Abiadura handiko trenaren lehen zatiko obrak hasi dira, Luku aldean

Eibar-Gasteiz autobidearen azpitik pasatuko den 139 metroko tunela eraikitzen hasi dira Araban. Abian dira abiadura handiko trenaren obrak. AHT Gelditu Elkarlanak lanak hasi direla salatu du, eta Espainiako Sustapen Ministerioaren menpe dagoen Adif elkarteak baieztatu du. Esleitutako lehen zatian sartu dira kamioiak eta makinak, alegia, Arratzu-Ubarrundia eta Legutio lotuko dituen zatian, Luku eta Urbina herrien inguruan.

Estitxu Ugarte. Gasteiz

Lehen zatiak 5,2 kilometroko luzera izanen du, eta bi urteko epean eraiki nahi dute. AHTren ibilbidean hainbat biaduktu, zubi eta tunel egin nahi dituzte. Esaterako, Miñaoko loturaren gainetik 208 metroko biaduktua egingo dute, Rejalza ibaiaren gainean 139 metroko zubia, Lukun 970 metroko tunel bat ere aurreikusi dute, eta Eibar-Gasteiz autobidearen azpitik 139 metroko tunela.

Lehen zatiko obra 34,28 miloi eurotan esleitu zuen Espainiako Sustapen Ministerioak, eta Tecsa Empresa Constructora S.A. eta Altuna y Uria S.A enpresak dira obrarekin arduratuko direnak. Hain zuzen, enpresa horien kamioien joan-etorriak ikusita atzeman zuten Urbinako eta Lukuko bizilagunek duela egun batzuk AHTren obrak hasi berriak zirela. Urbinako kontzejuko lehendakari Josu Ormaetxeak BERRIAri azaldu zionez, une honetan obraren hondakinak biltzeko zabortegia prestatzen ari dira Luku aldean, eta Eibar-Gasteiz autobidearen azpitik igaroko den tunela eraikitzen hasi dira. Herritarren susmoak berretsi zituen atzo AHT Gelditu Elkarlanak, eta gogor salatu zuen Espainiako Sustapen Ministerioak AHTren eraikuntza lanak inolako informazioa eman gabe hastea.

DESJABETZEAK GAUZATU GABE. Obra hastea gertakizun larria dela adierazi zuen Elkarlanaren bozeramaile Mila Elorzak, eta egitasmoa gelditzeko eskaera berretsi zuen. «Herriaren erantzunak indartsua izan behar du; izan ere, AHT Euskal Herrian egitasmorik kritikatuena da, eta obrak hastea onartezina da», nabarmendu zuen Elorzak.

Gainera, Elorzak azaldu zuenez, AHTren obra egiteko Eibar-Gasteiz autobidea eraikitzeko lehendik desjabetutako lurrak erabiltzen ari dira enpresak. AHT Gelditu Elkarlanaren irudiko, horrek frogatuko luke Espainiako Sustapen Ministerioak arazoak dituela Arabako zatian aurreikusitako desjabetzeak gauzatzeko. Haatik, Arabako lehen zatiko obrak kudeatzen dituen Adif elkartearen arduradun batek desjabetzeak gauzatzeko arazoak dituztela ukatu zuen, eta Eibar-Gasteiz autobidea eraikitzeko desjabetutako lurrak erabiltzea normala dela nabarmendu zuen. «Autobidearen ibilbidea gurutzatuko dugu, eta ondorioz ez ditugu bestelako lurrak erabili behar, autobidearen azpian lehendik desjabetu zirenak erabiltzen ari gara», azaldu zuen.

Bestetik, Urbinako eta Lukuko herritarrek eta AHT Gelditu Elkarlanak iragarritako obraren hasiera baieztatu zuen Adif elkarteko arduradunak. Obrak irailaren amaieran abiatu zituztela esan zuen, eta une honetan Eibar-Gasteiz autobidearen azpian bidegurutzea egiten ari direla.

MOBILIZAZIOAK HERRIETAN. Obrak abiatuta, datozen egunotan mobilizazioak antolatu ditu AHT Gelditu Elkarlanak Herriaren borondatea errespetatu. Antolatu eta erantzun lemarekin. Hala, gaur bertan, azpiegituraren kontrako elkarretaratzeak egingo dituzte hainbat herritan arratsalde partean. Gasteizen, esate baterako, 19:30ean izango da elkarretaratzea, Posta plazan. Halaber, bihar, AHTren obretara martxa egingo dute. Urbinako herriko plazatik aterako da, 17:30ean.

