Ertzaintzak agindu du terrorismotzat jotzeko AHTaren aurkako ekintzak

Berria. Iñaki Petxarroman. Donostia

Hiri Segurtasun ataleko buruak agindu zien iaz lurraldeetako Ertzaintzako buruei Auzitegi Nazionalera bidaltzeko auzi horiek. Urbinako zortzi atxilotuei terrorismo delituen protokoloa ezarri zieten

Abiadura handiko trenarekin (AHT) zerikusia duten ekintzak terrorismotzat jotzeko agindua eman du Ertzaintzak. Hiri Segurtasun ataleko buru Gervasio Gabirondo Fernandezek idatzizko agindua igorri zien iazko abuztuan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ertzaintzako buruei.

BERRIAk eskuratu du agiria. Hartan, Ertzaintzak protokolo bat ezartzen du kasu horietarako, eta, besteak beste, ekintza horiek, terrorismo delitutzat hartzeaz gain, Espainiako Auzitegi Nazionalera igortzeko eskatzen du. Agiriak ez du zehazten ekintzaren nolakotasuna; AHTko lanetan ari den enpresaren baten interesei erasotzeko asmoa egotea baino ez du aipatzen diligentziak zabaltzeko baldintza gisa.

Kasu horiei Zutabe izeneko jarduera aplikatzeko agintzen du agiriak: «Zutabe jarduera bat hasten baldin bada eta datu inprimakian 'AHTari eragiten dio?' galdera ageri baldin bada, galdera horri nahi eta nahi ez erantzun beharko zaio, kontuan harturik zalantzarik baldin bada 'BAI' erantzuna markatuko dela».

Diligentziak egin, eta atestatua irekitzea ez ezik, Ertzaintzak agindua du gutxienez zigor kodeko 571, 574 edo 577 artikuluak aplikatzeko. Hiru horiek terrorismo delituei dagozkie. Horiek ez ezik, beste delituren bat aplikatzeko aukera ere zabalik uzten du protokoloak.

Aldi berean, diligentziak Auzitegi Nazionalera igortzeko agindu die Ertzaintzak bere agenteei. Agindua 2008ko abuztuaren 28an igorri zuen Gervasio Gabirondok. Protokoloarekin batera, testuinguruko informazioa atxiki zuen oharrean, eta, besteak beste, azpiegituraren aurka egindako hainbat ustezko sabotaje ekintza ez ezik, ETA erakundeak maiatzaren 30ean argitaratutako agiria aipatzen du, non AHTaren aurkako iritziak plazaratu zituen. Halaber, Amenabar enpresaren aurka Hernanin eta Zarautzen (Gipuzkoa), bonbaz egindako erasoak aipatzen ditu.

Leitzarango autobidearen garaian, eta Lemoizko zentral nuklearraren proiektuaren aurka ETAk egindako erasoak aipatzen ditu, besteak beste, Ertzaintzako buruak agirian.

Urbinako auzia

Protokolo hau, ordea, ez da aplikatu bakarrik ustezko sabotaje eta atentatuetan. Izan ere, aurtengo urtarrilaren 17an Urbinan (Araba) izandako manifestazioaren ondorengo gertakarietan atxilotutako zortzi laguni ere terrorismo delituei dagozkien neurriak ezarri zizkien Ertzaintzak.

AHT Gelditu! Elkarlanak antolatutako manifestazioaren ostean, ehunka lagunek AHTaren bidera iristeko ahalegina egin zuten, antolatzaileek azaldu zutenez, desobedientzia zibileko ekintza baketsu batean. Ahalegin horretan, Ertzaintzako agenteak oldartu, eta istilu larriak izan ziren. Dozenaka lagun zauritu ziren istiluotan. Atxilotutako zortzi lagunak bi egun egon ziren Ertzaintzaren esku inkomunikatuta, eta tratu txarrak salatu zituzten.

Auziaren diligentziak Espainiako Auzitegi Nazionalera igorri zituen Ertzaintzak, baina kasua aztertu zuen Santiago Pedraz epaileak ez zuen auzia bere gain hartu, «terrorismo kasurik» ez zegoela argudiatuta.

Desobedientzia zibil baketsua «terrorismo» bilakatzea egotzi zion AHT Gelditu! Elkarlanak Herrizaingo Sailari.

Ertzaintzaren barne agiria

Hau da, hitzez hitz, Ertzaintzako Hiri Segurtasuneko buruak lurraldeetako arduradunei igorritako agiria: Jakiten baldin bada zerbait gertatu dela ustez enpresaren baten interesei erasotzeko, AHTko lanekin zerikusia bide duelako, honako hau egingo da gutxienez, non eta lehen ikerketetan ez den egiaztatu bestelako kasua dela:

1. Zutabe jarduera

Zutabe jarduera bat hasten baldin bada eta datu inprimakian «AHTari eragiten dio?» galdera ageri baldin bada, galdera horri nahitaez erantzun beharko zaio, kontuan harturik zalantzarik baldin bada «BAI» erantzuna markatuko dela.

