Amalurraren alde bildu gaitezen! Donostialean azaroan

AHT ETA LURRARI ERASOTZEN DIOTEN POLITIKA SUNTSITZAILEEN AURKAKO EKINTZAK DONOSTIALDEAN

Datorren azaroaren 14, 16 eta 20ean, Donostiako AHTren aurkako taldeak antolaturik ekintza sorta bat egingo da “AMALURRAEN ALDE BILDU GAITEZEN!” lemapean AHTren eta lurrari erasotzen dioten politika suntsitzaileen aurkako oposizioari elkartzeko eta biltzeko topagune bat emateko. Hori dela eta, AHTren aurkako iritzia duten Donostialdeako pertsona eta talde guztiei ihardunaldi hauetan parte hartzeko dei egiten diegu, egitasmo anti-ekologiko eta anti-sozial hori gelditzeko Euskal Herrian egiten ari den borroka gure eskualdean ere indartu asmoz aurten egingo ditugun ekimenak abian jartzeko.

Helburu hori aurrean, azaroaren 14ko ilunabarrean, ostiralarekin, jende guztiari Loiolako Gaztetxean egingo den afari-meriendara eta Nafarroako “Txiflando improducciones” taldeak eskeiniko duen “S.O.S.TEMIBLE” antzerkira biltzeko gonbitea egiten diogu (IKUS 1 OHARRA: “S.O.S.TEMIBLE”). Hitzordua arratsaldeko 19’30etatik aurrera izango da eta Donostiako AHTren aurkako taldea aurkezteko batzar txiki bat ere egingo dugu.

Azaroaren 16ean, igandearekin, mendi ibilaldi batek Martutene eta Errenteria lotuko ditu, garraiorako azpiegitura-lan handien hedapena Donostialdean lurraldeari eragiten ari zaion kalte larria salatzeko. Ibilaldi hori, Oreretako AHTren aurkako taldearekin batera antolatu duguna, goizeko 10’30etan Martuteneko jolasparketik abiatu eta Txoritokieta eta San Markos mendietara zuzenduko ditugu urratsak, hurbilean dugun bizilurrak gordetzen dituen zenbait natur eta kultur ondare ezagutzeko eta azken hamarkadetan era guztietako jarduera erasokorrak (harrobiak, zabortegiak, hazkunde urbanistiko basatiak) pairatu dituen hiri-periferiako ingurune honetan Donostiako 2º Ingurabidea nahiz AHT bezalako garraio azpiegitura handien eraikuntzak gaurregun paisaia berriro desitxuratuz eta nekazaritzako jarduerak deseginez eragiten dituen kalte larrien berri emateko. Ildo honetan, Txoritokietako harrobi zaharra berriro martxan jartzeko egitasmoak sortuko lituzkeen inpaktu onartezinak salatuko ditu Jaizkibel Bizirik taldeak, hain zuzen ere Jaizkibelgo Supeportuaren obrak eskatuko lukeen kareharri kopuru beldurgarria hornitzeko Txoritokietako harrobi zaharra berrirekitzeko asmoa baitu Pasaiako Portuko Agintaritzak (IKUS 2 OHARRA: TXORITOKIETAKO HARROBIA). Esan gabe doa, gaurregun San Markoseko zabortegiaren itxiera albiste delarik, Errenteria eta Astigarragako mugan kokaturik dagoen Txoritokietako harrobi zaharra --Portuko Agintaritzaren jabegokoa eta azken hamarkadetan ustiatu gabe egon dena-- berriz irekitzeko erabakiak Lau Haizeta inguruko auzo oso poblatuetako (Altza, Beraun, Intxaurrondo) biztanleak mespretxatzen dituela, jende askorentzat aisialdi leku garrantzitsua baita hori. Igandeko ibiladian 4’15 ordu egingo dugu oinez eta mendian mokaduak egiteko norberak janaria eraman beharko du. Hala ere, martxa osorik egin gabe, nahi duenak ibilaldiarekin leku jakin batzuetan elkartzeko eta zati bat egiteko aukera izango du (IKUS EGITARAUA). Ibilaldia arratsaldeko 17’30etan Errenterian amaitu eta gero, erakusketa informatiboa eta sagardo dastaketa egingo dira 18’00tan Oreretako zumardian.
Azkenik, azaroaren 20ean, ostegunarekin, “Itoitz Hustu arte” bideoaren emanaldia eta Itoitzekin Elkartasuna taldeak erabilitako borroka-bideei buruzko solasaldia egingo da, arratsaldeko 19’30etan Loiolako Gaztetxean.

