AHT GELDITU! Elkarlanak AHTren aurkako borrokan inpliziorako deialdia egin du

“NIK ERE AHT GELDITUKO DUT!” DINAMIKA MARTXAN JARRI DU ETA MAIATZAREN 9AN, IRUÑEAN EGINGO DEN MANIFESTAZIOA IRAGARRI DU

AHT Gelditu! Elkarlanak datozen asteetan “Nik ere AHT geldituko dut!” lemapean “AHTren aurka, aurpegia eman!” dinamika jarriko du martxan, AHTa gelditzeko bidean norbanakoen eta kolektiboen atxikimenduak eta konpromisoak jasotzeko asmoz:

Abiadura Handiko Trenaren aurkako ekimen ugarien aurrean, lurren nahitaezko desjabetza ez legitimoen salaketen aurrean, herri-kontsulten bidez AHTari EZ esan dioten hamabi udalerriren erabaki demokratikoaren aurrean, AHTa sustatzen duten administrazioen erantzuna propaganda iruzurtia areagotzea, udalerriei entzungor egitea, desjabetzak Gobernuaren ordezkaritzetan zalantzazko legalitatearen bidez burutzea eta AHTren aurkako mobilizazioak delitu bilakatzea izan da.

Horregatik, kanpaina honekin, beren behatz akusatzaileak gure aurrean jartzen badituzte ere, “AHTren aurka aurpegia eman” nahi dugunak asko garela adierazi nahi dugu.

Egungo egoera:

Alde batetik, AHTren egoera Nafarroan (Korridore nafarra) eta horren finantzazioari buruz azken asteotan sortutako polemika aipatu behar genituzke. UPN eta PSN alderdiek AHT Nafarroan barna egiteko finantzazioa aurreratzeko akordioa egin dute, horrela gobernu zentrala presionatu eta azpiegitura hori Nafarroan egiteko beharrezko diren tramiteak azkartzen ahalegintzeko. AHT Gelditu! Elkarlanak salatu bezala, Miguel Sanz eta Roberto Jiménezen arteko itunaren eszenifikazioak, azpiegitura honen bideragarritasun eza salarazi diguten argumentu ugari berretsi besterik ez ditu egin, AHTa Nafarroan egiten bada 4.790 euro kostatuko baitzaizkio Nafarroako herritar bakoitzari. Berri hori latza bada ere, are latzagoa da gaur egun bizi dugun egoera sozioekonomikoa kontutan hartuta, Sanzen Gobernuak ekonomikoki bideragarria ez den eta sozialki bidezkoa ez den azpiegiturarako diru-kopuru izugarriak “aurreratu” nahi baititu, diru publikoa egungo hondamendi ekonomikora eraman gaituen eta gizakion arteko desberdintasuna handitzen duen gizarte-eredua areagotzeko diseinatua dagoen azpiegiturara desbideratuz. Azpiegitura honen funtzioa argia baita: guztion lurrak, urak eta aireak desjabetzea, gu guztiok hiper-mugikortasunera eta etengabeko soldatapeko lanera bultzatzea, hortik ere diruak eta botereak bilduko dituzten gure faraoi modernoak beren lekuan mantentzea, hautesleek edota akzionistek, nork jakin, agintari despota horiek berrestea. Gainera, aipatu eszenifikazio horien bidez, eztabaidaren gakoa lanen finantziazioan jarri nahi dute, hau da, nork finantzatuko duen eta nola finantzatuko den, baina benetako eztabaida azpiegitura bera egokia den ala ez, bultzatzen duen gizarte-eredua nahi dugun ala ez litzateke.

Bestalde, etorkizuneko Eusko Jaurlaritzaren balizko arduradunek (PP eta PSE-EE) AHTaren lanak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azkartzearen beharraz hitz egiten digute, AHTa hemendik aurrera izango duten jardueraren ardatzetako baten moduan aurkeztuz. Lehiaketa balitz bezala, alderdi horiek AHTa egungo krisi-egoera sozioekonomikoaren konponbidea balitz bezala saldu nahi digute. Eta horretarako, argumentu ezin pobreagoa darabilte gainera: eraikitze-lanetan lanpostu gehiago sortuko direla. Krisiari irtenbidea aurkitzea al da azpiegituraz lepo dagoen lurraldean azpiegitura gehiago eraikitzea? Eraikitzea bera al da helburua? Nor nahi dute salbatu euskal herritarren gehiengoak erabiliko ez duen azpiegitura eraikitzeko diru publikoa desbideratuz?

Oztopo guztien gainetik AHTrik EZ!

