AHTren gaineko herri kontsulta antolatzeko eskatu dute Aramaion

AHTren gaineko herri kontsulta antolatzeko eskatu dute Aramaion
Aramaioko hainbat lagunek Udalean mozio bat aurkeztuko dute AHTren gainean herri kontsulta egin dezatela eskatzeko. Batu dituzten 656 sinadurek sostengatzen dute eskaria. Batasunak, berriz, AHTren lanak hastea «inposaketaren bidean beste urrats tamalgarri bat dela» adierazi du, eta herritarrei hitza emateko premia aldarrikatu du. Era berean, Lakuan EAJren «negozio interesek» agintzen dutela argi geratu dela gaineratu du.

GARA. ARAMAIO

AHTren obrak zuzenean kaltetuko dituzten Aramaioko hainbat auzotako eta familiatako ordezkariek eta hilabeteetan proiektuaren aurka sinadurak batzen jardun duten hainbat bizilagunek herri kontsulta egiteko premia aldarrikatu zuten atzo egindako prentsa agerraldian.

Adierazi zutenez, AHTren ibilbideak Aramaio zeharkatuko du, eta hainbat auzo eta baserritan eragin zuzena izango du. Hori dela-eta, gobernu eta administrazioek herritarrei hitzik eman nahi ez izatea salatu zuten. «Ez digute informaziorik eman, are gutxiago erabakitzeko aukera. Horregatik herri kontsulta baten eskubidea aldarrikatzen dugu, eta herri kontsulta egingo dugu», jakinarazi zuten.

Helburu horrekin ekin zioten iragan uztailean sinadurak batzeari Aramaioko hainbat auzotan. «Instituzioek egiten ez zutena herritarrok egitea erabaki genuen, eta horren emaitza da 656 herritarren babesa», azaldu zuten. Era berean, norbanakoen sinadurak ez ezik, hainbat atxikimendu batu dituztela jakinarazi zuten; «horien artean 12 auzoetako alkateak daude eta herriko 12 kultur eta kirol elkarte».

Herri kontsulta antola dezaten azaroaren 29an mozio bat aurkeztuko dute Aramaioko Udalean, eta hura ahalik eta lasterren eztabaidatzeko eta onartzeko eskatu zuten. «Ez dugu bestelakorik espero, ezin dugu bestelakorik onartu. Herriaren hitza entzutea nahi dugu, herriak erabakitzea nahi dugu».

Alde horretatik, Lakuak, eta, batez ere, Garraio Sailak orain artean agertu duten jarrera salatu zuten, «herriari eztabaida eta erabakia ukatzearena, demokraziaren aurkakoa» jotzen baitute.

Hori dela-eta, herri kontsulta bat ez antolatzeko aitzakiarik ez dagoela adierazi zuten. «Arrazoiak gure alde daude, eta horiek agertzera gonbidatzen ditugu herritar guztiak, Osoko Bilkuran parte hartzera». Herri kontsulta deitzeaz gain, horretarako behar diren bitarteko guztiak jartzeko eskatuko diote Udalari: «Ahalik eta parte hartzaileena izan dadin, informazioa eta eztabaida bultzatuz eta herri kontsultaren antolaketa lanetan herritarrak inplikatuz».

«Ibarretxeren hipokresia»

Herritarren hitza errespetatzeko premiaz ere mintzatu zen atzo egindako agerraldian Batasuna. Pernando Barrena eta Eusebio Lasa ordezkariek adierazi zutenez, ATHren obren hasiera «makroproiektu honen inposaketaren bidean beste urrats tamalgarri bat da», eta Lakuarena eta Madrilgo gobernuarena berriz ere inposaketan eta erabateko prepotentzian oinarritutako portaera dela adierazi zuten.

Larritzat jo zuten, era berean, lanak hasteko modua ere. «Erabat ezkutuan, aurpegia eman nahi izan gabe eta atzeko atetik aro dira. Horrela hasi dira Abiadura Handiko Trenaren lanak, A-1 autopista egiteko desjabetuta zeuden lurrei probetxu aterata», eman zuten aditzera.

Batasunaren ustez, ATHren gaineko kudeaketan hutsune nabarmenak izan dira: «Herritarrak behar den bezala informatzeko aukerak ebaki egin dituzte, eztabaida parte hartzailea eragotzi dute, eta herritarrei erabakitzeko gaitasuna eta eskubidea izateko aukera itxi egin dizkiete».

Ekintzon larritasuna are eta handiagoa da, Batasunaren ustez, «inoiz Euskal Herrian egin den azpiegiturarik eta inbertsio ekonomikorik handiena» izaki. «Inbertsio horrek tratamendu berezia izan behar luke, herritarren babesarekin aurrera ateratzeko».

Barrenaren eta Lasaren esanetan, Ibarretxeren «hipokresia» nabarmen geratzen ari da. «Behin eta berriz dio hitza herriari eta udalei eman behar zaiela, baina praktikan ikusten ari gara oposizio frontala erakusten duela kaltetuak diren herritarren hitza errespetatzeko».

Haien esanetan, Ibarretxeren Gobernuak beldur handia dio eztabaidari eta herritarren hitzari eta erabakiari. Izan ere, Batasunaren ustez, benetako eztaibaida eginez gero, argi geratuko litzatekeelako «6.000 milioi euroko obra hori gutxi batzuen interesen arabera eraiki nahi dela eta inondik ere ez hiritarren gehiengoaren alde».

Gogorarazi zutenez, AHT ez da azpiegitura baliagarria hirien arteko trafikoa lotzeko. «Hirien arteko mugikortasuna soilik %1,9koa da, beraz, nekez ematen ahal zaio soluzio bat EuskalHerri barruko garraiori AHT proiektuarekin». Euskal Herriak behar duena beste lurralde antolaketa bat, beste garraio sistema bat eta beste trenbide eredu bat dela gaineratu zuen.

«EAJren negozio interesak»

Haien esanetan, AHTren gainean Lakuak izan duen jokaerak argi utzi du berriro ere Gasteizko hirukoan EAJren «negozio interesek» agintzen dutela. «Tamalez, EAk eta EBk amore eman behar izan dute gobernuan duten ordezkaritza ez galtzeko».

Bereziki larria da, haien ustez, EBren posizioa, «hitzez AHTk ekarriko duen azpiegituraren kontrako alderdia» izanik. «Desadostasun honek guztiz auzitan jarri beharko luke koherentzia politikoz EBk une honetan hirukoaren barnean jokatzen duen papera, eta, gure ustez, portaerarik koherenteena litzateke hirukotik ateratzea», azaldu zuten.

«Oraindik garaiz gabiltza makroproiektu hau gelditzeko»

Batasunak bat egin zuen asteburu honetan AHT Gelditu Elkarlanean plataformak deituta Elorrion, Errenterian, Urretxun eta Eskoriatzan egingo diren mobilizazioekin, eta azaroaren 18an Gasteizen egingo den manifestazioarekin. Izan ere, bere esanetan, inoiz baino beharrezkoagoa da kalera irtetea proiektu hau geldiarazteko, «ez da inondik ere berandu». «Euskal gizarteak inposaketa hau onartzeko prest ez dagoela adierazi behar du», gaineratu zuten. -