Borroka dinamika, informazioa, bizitzeko erak eta festa, AHTren aurka

GARA. Jasone MITXELTORENA

AHT-ren kontrako mugimendua anitza da eta geroz eta argiago dago «lau katu» baino gehiago direla. Hala ikus daiteke gaur bukatuko den Zaldibiako akanpandan. Ekimena Goierrira zabaltzen da. Ekitaldiak ere denetarikoak dira: eztabaida, tailerrak, musika... Hau da egindakoaren laburpena.

Larunbata, 2

AHT eta ur-iturrien kalteak

Goizeko ibilaldiaren ondoren, arratsaldean hitzaldia eta bideo-emanaldia izan dira Zaldibian. Malagako Abdalajis bailaran AVE-k ur-iturri edo akuiferoetan eragindako kalteen berri emanen dute, eta jarraian, Udalaitz eta Aralar mendietako kasuak aztertu dira. Izan ere, AHT egin ahal izateko tunelak irekitzea beharrezkoa da, eta horretarako mendiak zulatzean, hain garrantzitsuak eta beharrezkoak diren ur-iturriak moztuak izan daitezke.

Ostirala, 1

Borroka estrategien joka

Itoitzekin Elkartasuneko Mabel Cañadaren eskutik borroka estrategiak landu ziren, rol-joko baten bidez. Erreferentziala da hauen lana Euskal Herrian ingurugiroaren alde egiten duen edozeinentzat. Egun hauetan bereziki garrantzitsua izaten ari da egitasmo erraldoia gelditzeko dinamika antolatzea, eta herriz-herri ematen den mobilizazioa koordinatu eta batera- jartzeko bitartekoak finkatzea.

Osteguna, 31

Bestelako gizarte ereduak

Akanpada beraren funtzionamendutik abiatuta, egun hauetan Zaldibian bildutakoek bestelako gizarte bat posible dela eta AHT bezalako egitasmo txikitzaileei aurre eginez inguruarekin armonian bizitzeko moduak ezagutarazten ari dira. Hori da Beizamako Leundaberri baserrira egindako bisitaren kasua: han nekazaritza ekologikoari eta autogestioari buruzko tailerra ospatu zen.

Bestalde, Udalaitz mendiaren magalean bildu ziren, Kanpazarko erromeria ospatzeko, inguruan dauden Angiozar, Arrasate eta Elorrio herrietakoak. Bailaran (Eskoriatzan eta Aramaion) hasi diren lanak gaitzetsi zituzten, Udalaitz moduko mendi enblematikoen eta ur-iturri gisa garrantzitsuak direnen suntsiketa salatzeko.

Asteazkena 30

Ordiziako azokan AHT-ri EZ!

Goizean goiz Zaldibiko Bekozelaia fabrika deituriko etxean indarrez sartu ziren ertzainak. Han zeuden lagunak behartuta atera zituzten, eta hori inolako baimenik edo agindurik gabe egin zutela salatu zuten Zaldibitik. AHTren kontrako materiala eraman omen zuten ertzainek.

Akanpadako parte-hartzaileak Ordiziko azokara joan ziren AHT bezalako egitasmoek zehazten duten gizarte-ereduaren parodia egin eta hori gaitzesteko. Gisa hortan, kide horiek, baserritarren eta herritarren konplizi- tatearekin, azokaren eta Udaletxearen aurrean argi utzi zuten egitasmoa gelditzeko gogoa.

Arratsaldean, Zaldibira itzulita, errekan freskatu eta txikienek nahiz animatuenek zirku-eskolan parte-hartu zuten. On- dotik ingurumenaren krisiaren eta pobrezia larriaren ondorioz eman daitekeen kolapsoa aztertu zen Valladolideko BAH kolektiboaren eskutik, eta Kubako mugikortasun eredua ezagutarazi zen diapositiben bidez.

Asteartea, 29

tailer, batzar eta poesia

Goizean akanpadako kide asko Iruñera joan ziren, Ian Tabar gazteari elkartasuna erakutsi eta gazteriaren kontrako jazarpena salatzeko. Zaldibin geratutakoek, borrokaren bitarteko komunikatiboen inguruko tailerra egin zuten. Besteak beste, Asanbladaren boletina, Erresistentzia Orria eta web orrialdea aurkeztu ziren, eta komunikazio nahiz koordinazio ona lortzeko egin beharrekoak aztertu zituzten. Afalondoan Gorka Setienen poesia eta musika emanaldiarekin gozatu ahal izan zen. Egunero izan dira antzerkia, bertsolariak, kantariak edo musikariak.

Astelehena 28

Ordizia-Zizurkil-Itsasondo

Batzuk Tolosaldera jo zuten goizean, Ordiziako jaietan atxilotutako laguna auzitegitik pasa eta orduan atera baitzen. «Erresistentzia, desobedientzia eta atentatua» leporatu dizkiote.

Beste batzuk berriz, Zizurkilera jo zuten, han burutzen ari diren zundaketen egoera ikusi eta kaltetuekin hitzegitera, akanpadatik azaldu zutenez. Zizurkil eta Asteasu artean omen dabiltza zundaketetan, eta azken hilabeteetan hamaika mobilizazio egin dituzte herritarrek horien kontra. Tolosaldean, lurren ja- beak biltzen ari omen dira egoera hori eurengana iristean aurre egin ahal izateko. Akanpadatik elkartasuna adierazi zitzaien.

Arratsaldean Itsasondora joan ziren, eta besteren artean, Goierrin azken hilabeteetan izandako ekintzak biltzen dituen bi- deoa ikusi ahal izan zen.

Etiketa(k):