Milaka pertsona bildu dira Iruñean, “Txikiziorako diru gehiagorik ez! Guztion artean AHT geldituko dugu!” kronika

ArgazkiaAHT Gelditu! Elkarlanak maila nazionalean Iruñean antolatu duen lehen manifestaziora milaka pertsona, 6.000 inguru, hurbildu da gaur arratsaldean. Manifestazioaren lemak argi uzten zuen AHTaren eta egungo krisi ekonomikoaren arteko lotura zuzena. AHT Gelditu! Elkarlanak behin eta berriz Euskal Herrian eraiki nahi den azpiegitura handienaren diru-xahutzea eta bideragarritasun eza salatu badu ere, Euskal Herriak egun bizi duen testuinguruan are latzago bihurtzen da herritarron gehiengo zabalari inongo onura sozialik ekarriko ez dion azpiegituraren erokeria. “Txikiziorako diru gehiagorik ez! Guztion artean AHT geldituko dugu!” lemapean, Erriberako “Plataforma Ribera por el tren sozial, no al TAV” taldeko kidea, Nafarroako SASOIA erretirodun eta pentsiodunen taldeko kidea, Nafarroako Ekologistak Martxaneko kidea, Arbizuko eta Iruñeko hautetsiak, LAB eta Zutik-eko kideak eta Tafalla eta Iruñeko AHT Gelditu! Elkarlanako kideak buru zituztela irten da manifestazioa Iruñeko Antoniutti plazatik. Handik, Ejertzitoaren etorbidean barna abiatu da AHTak gure lurraldean eragingo lukeen barrera-efektua islatzen zuen oztopo batzuen artean pasatuz. Plastiko handiak gainditu eta berehala, oinez zihoazen manifestariek espekulazioaren inguruko parodia bat ikusteko aukera izan dute. Principe de Viana plazara iritsi eta UPNren egoitzan alderdi horren jokaera salatzen duen pankartarekin batera, txalapartariek harrera egin diete UPNk hilaren 16an sinatzeko asmoa duen hitzarmenaren aurka oihuka zetozen milaka pertsonei. Merindades plazan, azkenaldian AHTren aurkako mugimendua pairatzen ari den kriminalizazioaren aurkako mezua aurkitu dute manifestariek pankarta batean zintzilik. Baina, ibilbidearen une harrigarri edo adierazgarriena Carlos III.era sartzean izan da: pankartaren atzean AHTren aurkako oihuak botatzen ari ziren milaka pertsonek, batukadarekin batera pausua moteldu dute, Abiadura Handiko Trena bultzatzen duen gizarte-ereduarekin ados ez daudela adieraziz. Azkenik, manifestazioaren burua Gaztelu plazara iritsi da eta jende andana hara iristen zen bitartean txalapartariek, rap-eroek eta Gartxotek animatu dute giroa. Giroa bero zegoela, AHTren inguruko parodiaren txanda izan da. Ondoren, AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak igo dira oholtzara eta Euskal Herriko txoko guztietatik etorritakoei eskerrak eman ostean, proiektu elitista, suntsitzaile eta garestiaren inguruan aritu dira. Herritarroi gutxienez 10.000 milioi euro kostatuko zaigun azpiegitura jokoan dagoela oroitarazi dute, onura beharrean, kaltea besterik eragingo ez duen azpiegitura. Horrexegatik, AHT Gelditu! Elkarlanak bere lanean tinko eutsiko diola berretsi dute bi kideek, informazioa banatu eta jendea mobilizatzen jarraituko dutela, AHTari ezetz esaten. Manifestarien ahotsak are ozenago entzun dira, Iruñeko Gaztelu plazan, “Ez, ez, ez, AHTrik ez!” eta Nafarroako hitzarmenaren aurka oihukatzen zuten bitartean.

Manifestazioko bideo honetan bukaeran egin duten antzerki barregarria ikusteko aukera duzu.

Argazkia

IRUÑEAN, MAIATZAREN 9KO MANIFESTAZIOKO AZKEN TESTUA. AHT GELDITU! ELKARLANA.

