Tunela

«Badira eurengan argia daramaten pertsonak, ikusi orduko distiratzen gaituztenak. Eta badira begiradan tunel beltzak da- ramatzaten pertsonak». Urrestillako idazleari irakurrita, zera bururatu zait, ez dudala izan aukerarik begietara so egiteko Abiadura Handiko Trena inposatu diguten agintari gris hauei. Ez dut, hala ere, zalantza izpirik multzo batean kokatzerakoan.

GARA-Iritzia

Tunela luzea izango da, tamalez. AHTrena diot. Ehun kilometro ingurukoa guztira, ama lurra errukirik gabe zulatuko diguna, Grouyere gazta bailitzan utziz.

Tunela iluna izango da, erabakitze prozesua izan den bezalakoa; ez baita informaziorik eskaini, ez baita gardentasunik izan, ez gizartearen adostasunik bilatu, ezta eztabaida publikorik bideratu ere.

Tunela zikina izango da, ehun kilometro horietatik ateratako hondakinek lohituko dituzten paraje eta bazterren eraldaketaren errudun izango delako. Lur azpiko ur eta akuiferoak zikinduko dituelako. Euskal gizartearen nahi eta beharrekin ez dutelako garbi jokatu.

Beti izan ohi da beltza tunela, agintari hauek parte hartzean oinarritutako demokraziatzat eta garapen iraunkortzat hau baldin badute Euskal Herriaren etorkizuna beltza izango den bezalaxe. Lurpebidea da, finean, tunela, eta horrela, azpitik hasi nahi izan dituzte lanak Araba aldean. Zergatik ote? Ez ote digute horrela onartu gizartearen babesik ezaz jabetu direla?

Ilunetan ekin diote Abiadura Handiko Trenari, ezkutuan, era klandestinoan. Isilpean hasi dira, lotsaturik edo. Geldituko ahal dira beraien tunel barruan!

Jon Artetxe - LABeko eta AHT Gelditu Elkarlaneko kidea