Espainiako Gobernuak 'Euskal Y'-aren beste lau zati egiteko lanak eskaini ditu

Espainiako Sustapen Ministerioaren menpe dagoen Adif Espainiako trenbide azpiegituraren kudeatzaileak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako abiadura handiko tren proiektuaren (Euskal Y-a) beste lau zati egiteko lanak eskaini ditu.

BERRIA. erredakzioa. Gasteiz

Eskainitako ibilbideak Arabakoak dira, izan ere, Espainiako Sustapen Ministerioak hartu zuen Arabako zatia egiteko ardura: Legutiano-Eskoriatzako bi zatiak, Arrasate-Elorrio eta Abadiño-Durango. Lau zati horiek egiteko 353.942.428 euro beharko dira.

Legutiano-Eskoriatzako lehen zatiak bost kilometro ditu. Ia ibilbide osoa lur azpitik egingo du, hau da, 4,8 kilometro. Zati horren aurrekontua 90.403.289 eurokoa da, eta 47 hilabetean eginda egon beharko du.

Legutiano-Eskoriatzako bigarren zatiak 2,4 kilometro ditu, eta aurrekontua 91.378.420 eurokoa da, eta obrak 47 hilabetean egin beharko dituzte.

Hirugarren zatiak Arrasate eta Elorrio lotzen ditu (4,44 kilometro), eta zati horretan 100.841.874 euro gastatuko dira. Beste zatiek baino epe laburragoan egin beharko dute, 40 hilabetean hain zuzen ere. Azkenik, Abadiño-Durango zatia, 3,52 kilometrokoa, bi urtean amaituta egon beharko du, eta ia 72.318.843 euro beharko dira.