AHTren aurkako akanpada edo kolektiboaren magia

AHTren aurka Izurtzan egindako akanpada amaitu berri dugu eta balorazio hau plazaratu nahi dugu:
AHT-REN AURKAKO KANPALDIA EDO KOLEKTIBOAREN MAGIA
Aurtengo AHTren aurkako kanpaldia hasi baino lau egun lehenago lagun talde bat elkartu ginen Izurtzako plazan muntaketari ekiteko. Aulki batzuk behar genituen eta bertako tabernariari eskatu genizkion. Kontuz ibiltzeko, ez puskatzeko eta erabili ondoren bueltatzeko agindu zigun, aulkiak uzten zizkigun bitartean. Normala da mesfidati egotea zure herria ezezagunez gainezka ikusten duzunean.

Izurtzak bere herria utzi digu aurten akanpada burutzeko eta horretaz gain oso harrera ona eta tratu bikaina eman digu bildu garen ehundaka lagunoi. Izurtzako herriari bihotz bihotzez eskertu nahi diogu hau guztia.

Erresistentzia eremu honetan bildu garenok AHTren eta egitasmo desarrollista guztien aurka egoteaz gain, bestelako jendarte eredua ere aldarrikatzen dugu. Eta kanpaldia iraun bitartean praktikan jartzen dugu guk nahiko genukeen jendarte antolakuntza. Utopia errealitatea bilakatzen dugularik.

Guk geuk antolatzen dugu kanpaldia era horizontalean, inongo buru edo iherarkiarik gabe.

Asanblada irekia dugu gure iharduera guztiak kudeatzeko tresna eta partehartzaile guztiek eman dezakete bere iritzia bertan. Horren bitartez hartzen ditugu erabakiak denon artean era adostu batean.

Berrehun ta piko lagunen arteko komunikazioa ez da batere erreza. Elkarren arteko errespeto handia eta dinamizazio ona eskatzen ditu horrek. Estatuko eta Europako jende asko etorri denez kanpaldira asanbladaren berezko zailtasunari hizkuntzen aniztasuna gehitu zitzaion. Urtero bezala nahi zuenari euskeraz hitz egiteko eskubidea bermatu zaio bapateko itzulpen taldei esker. Nazioarteko akanpada euskalduna izan dela esan dezakegu.

Lan kolektiboaren bitzartez prestatu eta burutu ditugu otorduak, hitzaldiak, tailerrak, mendi zein txirrindula martxak, antzerkiak, musika emanaldiak... Harrigarria da zenbat gauza egin dezakegun lagun askoren artean. Indibidualismoarekin apurtzen dugunean lan amankomunaren magia deskubritzen dugu. Ehundaka lagun egiturarik gabe jende multzo bat besterik ez da. Baina antolatzen eta egituratzen denean kolektibitatea ehundaka inurriek osatutako izaki biziduna bilakatzen da eta bere kabuz funtzionatzen du. Izugarrizko ahalmen eta potentziala dauka izaki kolektibo honek eta demokrazia ordezkatzailearen ezinbestekotasuna zalantzan jartzen du.

Eta ekintzak ere era kolektiboan burutu ditugu. Durangoaldean dagoen AHTren lan eremura sartu ginen ehun lagun inguru. Desobedientzian oinarritutako ekintza masibo bat izan zen. Lan eremuaren okupazio tenporala gauzatuz, guztiona dena, lurra, berreskuratu genuen tarte batez. Aldez aurretik markatutako helburua bete genuen beraz. Argi geratu zen errepresio poliziala jasotzen ez badugu era baketsu, alai eta tinkoan aritzen garela. Urbinako lan eremuaren okupazioaren helburua eta prozedura berbera izan zen gure aldetik, baina hamarnaka zauritu eta zortzi atxilotuen emaitzarekin bukatu zen. Honek argi uzten du poliziaren interbentzio bortitza izan zela bi ekintzen arteko ezberdintasun nagusia.

Urbinan gertatu zenaren ondoren bildurtu baginen ere, gaur beldur hori gainditu egin dugu. Indarberrituak atera gara.

Aurten ere jende askok hartu dugu parte kanpaldian eta izugarrizko giro polita egon da partehartzaileon artean. Gure harremanak sendotu egin dira eta konfidantzazko sareak iruten jarraitu dugu. Eskerrik asko etorri zareten guztioi.

Akanpada bukatu ondoren desmuntatzea hasi da. Izurtzako tabernariarengan jo dugu berriro aulki eta mahaien eske. Nahi adina hartzeko esan digu irriparre zabal batekin. Oraingo honetan bere ahotsean ez dago mesfidantza izpirik.

Etiketa(k):

2 iruzkin for 'AHTren aurkako akanpada edo kolektiboaren magia'

1. Kantabriatik, mila esker zuei

Inurriak gora, hormigoia zulora!!

Eskerrik asko Izurtza.

2. Kantabriatik mila esker zuei

Inurriak gora, hormigoia zulora!!

Eskerrik asko Izurtza.