Alegiako lurrak Donostian desjabetu. Otsailak 11

Tolosaldean AHTaren lanak hasi dituztela barneratu nahi digute, besteak beste, abenduan Patxi Lopez eta konpainia, azpiegitura honen Tolosako zatiko lehenengo harria jartzera etorriz. Baina, nola liteke oraindik desjabetu gabe dauden lurretan dagoeneko lanak hasita egotea? Egoera nola dagoen ez azaltzeaz gain, gezur potoloak ari dira esaten.

Egoera oso ezberdina da zati batetik bestera, Tolosa–Alegi zatian desjabetzeekin hasi dira baina ondoren datorrena (Tolosa-Hernialde) oraindik zehaztu gabe omen dute. Gainera desjabetze horiek era lotsagarrian ari dira gauzatzen, lurjabeen gutxiengo eskubideak ezkutatu eta bortxatuaz, xantaiak bat bestearen atzetik eginaz. Ezin da onartu honela joka dezaten, ez lurjabeekin, ezta beste edozein herritarrekin, denok izango bait ginateke kaltetuak proiektu txikitzaile hau egingo balute.

Tolosaldean izan ziren lehenengo akta sinaketak (desjabetze prozesuaren azken pausoa), azaroan izan ziren. Legorreta-Tolosa zatiko lurjabeak deitu zituzten bertara eta lurjabe askok informazio gehiago eduki bitartean ez sinatzea erabaki zuen. Hurrengo akta sinaketak abenduaren 15 eta 16an izan ziren, hauetan, Tolosako-Alegi-Tolosa zatiko lurjabeak deitu zituzten herri hauetako udaletxeetara. Alegiako kasuan ezin izan ziren akta sinaketak aurrera eraman, udaletxea itxirik topatu bait zuten, Tolosan aldiz, udaletxea irekita egon arren, lurjabe batzuk beraien eskubideak bermaturik ez zeudenez ez sinatzea erabaki zuten. Informazio guztia eduki, beraien lurretara joan eta, AHTaren lanek, zehazki ze eragin izango luketen azaltzen ez dieten bitartean ezer ez dutela sinatuko diote.

Akta sinaketen inguruan iritsi zaigun azken berria, otsailak 11n izango denarena da. Kasu honetan, Alegian atzera bota zena, Donostiako Gobernu Zibilaren egoitzara pasa dute. Udalen autoritateari muzin egin dio Espainiako gobernuko Fomentosailak eta oraingoan Alegiako alkatetzaren ordezkaririk egon gabe ere aurrera eraman ditzakete sinaketak beraz, lurjabeak, beraien herriko udaletxeak eta alkatetzak ematen zien segurtasuna edukitzearen eskubidea ere kentzen diete.

Baina oraingoan ere lurjabe batzuk, berauen eskubideak bermatuak izan ez direnez, ez dute sinatzeko asmorik. Hauen alegina ikusirik, berauekin egongo gara eta denon artean lortuko dugu proiektu txikitzaile hau gelditzea!!!!!