AHT eta azpiegiturak: krisiari aurre egiteko konponbide faltsuak


Gaurregun krisi finantzieroaren inguruko albisteekin zorabiatzen gaituzte, teknokratismo arduragabe eta harroputz batek burrunba mediatiko handiarekin hedatua. Alabaina, krisi horrek berehala ekarri dituen ondorioak baino, elite ekonomikoek sistemaren krisiari eman nahi izango dizkioten “irtenbideak” dira mehatxugarriak gehiago. Hau da, nola irtengo gara krisitik? Jakina, inola ere ez krisialdira eraman gaituen sistema zalantzan jarriz, hazkunde ekonomikoa eta etekinen pilaketa berriro bultzatuz baizik, nahiz eta hortarako ezinbestekoa den lana eta natura are gehiago esplotatzea. Agintariek, edozein eratan, hazkunde ekonomikoa automatikoki berrabiatuko dela diote sistema “ajustatu” bezain laister, planeta mugatu batean hazkunde amaigabearen ezintasun ekologikoari setakeriaz entzungor eginez. Gure garaiko “AHTopitoak” dira, jakina baita naturak, erabiltzen eta xahutzen ditugun baliabideen zorrak kitatzeko naturak mostradorerik ez duen arren, lurreko baliabide gehiegi eskatzen dituzten ekonomia desarrollistei gogor kolpatuko dien kiebra mekanismoak indarrean jarrito dituela etorkizun ez hain urrunean.
Honi dagokionean, azpiegitura-lan handiak (AHT, Superportua, errepideak) azkartzeko apostuak ezin hobeto islatzen ditu krisi ekonomikoaren aurrean ezazartzen ari diren konponbide faltsuak, arazoak konpondu baino larriagotzera daramaten erremedioak direlako. Izan ere, AHT eta Superportua bezalako azpiegiturak xahuketa ekonomiko itzelak direla eta, krisi finantzieroak proiektu horien garapena atzeratu behar lukeela dirudien arren, politikariek alderantzizkoa agindu eta obrak hazkunde ekonomikoa sustatzeko asmoz azkartu nahi dituzte, ingurugiroaren suntsidurak epe luzean ekarriko dituen kostuekiko axolagabekeria areagotuz. Politika hori zentzugabekeria hutsa da, are gehiago kontuan hartzen bada Aztarna Ekologikoak jada Euskal Herrian gure ahalmenen gainetik garatu garela erakusten duela: gure herriaren lurrazaleraren halako 3 behar genituzke lurraren gaitasunarekin bat eginez bizitzekotan. Ezin ahaztukoa dugu, halaber, azken 30 urteetan garraioa krisi ekologikoaren benetazko “nukleo gogorra” dela egiaztatu dela, eta Donostialdeari gagozkiola, bereziki, “ingurugiroari jada kalte larriak eragiten dizkioten azpiegitura kontzentrazio handia pairatzen duen lurraldea” dela onartzen dutela denek.
Oharkizun horiek bost axola zaizkie ordea, eta jarrera guztiz hipokrita da gero diskurtso politikoan jasangarritasunaren kontuarekin egiten den demagogia, hitz politekin suntsipen ekologikoa areagotzen duten AHT eta Superportua bezalako azpiegitura-lan erraldoiak eta teknologia xahutzaileak zuritzeko. Aipagarria da, gainera, krisialdiak jendartean eragiten duen noraezak eta segurtasun gabeziak gizartearen ontzantasuna areagotu eta historikoki arbuio zabala jaso duten egitasmoen onarpen pasiboa lagundu dezakeela, energia nuklearra kasu.
Bistan da, gizarteak daraman norabidea aldatu ezean, Carlos Fuentes-ek “Mexicoko Bost Eguzkiak” lanean esaten duen bezala gertatuko dira gauzak: “Lurrak ezin zion botereari gehiago eutsi. Boterea jauzi zen. Lurrak iraun zuen. Lurraz beste botererik ez zuen jendeak iraun zuen”.

Hori denagatik, uste dugu behar-beharrezkoa dela desarrollismoa errotik zalantzan jartzeko gogoeta kritikoa hedatzea eta lurraren aldeko borrokan segitzea. Hortaz, zuen parte-hartzea espero dugu, eta baita zuek animatuko dituzuen lagunena ere. Informazio gehiago nahi baduzue, nahiz proposamenak egin edota era aktiboagoan koordinatzeko, harremanetan jar zaitezte:
Donostiako AHTren aurkako taldea
Tlfnoa: 695715510

 

EGITARAUA:


Ostirala 14: Afari-merienda eta “S.O.S.TEMIBLE” Antzerkia Loiolako Gaztetxean:

19’30etan: Afari-merienda (janaria ekarri).
21’00tan: “S.O.S.TEMIBLE” Antzerkia, Nafarroako “Txiflando improducciones” taldearen eskutik (1).
Ondoren, Donostiako AHTren aurkako taldearen aurkezpena.