2. Diligentziak

2.1.- Atestatua irekiko da, gertatuagatik salaketa jarri zein ez.

2.2.- Gertatutakoari legean dagokion sailkapena aztertuko da, baina, gutxienez, atestatuan Zigor Kodeko 571, 574 edo 577 delituetako bat agertuko da barne kodeari dagokionez, baita beste delitu mota batzuk ere aplikatu beharreko kasuetan ere.

2.3.- Atestatuaren azalean, «AHTa» hitza ipiniko da «non» eremuan.

2.4.- Irekitze diligentzian argumentario bat erantsiko da, honekin batean doana bezalakoa.

2.5.- Diligentziak Auzitegi Nazionalari bidaliko zaizkio.

(Erredakzioan itzulia)

Terrorismo delituak

571. ARTIKULUA

Norbaitzuek, banda armatu, antolakunde edo taldeetako kideak direla, edo horien zerbitzupean jardun edo horiekin elkarlanean ari direla, banda armatu, antolakunde edo taldeon helburua konstituzio ordena iraultzea edo herri bakea modu larrian eraldatzea denean, 346 eta 351. artikuluetan hurrenez hurren tipifikatzen diren kalte handiak edo suteak egiten badituzte, orduan, halakoei hamabost urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie. Horrek ez dio kalterik egingo inoren bizitzaren, osotasun fisikoaren edota osasunaren aurkako lesioa gertatu eta horri dagokion zigorra ezartzeari.

574. ARTIKULUA

Norbaitzuek, banda armatu, antolakunde nahiz talde terroristetako kideak direla, edo horien zerbitzupean edo horiekin elkarlanean ari direla, bestelako arau-hausteak egiten badituzte, 571. artikuluan azaltzen diren helburuetako bat lortzeko, orduan, halakoei egindako falta edo delituari dagokion zigorra goiko erdian ezarriko zaie.

577. ARTIKULUA

Norbaitzuek, banda armatu, antolakunde edo talde terroristetako kide izan barik, eta konstituzio-ordena iraultzeko edo herri-bakea modu larrian hausteko helburuarekin, edo xede horietan laguntzeko helburuarekin, herri bateko biztanleak edo gizarte-, politika- nahiz lanbide-talde bateko kideak ikaratuz, giza hilketak egiten badituzte, edo 149 eta 150. artikuluetan tipifikatutako lesioak, legearen aurkako atxiloketak, bahiketak, pertsonen aurkako mehatxuak edo derrigortzeak, edota sute-delitua, kalte handien delitua, 263. artikulutik 266.era artekoetan, 323 artikuluan edo 560. artikuluan tipifikatutako kalteak, nahiz armen, munizioen, gai edo aparatu lehergarri, sukoi, su-eragile edo itogarrien edota beraien osagaien edukitze, fabrikatze, gordailuan jartze, trafikagai hartze, garraiatze edo hornitze delituetatik edozein, orduan, halakoei egitate gauzatuari dagokion zigorra ezarriko zaie goiko erdian.

2 iruzkin for 'Ertzaintzak agindu du terrorismotzat jotzeko AHTaren aurkako ekintzak'

1. ELA: «Frogatu da AHTaren aurkakotza kriminalizatzeko bultzada

ELA: «Frogatu da AHTaren aurkako jarrerak kriminalizatzeko bultzada»
Ertzaintzak abiadura handiko trenari buruz emandako aginduak argitzeko eskatu du sindikatuak, eta «oso larritzat» jo ditu.
Herrizaingo Sailak adierazi du «joan behar duena» joango dela Auzitegi Nazionalera.

Auzitegi Nazionalera bideratutako lau auziak

«Asmoa izan da terrorismo delitu bat egoztea, manifestazioan egoteagatik»
Onintze Oleaga - Abokatua
Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru auzi atzera bota dituen arren, Auzitegi horretara AHTarekin lotutako kasuak bidaltzen jarraitzea «susmagarri» iruditzen zaio Onintze Oleagari.

2. LABek dio AHT "gelditzeko" mobilizazioetan "inoiz baino gehiago"

LABek dio AHT "gelditzeko" mobilizazioetan "inoiz baino gehiago" ariko dela

Sindikatuak salatu egin du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak abiadura handiko trenaren egitasmoaren kontrako ekintzak terrorismo delitutzat hartzeko eta auzi horiek Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzeko agindua eman izana.