Kontzentrazioa Gasteizko Pralamentuan

AHT gelditu! Elkarlanak deituta kontzentrazioa egin dute ehunen bat herritarrek Gasteizko Parlamentuaren aitzinean, bai EAE-ko bai nafarroako Gobernuak, AHT eraikitzeko dirutza publiko ikaragarria xahutu asmo dutela salatu eta horrenbestez, proiektu antisozial hori berehala geldi dezatela exijitzeko.

AHT Gelditu! Elkarlanaren izenean mintzatu diren Mila Elorza eta Jesus Oñatek adierazi dutenez, "AHT, EAE nahiz Nafarroako Gobernuek darabilten politika neoliberal bortitzaren erakusgarri da". Hala, salatu dute, gaur "Gasteizko legebiltzarrean onartutako aurrekontuek 533 milioi euro bideratuko dutela AHT eraikitzera, etxebizitza bezalako behar sozial larriak soluziobiderik gabe uzten dituzten bitartean".

Horrez gain, Gasteizko Gobernuak afera honen inguruan egiten ari den manipulazioa salatu dute, batetik, "AHT-ak gastu sozialaren murrizketa nabarmena eragingo duela ezkutatu asmoz, AHT-ra bideratutako diru partida horiek gastu sozialtzat hartu dituelako". Eta bestetik, "Estatuak diru hori Kupotik deskontatuko duela, eta hala, euskal herritarrok xentimorik jarriko ez dugula esanaz, egiazki, euskal herritarrok, AHT-a soilik ez, baizik eta transferitu gabeko konpetentzia izaki, estatu osoan zehar eraiki asmo dituzten abiadura handiko 9.000 kilometroak finantzatuko ditugula ezkutatu asmo dutelako".

Horiek hala, egitasmoaren bultzatzaileek, "mobilizazio eta herri galdeketetan ozen entzundako herri eskakizunari muzin egin eta diru kantitate erraldoi hori garraio arazoak konponduko ez dituen, amalurraren suntsipena eta jendartearen prekarizazioa bultzatuko dituen eta kapitalismorik basatienaren ezarpena suposatuko duen" egitasmo horretara bideratu izana gogor salatu eta berau berahala gelditzeko exijitu dute.

AHT-AK GASTEIZKO ETA IRUÑEAKO GOBERNUEN PARTEHARTZERIK GABEKO AURREKONTU ULTRANEOLIBERALAK IRUKIDKATZEN DITU

Euskal Herriko biztanlegoak ondasun banaketan oinarritutako aurrekontu partehartzaileak exijitzen dituen bitartean, Iruñea eta Gasteizko Parlamentuek herritarroi muzin eginez kontu publiko ultraneoliberalak diseinatu dituzte. Hortaz, aurrekontuak guztion artean sortutako aberastasunaren banaketarako tresna bat izan beharrean, kapitalaren errentak handitzeko erabiliak izan dira.

Gastu soziala handitu egin da Europar Batasunarekiko, baina aldiz, Euskal Herria eta Europar Batasunarekiko Barne Produktu Gordina 9 puntura ailegatzen da. 1993an BPGarekiko gastu soziala Euskal Herrian %24koa zen, Europan %29an kokatzen zelarik. Gaur egun, Gasteizko eta Iruñeako gastu soziala %19aren azpitik aurkitzen da BPGarekiko. Beheranzko tendentzia honekin normala da etxebizitza edo ta zerbitzu sozialak bezalako oinarrizko eskubideak bermatu gabe egotea.

Gastu sozialaren beherakada honek iruzurretan, gastu fiskaletan edo ta kupoan ikusten ari garen gorakadetan kontrapuntua aurkitzen dute. Langile klaseari bere oinarrizko eskubide sozial zein laborak gastu sozialen murrizketaren bidez desagertzen ikusten dituen bitartean, kapitalaren errentei primeran etortzen zaizkie aurrekontu hauek. Alde batetik, politika fiskalak mesede egiten die, ikusi besterik ez dago azken urte honetan eman den Elkarteeen Zergaren jeitsiera. Modu berean, 9.000 milioi euro inguruko iruzur fiskala onartzen zaie. Gainera, gastu fiskala 7.895,68 milioi eurora iristen da, hau da etxebizitza erostearren edo ta Pentsio Planak egitearren ordaintzen ez dena. Hau guztia gutxi ez balitz, Kupoak 6.732 milioi euro suposatzen digu, Espainiar monarkia eta bere ejerzitoa edo ta Abiadura Handia ordaintzera bideratzen dena. Kupoa eta gastu fiskala kontutan hartuta, euskal instituzio publikoek modu zuzen batean gastu sozialera bideratzen den bataz bestekoa %30,19koa da EAEn eta %35,52koa Nafarroa Garaian; eta ez PNV, EA eta EBko hirukoak (PSEren onarpenarekin) saltzen digun %72koa edo %53koa Iruñeako kasuan (PSN eta UPNk diseinatua).

Gastu sozialaren beherakada hau nabarmenagoa izango litzateke Lakuako Gobernuak AHTa gastu sozial bezala zenbatuko ez balu. Gogoratu behar dugu nazioarte mailako zein Europar Batasuneko sailkapen arauek, Abiadura Handia izaera ekonomikoko gastutzat hartzen dutela, eta inoiz ez maila sozialekoa. Eusko Jaurlaritzak ordea, gastu sozial bezala zenbatzen du. Azpiegitura honek 9.000 milioi euro inguruko xahuketa suposatuko du, zeinetatik aurten 533 EAEko aurrekontuetan sartu diren. Hauei Kupoaren %7,84 gaineratu behar diogu, Estatu espainiarreko Abiadura Handiko 9.000 km.ak eraikitzeko. Diru publikoaren xahuketa honek maila ekonomiko, sozial zein kulturalean premiazkoak diren bestelako beharren kalterako izango da. Esate baterako, AHTaren aurrekontuarekin 99.530 etxebizitza sozial berri eraiki ahal izango lirateke, edo 200.000 etxebizitzen zaharberritu. Hau da, diru honekin sektore publikoak betirako beteko luke etxebizitza mailan dauden beharrak, edo biztanleria osorako zerbitzu sozialak bermatuko lirateke, edo pobreziaren mugatik gorako prestazio duin batzuk lortuko lirateke, edo euskera eta kultura hobetuko litzateke, edo hezkuntza eredu propio eta ez-sexista garatzeko bideratu genezake,…

Baina errealitate gordina bestelakoa da, mobilizazio eta herri galdeketetan ozen entzundako herri eskakizunari muzin egin bait diote proiektu honen bultzatzaileek, eta diru kantitate erraldoi hau garraio arazoak konponduko ez dituen tren honetara bideratuko dute, amalurraren suntsipena eta jendartearen prekarizazioa bultzatuko duen trena. Finean, Euskal Herrian Kapitalismo basatienaren aurpegia erakusten digun azpiegitura. Baina noski, tren honek konstruktore batzuen poltsikoak lepo beteko ditu eta Euskal Herriko elite ekonomikoen negozioei onura ekarriko die.

Beste behin ere, aurrekontu hauekin argi gelditzen da Euskal Herriko klase politikoak nahiago duela kapitalaren errenten interesen alde aritzea, langile klasearen eskubideen bermea izan beharrean.

Euskal Herrian 2007ko Abenduaren 28an.

Etiketa(k):