Manifestazio jendetsuak AHTren obrak gelditzeko exijitu du Gasteizen [Berria]

Herriari eztabaidatzeko eta erabakitzeko aukera ematea galdegin diete Ibarretxeri eta hirukoari. «Gutxi batzuen onura, ama lurraren kondena». Hala definitu zuen Iñaki Viñaspre bertsolariak Abiadura Handiko Trena, manifestazioa Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazara iritsitakoan eginiko bertsoan. «Bataila asko galdu ditugu, baina hau ezin da galdu eta ez dugu galduko», ohartarazi zuen Ruben Sanchezek haren bertsoan, eta plazan bildutako milaka lagunen txalo zaparrada aditu zen.

BERRIA. Estitxu Ugarte. Gasteiz

AHT Gelditu Elkarlanak deitu zuen manifestazioa atzo arratsaldean Gasteizen. 10.000 lagunek antolatzaileen arabera hiriko kale nagusiak hartu zituzten inoiz Euskal Herrian egin den azpiegitura garestiena arbuiatzeko. Iparralde gizarte etxetik 17:00ak aldera abiatu zen martxa jendetsua Orain da garaia. AHT gelditu zioen pankartak zabaldu zuen.

Pankarta nagusiaren atzean Arabako herri kaltetuetako ordezkariek kartel bana erakutsi zuten: Krispiñanan AHTrik ez, Arangizen AHTrik ez, Lopidanan AHTrik ez, Margaritan AHTrik ez. Era horretan, iragan hilean, Gasteiz aldeko 18 herritan kontzejuek deitutako galdeketaren emaitza gogoratu nahi zuten, alegia herritarren %90 AHTren kontra bozkatu zuela.

Arabarrekin batera, Bizkaian kaltetutako herrietako eta eskualdeetako pankartak ageri ziren manifestazioan: Durango, Abadiño eta Arratia, besteak beste. Gipuzkoatik etorritakoek, baina, arazo gehiago izan zituzten Gasteizera iristeko. Izan ere, Agurain aldean Guardia Zibilaren kontrola zain zuten eta ordu erdiz bederen bi autobus geldituta izan zituzten.

Halaber, Batasuneko Joseba Permachek eta Hasier Arraizek manifestazioan parte hartu zuten, baita EB-Berdeak taldeko Oskar Matutek eta EHAKko Julian Martinezek eta Ane Auzmendik ere. Gizarte mugimenduetako hainbat ordezkarik AHTren kontrako aldarriarekin bat egin zuten, besteak beste, Ekologistak Martxanek, Eguzkik, Segik, Elkartzenek eta LAB sindikatuak.

Manifestazioa Zaramaga auzotik abiatu eta Andre Mari Zurira iritsi zen bitartean 'txikizioa gelditu', 'herria bizirik, AHTrik ez', 'Eusko Jaurlaritza, txikitzailea', 'ama lurra defenda dezagun' eta 'Urbinatik ez dira pasako' oihuak etengabe aditu ziren. Plazara heldutakoan perkusio talde baten soinuek lemak ordezkatu zituzten, eta hamar minutu luze itxaron behar izan zuten AHT Gelditu Elkarlaneko kideek jende guztia plazara sartu arte.

ARIKETA DEMOKRATIKOAK. Ondoren, Idoia Bastarrikak eta Javi Lopez de Roblesek Elkarlanak prestaturiko agiria irakurri zuten. AHT gelditzeko bide bakarra antolatzea, mobilizatzea eta borrokatzea dela nabarmendu zuen Bastarrikak. Ildo horretan, Arabako hainbat herritan gauzatutako herri galdeketak nabarmendu zituen, eta gainerako herriek animatu zituzten kontsultak antolatzera. «Ariketa demokratiko hauek agerian uzten ari dira gizartearen gehiengoa, aukera emanez gero, AHTren kontrako jarrera hartzen ari dela», esan zuen Bastarrikak.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren lehendakari Juan Jose Ibarretxeri, eta hiruko gobernuari zuzendu zitzaien Bastarrikak. «Informazio gardena zabaltzeko, eztabaida parte hartzailea burutzeko eta herriari hitza eman ondoren erabakia errespetatzeko» exijitu zien. Bitartean, administrazioa behartzeko gizartearen indarra ezinbestekoa dela azpimarratu zuen Bastarrikak, eta oraindik obrak gelditzeko aukera dagoela esan.

Halaber, AHT Gelditu Elkarlanak azken asteotan Urbina aldean herritarrek jasaten ari diren Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren jazarpena salatu zuen.