Gaur, 2009ko maiatzaren 9an, milaka pertsona izan gara Iruñean bildu eta AHT deituriko erokeriaren eraikuntzari ezezkoa esan diogunak. Milaka pertsona bildu gara Euskal Herrian inoiz aurreikusi den azpiegitura handienari EZ argi eta garbi esateko. Milaka eta milaka pertsona gara, hamaika arrazoigatik, proiektu faraoniko honen eraikuntzaren aurka gaudenak. Proiektu hori, diruzalekeriaren eta espekulazio-nahiaren ikuspuntutik, naturaren eta euskal herritarron gehiengo zabalaren diruaren lepotik aberasten jarraitzeko ikuspuntutik soilik uler daiteke. Proiektu elitista, suntsitzailea eta ikaragarri garestia da; gutxienez 10.000 milioi euro kostatuko litzaigukeen “trenbide-pelotazoa”; osasuna, hezkuntza eta enplegu- politiketara bideratutako aurrekontu-sailen murrizketak ekarriko dituena; eraikiko balitz, gure Herriak inoiz jasan duen hondamendi ekologikoena izango litzatekeena; lurraldea zatitu eta Euskal Herriko ehunka herri eta milaka pertsona bakartuko lituzkeena. Azken finean, ingurumenean izugarrizko kalteak eragingo lituzkeen azpiegitura; hamarkadatan zehar diru publikoak hipotekatuz, gaur egun garraioarekin zerikusia duten arazoak konpondu baino areagotu besterik egingo ez lituzkeen proiektua. Horregatik, administrazio publikoek, bai Euskal Autonomia Erkidegoak bai Nafarroak, gaur egun bultzatzen duten garapen-ereduaren islatzat hartzen dugu AHTa. Eredu horrek, diru publiko ikaragarriak esku pribatuetan jartzen ditu zuzenean. Eredu horrek, egungo arazoei konponbideak jarri baino, areagotu egiten ditu. Eredu horrek, azpiegiturak herritarron zerbitzura jarri ordez, herritarrok jartzen gaitu azpiegituren eta gutxi batzuen interesen zerbitzura. Azken finean, eredu horrek, ekonomia, gizarte eta ingurumenaren ikuspuntutik garapen ez iraunkorraren oinarriak besterik ez ditu. Diru-xahutze basati hori azpimarratu beharrean gaude, eredu desarrollista horrek, garapenkerian oinarritutako eredu horrek, gaur egungo gizarte- eta ingurumen-krisira eraman baikaitu. Orain, kontsumoaren amaierarik gabeko hazkundean oinarritutako eredu ekonomikoak natura-baliabideen muga naturalarekin talka egin baitu. Orain, kaleratzeen bidez, eredu ekonomiko horrek sortzen duen sektoreen eta herrialdeen arteko bereizketa ekonomikoak bere gordintasunean antzematen ari baikara. GUZTION ARTEAN AHT GELDITUKO DUGU!!! AHTa gelditzeko une garrantzitsuan gaudela uste dugu. Gizartean areagotzen ari den aurkakotasunak, ezbairik gabe, herritarron lepotik azpiegitura inposatu nahi digutenen asmoak errailetik ateraraziko ditu. Azken hilabeteotan, nabarmenak izan dira AHTren aurkako herri-mugimendua kriminalizatzeko saiakerak. Ezin dugu ahantzi Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hainbat alderdi politikok, zenbait komunikabiderekin batera, behin eta berriz abian jartzen duten toxikazio-kanpaina. Baina, zentsura, gordekeria eta demagogiaren aurrean, AHT Gelditu! Elkarlanak informazioa ematen eta eztabaida sustatzen jarraitzeko konpromisoari eusten dio; kriminalizazioaren aurrean, mobilizazioa eta herritarren parte-hartzea bultzatzen jarraituko dugu; gu baztertzeko egiten dituzten saiakeren aurrean, borroka honetan, jende andana biltzen jarraituko dugu. Borroka honek, guztion konpromiso, lan eta inplikazioarekin, bere emaitzak eman eta AHTa geldituko baitu. AHTa geldi daitekeelako, AHTa gelditzea beharrezkoa delako, zeuon auzo, herri eta hirietatik proiektu txikitzaile hau gelditzeko lan egiten eta dinamikak bultzatzen jarraitzera animatzen zaituztegu. TXIKIZIORAKO DIRU GEHIAGORIK EZ!! GUZTION ARTEAN AHT GELDITUKO DUGU!!! EZ, EZ,EZ AHT-rik EZ!!!

Etiketa(k):