AHT gelditu! Elkarlanaren agerraldia

Agerraldi honen helburua, etzi, azaroak 18, “Orain da garaia! AHT gelditu!” lelopean Gasteizen burutuko dugun manifestaziorako deia berrestea da. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Iparralde gizarte etxetik.

Joan den ekainaren 8an, plaza honetan bertan bildu ginen esparru eta lan eremu askotariko pertsonak aldarri hirukoitza egiteko:

• Batetik, aldarrikatzeko AHT-ri ezetz esateko hamaika arrazoi dugula eta hala AHT-ren aurkako borroka jendarte sektore zabalen borroka dela: ekologistena, eskubide sozialen aldeko herritarrena, nekazariena, sindikalistena, langileena, langabeena, emakumeena, gazteena, etorkinena eta oro har herritarrei hitza eta erabakia itzultzearen eta justizia sozialean eta Ama Lurrarekiko errespetuan oinarrituriko jendarte-molde baten aldeko herritarrena.

• Bestetik, Madrilgo eta Gasteizko gobernuei exijitzeko, gehiengo sozial eta sindikalaren aurkakotasuna aintzat hartzeko, AHT-ren egitasmoa berehala gelditzeko eta afera honen gaineko hitza eta erabakia herritarrei itzultzeko.

• Eta azkenik dei ozena luzatzeko, ekologista, sindikalista, langile, langabe, emakume, gazte, etorkin eta oro har jendarte osoari proiektu antisozial eta antiekologiko honen aurka eta bere eskubideen eta hitzaren defentsan mobilizatzeko.

Bada, bost hilabete beranduago, plaza honetan bertan, aldarri hirukoitz hori berretsi beharrean gara. Izan ere, Madrilgo eta Gasteizko gobernuek gehiengo sozial eta sindikalarena den AHT gelditzeko exijentziari entzungor egin eta eraikuntza lanak abiatu baitituzte; egitasmoaren garapen osoan zehar gertatu bezalaxe, isilpean eta azpikeriaz abiatu ere.

• Hala bada, gaur hemen bildu garen esparru askotariko pertsonek berretsi egiten dugu AHT-k ondorio ekologiko, sozial, ekonomiko eta kultural ikaragarriak eragingo dituela; AHT-ri ezetz esateko hamaika arrazoi dula eta hala AHT-ren aurkako borroka oro har jendarte osoaren borroka dela. [eragile sozial eta esparru ezberdinetako pertsonen interbentzioa]

• Bestetik, exijitu egiten diegu Madrilgo eta Gasteizko gobernuei prepotentzia eta inposaketa albora dezaten, gehiengo sozial eta sindikalak egindako kritikak eta azaldutako aurkakotasuna aintzat har dezaten eta AHT-ren eraikuntza lanak zein oro har egitasmo osoa bertan behera utz dezaten.

• Eta azkenik, dei egiten diogu ekologista, sindikalista, langile, langabe, emakume, gazte, etorkin eta oro har jendarte osoari inoiz baino ozenago AHT-ri ezetz esan diezaion eta inoiz baino indar handiagoz AHT-ren aurka mobiliza dadin. Izan ere, orain da garaia bidegabekeria honi aski da esan eta obrak gelditzeko. Orain da garaia hitza eta erabakia herriari itzul diezaioten exijitu eta instituzioetatik inposatzen ari zaizkigun garraio, lurralde antolaketa eta herri ereduaren inguruko eztabaida zabala eta eraldaketa sakona burutzeko. Orain da garaia AHT gelditzeko. Larunbatean denok Gasteizera!!!

Orain da garaia! AHT gelditu!