolatu du AHT GELDITU! Elkarlanak, gure ingurumenean kalte izugarriak eta gizartean ondorio galgarriak eragingo lituzkeen proiektu horren aurrean jendarteko eztabaida zabaldu eta hausnarketa kritikoa sakondu asmoz. Hori dela eta, herritar guztiei jardunaldi honetan parte hartzeko dei egiten diegu, AHTren aurka dagoen herri mugimenduak beti sustatu duen gizarte-eztabaidari bultzada berri bat emateko eta ekologian nahiz gizarte arloan ondorio bortitzak dituen azpiegitura erraldoi horrekiko oposizioa indartze aldera gogoeta berriak mamitzeko.

Sandiusterriko Aretoa AHTren egitasmoak Euskal Herrian arbuio zabala jaso du eta herri mugimenduak denbora luzean aurrera eramandako informazio eta mobilizazio ekimenaren lorpena da hori. Gaurko egunean une erabakiorran gaude ordea, AHTri oposizio tinkoa agertzen dioten hainbat udalerritan Espainiako Sustapen Ministerioa eta Eusko Jaurlaritza azpiegitura erraldoi horren eraikuntza-lanak hastekotan baitaude; eta inposatze-asmo horrekin batera, jendaurrean AHTren inguruko eztabaida zeharo desitxuratzeari ekin diote gainera, gatazka honen jatorrian dauden arrazoi ekologikoen eta sozialen gainean erabateko nahasmendua sortzeko, eta, bide batez, kalteturiko udalerrietan herri galdeketak egitea eragotzi, debekatu eta, aldizka, desobedientzia zibileko protesta ekintzak kriminalizatzeko. Horrela, AHTk ingurumenean, gizartean eta ekonomian izango dituen ondorio latzak eztabaida publikoari ezkutatu eta gizartearentzat funtsezkoa den arazo honetan herritarrei erabakitzeko aukera minimorik eman gabe, inposizioa beste biderik ez duen proiektu hori ezarri nahi digute.

Horregatik, egungo egoeran argi agertzen da mobilizazioa eta AHTren inguruko eztabaida bultzatzea zein premiazkoa den, botereak AHTren inposaketa nolanahi onartua izan dadin lortu nahian darabilen propaganda eta faltsukeria gezurtatzeko.

Hori denagatik, AHTren inguruko Konferentzian parte-hartzeko dei egiten dugu, AHTren arazoarekiko hausnarketa orokorra eta hari loturiko eztabaidagai askoren irakurketa sakona egiteko, haien artean AHTk eta garraio azpiegitura handiek ekologian eta gizarte ereduan duten eragina, erabakietan herritarren parte-hartze falta, edota AHTk hirietan duen inpaktu urbano eta soziala eta abiaduraren kulturarekiko kritika zorrotza egiteko. Topaketa honek, beraz, AHTren inguruko eztabaida ikuspegi global batetik planteatu nahi du, agintean dauden indarrek eta interesek ezarritako politika desarrollista hauen erro ekonomikoak eta kulturalak agerian jarri eta proiektu txikitzaile honen aurkako oposizioa gizarteratzeko argumentu eta proposamen berriak ekartzeko.

Helburu hori aurrean, jardunaldian zehar egingo diren mahai-inguruetan eta hitzaldietan Akitanian eta Lapurdin AHTren linea berrien eraikuntzari oposizioa egiten dieten elkarteetako kideek eta Hego Euskal Herrian, Catalunyan eta Madrilen gizarteko arlo ezberdinetan aritzen diren hainbat ikerlarik parte hartuko dute. Guztiarekin, konferentziak AHTren gaia bere osotasunean eztabaidagai jartzeko aukera ezin hobea eskainiko du, baita herrialde desberdinetan AHTren aurka sortu diren herri mugimenduen artean harremanak estutu eta etorkizunari begira denon artean lankidetza berriak ahalbideratzeko ere.

Gauzak horrela, zuen parte-hartzea espero dugu, eta baita zuek informatu eta animatuko dituzuen lagunena ere.

Egitaraua:

Konferentziaren bilgune nagusia Hernaniko Sandiusterri Aretoa izango da (herriaren erdialdean dago hori, zaharren egoitza dagoen tokian); areto horrekin batera, Biteri Kultur Etxea ere erabiliko dugu, konferentzia bi taldetan banatuta egingo den saioetan:


10:00etan (Osoko bilkura
Sandiusterri Aretoan): "Crítica a la movilidad generalizada de personas y mercancías: una perspectiva de decrecimiento":
- Simon Charbonneau (Akitaniako AHTren bide berrien eraikuntzaren kontrako mugimenduko militante ekologista eta Bordeleko Unibertsitatean ingurugiro zuzenbide irakaslea).
- Yayo Herrero (Ecologistas en Acción, Madrid).
- David Hoyos (ingurugiro ekonomilaria, UPV-EHU)

12:00etan (Sandiusterri Aretoan): "El impacto urbano y social del TAV en la ciudad":
- Miguel Amorós (aktibista, Cataluyna).
- Andeka Larrea eta Garikoitz Gamarra (filosofia eta hiri-ikerkuntza, laister argitaratuko den Bilbao y su doble libururaren egileak).
- Paulino (Iruñeako AHTren Aurkako Asanblada).
- Nekane Jurado (ekonomilaria)

12:00etan (Biteri Kultur etxean): "No queremos ir al futuro". Luis Bredlow-ren hitzaldia (Bartzelonako Unibertsitatean filosofia irakaslea).

16:00etan (Biteri Kultur etxean): "Ingurugiroa eta AHT" :
- Iñaki Antiguedad (Hidrogeologia irakaslea, UPV-EHU)
- Margarita Martin (metereologoa)
- Roberto Manjon (euskara teknikaria eta Ekologistak Martxan-eko kidea)

16:00etan (Sandiusterri Aretoan): “Inposaturiko egitasmoa: herritarren partehartzea irekitzeko aukera”:
- Iñaki Iurrebaso eta Andoni Eizagirre (soziologoak, AHTren inguruko iritzien azterketa-ren egileak)
- Josu Larrinaga (Parte Hartuz ikerketa-taldeko kidea)
- Uztaritzen Ingurumena Zaindu Lapurdiko AHTren aurkako taldeko kide bat.
- Onintze Olabeaga (Atxondon AHTren inguruko herri galdeketaren talde sustatzailea)

18: 00etan (osoko bilkura Sandiusterri Aretoan): "AHTren aurkako borroka Euskal Herrian":
- Victor Pachon (Lapurdiko CADE ingurumenaren defentsarako elkarteen koordinakundeko bozeramalea)
- Jorge Iriarte (Sakanako AHT Gelditu! elkarlana )
- Mila Elorza (AHT Gelditu! elkarlana ).

19:00etan: Ondorioak eta amaiera.

AHT GELDITU! Elkarlana

Konferentziaren inguruan informazio gehiago lortzeko edota harremanetan jartzeko telefonoa: 695715510

Etiketa(k):

iruzkin 1 for ' AHTren inguruko Konferentzia: deialdia eta egitaraua'

1. Hernanin 2007, AHTren inguruko konferentziaren dokumentazioa

Konferentzia honetako ponentzia eta transkribapenak eskuragai daude (baita hemen).

Horietako batzuk paperean ere argitaratu ziren El TAV y su Modelo Social txostenean.