Igandea 16: Mendi martxa Martutenetik Errenteriara, Txoritokieta eta San Markosetik barrena:
10'30etan: Irteera Martuteneko jolasparketik.
Bidean: Antondegi, Menditxo (Buenaventura), Arkiri, Arkaitzaundi, Txoritokieta, Aitzetako Txabala, San Markos eta Isatse (4'15 ordu oinez)
Martxa osorik egin gabe, honako lekuetan igaroko denean ibilaldiarekin elkartzeko eta zati bat egiteko aukera dago: 12’15etan Menditxon (Buenaventura), 15’45etan San Markosen eta 17’00tan Errenteriako Isasea baserrian.
18’00tan: Erakusketa informatiboa eta sagardo dastaketa Oreretako zumardian.

Osteguna 20: “ITOITZ HUSTU ARTE” bideo emanaldia eta Itoitzekin Elkartasuna taldeak erabilitako borroka-bideei buruzko solasaldia.
19’30etan Loiolako Gaztetxean.

OHARRAK:
(1) “S.O.S.TEMIBLE” komedia satirikoa da, kutsu tragiko-komikoa duten desmasiak agertuz botere politikoari kritika zorrotza egiten diona. Azaroaren 14ean Loiolan egingo den emanaldira etorri ezin duenak, “S.O.S.TEMIBLE” antzerkia azaroaren 7an ere ikusteko aukera izango du, “Gazte Jaiak” direla eta egun horretan Añorgako zinema zaharrean arratsaldeko 19’30etan egingo den saiora bilduz. Antzerki absurdoaren ildotik eta hainbat esketxen bidez, egungo bizierako gertakizunak parodiatzen dituzte. Bi neskato bihurri eta ausartek beldurrezko Totem arranditsu eta ahobero batekin gordeketan jolasten dute. Monstruoaren aldean hain txikiak izanik ere, neskatoek adimena zorrozten dute monstruoa engainatzeko eta honek jendea bizitza osorako preso eta esklabu hartzeko erabiltzen dituen amarruak trabatzeko. Eta monstruoari irabazteko, berak erabiltzen duen tranpa-kateaz baliatuko dira.

(2) TXORITOKIETAKO HARROBI ZAHARRA BERRIREKITZEKO ASMOA, “Estudio Variante del Puerto Exterior de Pasajes izenburua duen azterketan plazaratu du IBERINSA enpresak: Jaizkibelgo Superportuaren obrari begira 7 milioi metro kubiko kareharri erauztea du helburu. Bestalde, Txoritokietako “Arkaitzaundi” izeneko parajean dagoen harrobi zahar hori aldi baterako hondakindegi (eskonbrera) bezala ere erabiltzea aurrikusten du, Kanpo Portura tunel handien bidez egin nahi dituzten sarbideen indusketa-lanetik ateratako materialak botatzeko. Gainera, Txoritokietako harrobitik ateratako materiala merkeagoa litzatekeela dio azterketa horrek, superportuaren obrari begira harrobietan guztira 25 milioi metro kubiko kareharri lortzeko Txoritokietakoarekin batera ustiatuko liratekeen Deba, Altzo eta Aizkibelgo (Urnieta) harrobietakoa baino. Ez alperrik, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak ere Txoritokietako harrobi zahar hori martxan jartzeko asmoa agertu du, 2005 urtean landutako “Estudio Preliminar del Plan Territorial Sectorial de Aridos Calizos” izeneko txostenean. Jaurlaritzaren plan horrek Txoritokietan lurrazpiko bi harrobi zabaltzea proposatzen du: bata Tolaberrin (Errenteriako Zamalbide auzoan) eta bestea Arkaitzaundin, “Rofer-Buenaventura” deitzen duena (Astigarraga-Errenterian). Arkaitzaundin 29 milioi metro kubiko kareharri ustiatu litezkeela aurrikusten du Industria Sailak, eta lurpeko harrobiaren sarbidea Ubarburu poligonoaren ekialdeko bailara txiki batetik galeria bidez egingo litzatekeela zehazten du.

Etiketa(k):