Baina, beste behin, eta gizartearen zati handi baten eskaerei muzin eginez, AHTa Euskal Herrian kudeatzen duten administrazio desberdinek, azeleragailua zapaldu eta ekintza burutuen eta inposaketaren bidetik jarraitzea erabaki dute. Are gehiago, azkenaldian, inposizio horren kriminalizazioaren eta errepresio polizial eta judizialaren zantzuak hartu ditu, AHTren sustatzaileek azpiegituraren beraren inguruko eztabaida ekidin nahi dutela ikusi baitugu, AHTren aurka dagoen aurkakotasun sozial zabal eta anitza kriminalizatzeko saiakerekin. Horren adibide dugu, duela pare bat aste argitaratu zen Ertzaintzaren barne-dokumentua, bertan, AHTren aurkako ekintza guztiak terrorismo-delitu gisa identifikatzea agintzen baitzen. Ibarretxeren jarduneko Gobernuaren arabera, Urbinan egindako ekintza erabat baketsuak, terrorismoarekin lotu daitezkeen ekintzak baldin badira eta “herri honetan AHTren alde ala kontra egon daitekeela” esan zuenean, esan nahi zuena “AHTren alde egon daiteke ala terrorismoz akusatu zaitzaketela” esan nahi al zuen? Zalantzarik gabe, aipatutako Ertzaintzaren dokumentuak, ingurumen, gizarte eta ekonomiaren aldetik astakeria besterik ez den AHTren aurrean besoak antxume egoteko prest ez gauden guztiok terrorismoarekin identifikatzeko jokaera-ildoa, duela hilabete asko ezarria zegoela berretsi besterik ez du egiten.

Hemendik aurrerako dinamikak:

Nabaria dira azpiegitura honen sustatzaileek, konpromisozko lan txukuna egiten ari den AHTren aurkako mugimendua desaktibatzeko eta mapatik desagerrarazteko egiten ari diren saiakerak. Baina, ezinbestekoa da, orain inoiz baino gehiago, AHTren aurkako mugimenduak proiektuaren egoeraren inguruko kontzientzia hartu eta AHTren sustatzaileen mezu triunfalistetatik aldenduz, AHTa gelditzea lortzeko are eta adore eta irmotasun handiagoarekin lan egitea. Horretarako, proiektu hau eta horren atzean ezkutatzen den eredu txikitzaile eta bidegabea zalantzan jartzen dugun pertsona guztion konpromisoa funtsezkoa da. AHTa gelditzeko norbanako eta kolektiboek konpromisoak hartzeko garaia dute.

Horretarako, AHT Gelditu! Elkarlanak NIK ERE AHT GELDITUKO DUT!” lemapean gizarteari irekitako dinamika jarriko du martxan. Hautatu dugun lemak gizarte-mugimendu garen heinean islatzen gaituen filosofia laburtu nahi du: guztion parte-hartzea eta gure koordinadoraren beraren izaera anitza. Zehaztuz, datozen asteotan, “AHTren aurka, aurpegia eman!” kanpaina jarriko dugu martxan proiektu hau gelditzeko konpromisoa duten ahalik eta pertsona gehienen argazkiak jaso eta AHTren aurkakotasun sozialaren aniztasuna ikustarazteko formula gisa. Datozen asteotan, gure buruaren argazkia ateratzeko aukera izango dugu auzo, herri eta hirietan egingo diren hainbat ekimenen bidez edo, aste bat barru martxan egongo den www.nikereahtgelditukodut.org web-orrira argazkiak bidali ahal izango ditugu. Web-orri horretan, kanpaina honekin loturiko hainbat herri eta hiritan aurreikusitako ekimenen berri izango duzue. Beraz, gizarteko sektore desberdinei deialdia zabaldu nahi diegu inposizioaren eta zentzugabekeriaren aurka aurpegia eman dezaten, borroka honetan pausu bat gehiago eman dezaten, lurrarekiko errespetua, justizia soziala eta berdintasuna oinarri izango dituen beste eredu bat eraikitzeko konpromisoak har ditzaten.

Halaber, jakinarazi nahi dugu, datorren maiatzaren 9an, manifestazio nazionala burutuko dugula Iruñean eta bide batez, aste honetan bertan, martxoak 17an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan, kontzentrazioa burutuko dela PSNren egoitzaren aurrean Iruñean (Sarasate Pasealekua).

Jakin badakigu borroka honen benetako kapitalak ez duela burtsan kotizatzen, ez dela eurotan zenbatzen. AHTren aurkako benetako kapitala, giza kapitala da. Gu guztiok, herri honetan bizi garen emakume eta gizonak gara AHT deituriko erokeria hau gelditzeko giltza, gu gara AHT geldituko dugunak.

AHT GELDITU! ELKARLANA
2009ko martxoaren 24an, Bilbon