AHT Gelditu Elkarlanaren irudiko, Euskal Herriko ingurune sozialari eta ekologikoari egitasmoak eragingo lizkiekeen kalteen larritasunaz erabateko informazio ezaz baliatuta ezarri nahi dute AHT, eta herritarren iritziak errespetatu eta kontuan izan gabe. Ildo horretan, AHT Gelditu Elkarlanaren kideek gogoan izan zuten azken hilotan Arabako hainbat herrik antolatu dituzten galdeketak, eta horietan jazotako emaitzek duten balioa azpimarratu zuten.

Inposizioaren eta informaziorik ezaren aurrean herriaren zilegitasuna islatu dela adierazi zuen Elorzak, eta AHT gelditzeko gizartean nahiko indar daudela frogatu dela. «Azpiegitura erraldoia gelditzearen alde zabaltzen ari den iritzi sozial sendoa errespetatzeko exijitzen dugu», esan zuen Elkarlanaren bozeramaileak. Halaber, AHTren kontra aritzea etorkizunari begira egindako apustua dela esan zuen Elorzak. Haren ustetan, «herriari bere erabaki propioak hartzeko ahalmena emateko eta administrazio publikoetatik ezartzen ari den garraio eta gizarte eredu suntsitzailea eztabaidagai jartzeko apustua garatzen ari gara».

AHT Gelditu Elkarlanak biltzen dituen alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileen bozeramaileek aditzera eman zutenez, orain da garaia «indarrez» erantzuteko, eta herriz herri azpiegituraren aurkako mobilizazioak zabaltzeko eta sendotzeko. «AHTren aurkako herri mugimendua egunetik egunera indartsuago dago. Ez da berandu obrak bertan behera uzteko», azpimarratu zuen Elorzak.

Administrazio bakoitza, bere gisara

Espainiako Sustapen Ministerioak Arabako eta Bizkaiko zatiak kudeatzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako zatiak. Adifek hainbat zati eskaini ditu jada, eta obrak hasi ditu Araban. Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez du urratsik egin, baina urte amaieran obrak eskainiko dituela iragarri du. Hona hemen egoera:

Arratzu Ubarrundia-Legutio: Bi zatitan banatuta dago, eta obrak hasi dira

5,2 kilometroko zatian. 34,28 miloi euroko aurrekontua du.

Legutio-Eskoriatza. Bi zatitan banatuta dago, eta enkantean atera dituzte biak. Bost kilometroko zatiaren aurrekontua 90.403.289 eurokoa da. Bigarren zatiak 2,4 kilometro ditu, eta aurrekontua 91.378.420 eurokoa da.

Arrasate-Elorrio. Enkantean atera dute. 4,44 kilometro ditu eta 100.841.874 euro gastatuko dira.

Abadiño-Durango. Enkantean atera dute . 3,52 kilometrokoa da eta 72.318.843 euroko aurrekontua du.

Gasteiz-Arratzu Ubarrundia. Ingurugiroaren gaineko kaltearen eragina neurtzeko txostenaren zain. 3,8 kilometroko ibilbidea du.

Eskoriatza-Aramaio. Proiektuan. 5,6 kilometroko ibilbidea du.

Aramaio-Arrasate. Proiektuan. 3 km.

Arrasate-Ezkio Itsaso. Proiektuan. 31, 8 kilometroko ibilbidea du.

Elorrio-Atxondo. Proiektuan. 4,2 km.

Atxondo-Abadiño. Proiektuan. 4 km.

Durango -Zornotza. Proiektuan. 4,6 kilometroko ibilbidea du.

Amorebieta-Lemoa. Proiektuan. 3km.

Lemoa-Galdakao. Proiektuan. 5,4 km.

Galdakao-Basauri. Proiektuan. 3,6 km

Basauri-Bilbo. Proiektuan. 4 km

Ezkio Itsaso-Hernialde. Proiektuan. 23,5 kilometroko ibilbidea du.

Hernialde-Zizurkil. Proiektuan. 5,8 kilometroko ibilbidea du.

Zizurkil-Urnieta. Proiektuan. 7,2 km

Urnieta-Hernanin. Proiektuan. 5 km.

Hernani-Bidasoa. Proiektuan. 20 km.