Benetan AHTren kontra baldin badago, hirukoa uzteko eskatu dio Batasunak Ezker Batuari

Abiadura Handiko Trenari buruzko herri galdeketa egiteko eskaera babestu dute 656 lagunek Aramaion. Koherentziarik eza leporatu dio Batasunak EB-Berdeak talde politikoari. Izan ere, Madrazoren alderdiak Euskal Y-aren kontrako iritzia behin eta berriro adierazi badu ere, Eusko Jaurlaritzaren hirukoan parte hartzen segitzen du.

BERRIA. Estitxu Ugarte. Gasteiz

Batasunak azaldu duenez, bereziki larria da jarrera hori AHTren obrak abiatu diren unean.

Agerraldia egin zuten atzo Batasuneko mahaikide Pernando Barrenak eta Eusebio Lasak Euskal Y-aren obrak hastea onartezina dela salatzeko, eta gelditzeko exijitzeko. Gainera, tren azpiegitura EAJren interes ekonomikoen neurrira egina dagoela nabarmendu zuten, eta EAk zein EB-Berdeek ordezkaritza esparrua ez galtzeko amore eman dutela salatu zuen Lasak. EB-Berdeen jarrera kritikatu zuen mahaikideak bereziki. «Hirukoaren barruan dauden akordio ezak itunduta dituztela adierazi dute EB-Berdeek, baina kasu honetan 270 miloi euroko akordio ezari buruz hitz egiten ari gara», azaldu zuen Lasak.

Halaber, ekonomikoki, sozialki eta ekologikoki AHT Euskal Herriaren historian eman den «erasorik handiena» dela azpimarratu zuten Batasuneko kideek, eta dei egin zieten euskal herritarrei AHTren kontra antolatutako protesta guztietan parte hartzera.

HERRI GALDEKETA ARAMAION. Bestetik, Aramaioko (Araba) Udalan AHTren inguruan herri galdeketa egiteko eskatuz 656 herritarren sinadurak bildu dituzte, alegia udalerrian bozkatzeko eskubidea duten herritarren erdiena. Gainera, Aramaioko hamabi auzotako alkateen atxikimendua eta herriko dozena bat kultur eta kirol elkarteren babesa jaso du herri galdeketaren aldeko ekimenak. Bildutako sinadurak eta atxikimenduak mozio batekin batera aurkeztu dituzte udaletxean, hilaren 29an egin beharreko osoko bilkuran herri galdeketaren proposamena onar dezan.

Ekimena bultzatu duten herritarrek prentsaurrekoa egin zuten atzo goizean herrian. Horretan azaldu zutenez, AHTren ibilbideak udalerria zeharkatuko du, eta hainbat auzotan eta baserritan eragin zuzena izango du. Gainera, Aramaio zeharkatuko duen bide tartearen lanak laster esleituko dituzte. «Haatik, gobernuek eta administrazioek ez digute hitzik eman nahi, ez digute informaziorik eskaini, are gutxiago erabakitzeko aukera eman», salatu zuten.

Beste alde batetik, AHT Ez Gunea-n bildutakoek salatu dute Ertzaintzak 30 lagun identifikatu zituela, atzo arratsaldean, Urbinan kontzentrazioa egiten ari zirenean. Goizean, aldiz, arazorik gabe AHTko obretan kontzentrazioa egin zuten eta lagunetako batzuk makinetara igo ziren eta momentu batez lanak gelditu zituzten. Protestaren amaieran, Ertzaintzaren Land Rover-ak agertu ziren baina ez zen inongo istilurik gertatu.