AHT GELDITU! ELKARLANAK MANIFESTAZIO NAZIONALA DEITZEN DU ABENDUAREN 15EAN ARRASATEN

Prentsaurrean kartelazAHT Gelditu! Elkarlanak mobilizaziora deitzen ditu herritarrak egitasmoa gelditzeko eta eztabaida sozial sakona zabaltzeko eska dezaten.

Gehiengo sozial eta sindikalak askotan adierazi du AHTren aurka dagoela, dituen ondorio ekologiko, ekonomiko eta sozial larriengatik, baita informaziorik eta herritarren parte-hartzerik gabe garatu den egitasmoa delako. Halaber, behin eta berriz eskatu du egitasmoa gelditzeko, egiazko informazio objetiboa zabaltzeko eta debate sozial sakona ireki dadila. Horren adibide argia da Euskal Herri zabalean azken urtean izandako mobilizazio, salaketa- ekitaldi eta pronuntziamendu andana, baita zenbait herritan egindako herri-kontsultak ere.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da joandako urriaren 6an Elorrion AHTk zuzenean kaltetutako udaletako hamarnaka alkate eta hautetsik egin zuten AHTren aurkako adierazpena.

Hala ere, egitasmoaren arduradunek ez entzunarena egiten segitzen dute AHT gelditzeko eskari herrikoiaren aurrean, baita inposaketaren bidean urrats berriak egiten ere.

Horrela, gogor salatzen dugu Madril eta Gasteizko Gobernuek duela urtebete Lukun (Araba) AHT eraikitzeko hasitako lanak aurtengo amaieran eta datorren urteko hasieran Gasteiz-Bilbo ardatzeko leku berrietara eta Goierrira zabalduko diren iragarpena.

Abiadura Handiko Nafarroako Korridorea azkartzeko Sanz-en eta Madrilgo Gobernuek iragarri duten akordioa ere salatzen dugu, tinkotasun berberarekin salatu ere.

Era berean, egitasmoa justifikatu nahian arduradunek gezurra eta manipulazioa erabiltzen dutela salatzen dugu:

  • Nuria López de Gereñu Andreak gezurra esaten du AHTk errepidetik kamioiak aterako dituela eta garraioaren arazoak konpontzen lagunduko duela dioenean. Izan ere, sobera ezaguna da AHTk ez diela aurre egingo ezta gure errepideetan urtebetean izaten den kamioi kopuru hazkundeari. Halaber, jakina da AHT garraio azpiegitura plan erraldoi baten parte dela (Jaizkibelgo superportua, Supersur, A-8ren hirugarren erreia, plataforma logistikoak...) eta helburua handik eta hemendik salgaien fluxua haztea dela.
  • Eta gezurretan ari da AHTk ingurumenari mesede egingo diola dioenean. Nola esan dezake hori Euskal Herrian 121 tunel eta 113 bidezubi eraikitzea, 68 milio m3-tik gora lur mugitzea, 2.500 hektarea baino gehiago zuzenean okupatzea, 64 zabortegi sortzea, natura balio handiko inguruneak zuzenean kaltetzea eta energia-kontsumoa esponentzialki igoaraztea eragingo duen egitasmoaz?

Halaber, salatzen dugu Gobernu espainoleko ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuak herri-kontsulten aurka abiatu duten gurutzada. Horrela, lehenak debekatzearekin mehatzatzen du (Aramaion egin egin zuen) eta bigarrenak etengabe errepikatzen du herri kaltetuen AHTren aurkako borondateak ez duela egitasmoa gelditu ezta eragotziko. Aldi berean, Lopez Andrea herri horietako alkateak kriminalizatzen ahalegindu da, bere buruari maltzurki galdetuz ea inposizioa ekiditeko indarrak batzeaz eta beharrezko eztabaida soziala sustatzeaz hitz egiten dutenean sabotaje-ekintzez ari diren. Hau da hau zitalkeria! Manipulazio larriagorik!

 

  • Luesma Jauna, Lopez de Gereñu Andrea: Zeren beldur zarete? Herritarrek modu askean iritzia emateari diozue beldur? Iritzi hori AHTren eta negozio interesen aurkakoa izateari? Errefus horrek zuen gezurrak biluztu eta inposizioa argiago geratzeari?
  • López de Gereñu Andrea, zuzenean kaltetutako herrietako biztanleek ibilbideaz eta beraien herrian AHTk eragingo lituzkeen kalteei buruzko informazioa ezezik, AHTren gainean eztabaidatzea eta erabaki ahal izatea ere eskatzen dute!

Honek guztiak, berez erakusten duenak AHTren aurkakotasun sozialaren gaineko mesprezu sakona, egitasmoaren arduradunen aurreranzko ihesa frogatzen du. Egoera asaldagarri honen aurrean premiazkoa da lanak gelditzeko exijitzea, inposizioa arbuiatzea eta AHTren inguruko eztabaida sozial sakona irekitzea, baita instituzioetatik inposatzen ari diren garraio, lurralde antolaketa eta gizarte ereduari buruzkoa ere.

Horregatik, mobilizatzera deitzen ditugu herritarrak, eta zehatzago hurrengo deialdietan parte-hartzera:

  • azaoraren 22an eta 29an, AHTren aurkako protesta egunak. Hurrenez hurren, egitasmoaren arduradun politikoen eta enpresa eraikitzaileen aurreko bilkurak.
  • abenduaren 15ean manifestazio nazionala Arrasaten, honako lelopean: Inposiziorik ez! AHT Gelditu!.