AHT Gelditu! elkarlanak Val Susan AHTren aurka diharduten pertsonen aurka poliziak erabilitako errepresio basatia salatzen du

AHT GELDITU! ELKARLANAK VAL SUSAN AHT-REN AURKA DIHARDUTEN PERTSONEN AURKA POLIZIAK ERABILITAKO ERREPRESIO BASATIA SALATZEN DU:
    AHT Gelditu! Elkarlanak bere elkartasun osoa helarazi nahi die Val Susan AHTren aurka diharduten herritarrei eta gogor salatzen du Berlusconiren Gobernuak AHTren aurkako herritarrei zuzenduriko polizia-errepresio basatia. Azken asteotan, Val Susan urtarrilaren 23an AHTren aurka eginiko manifestazioan 40.000 pertsona bildu baziren ere, Italiako Gobernuak berriz ekin die indarraren bidez Lyon-Turin arteko AHTren proiektuaren zundaketa geoteknikoak. Istiluen kontrako poliziak eta carabinieriek bailara alpetarra indarrez hartu dute zundaketa-makinak babestu eta 2005etik, herritarren mobilizazio zabal eta gogorren ondorioz, geldi zegoen kanpaina geoteknikorako lanei ekiteko. Otsailaren 17tik 18rako gauean, bailara osoa berriz ere mobilizatu da zundaketetarako aurreikusi dituzten lekuetara makinak iristea ekidin eta lanen hasiera galarazteko errepideak, autopista eta trenbidea blokeatuz. Hala ere, indar errepresiboek gogor egin dute manifestarien aurka eta lekuz kanpoko indarkeria erabili dute. Horren ondorioz, haur bat bortizki zauritu zuten konortea galdu arte jo baitzioten burezurreko traumatismoa eragin eta hanka bat hautsiz; ospitaleetan artatutako zaurituak ugari izan ziren, gas negar-eragileak erabili zituzten, irrati-kazetaria eta adineko emakume bat bortizki kolpatu zituzten...

    Bailaren ez ezik, Italia guztian giro politikoa gero eta tentsio handiagokoa bada ere, komunikabideek AHTren aurkako mugimenduaren ekimenak isilarazi eta nahasteaz gain, herritarrei ahotsa kendu diete, Val Susa bailarara iristeko bideak moztu dituzte... Egoera nahasi horren aurrean, herritarren mugimendua informazio-harresia hausten ahalegintzen ari da eta blokeo-ordu luzeek aurrera egiten dute bailaran. Biztanleek erresistentzia irmoari eusten diote eta hori da poliziaren indarkeria legalizatuaren aurrean izutzen ez den herriaren erresistentzia. Val Susako eta Piemonte eskualdeko NO TAV batzordeek, beraz, borroka eta blokeoekin jarraitzen dute lanak bertan behera uztea lortu arte.

    Horregatik guztiagatik, AHT Gelditu! Elkarlanak elkartasun osoa adierazi nahi dio Val Susan AHTren aurka diharduen herriari eta frantziar Estatuan AHTren aurkako mugimenduaren egituratze bizkorra azpimarratu nahi du. Hori dela eta, datorren larunbatean, martxoak 6, Okzitaniako Nérac udalerrian (Lot-et-Garona departamenduan) egingo den manifestaziora deitzeaz gain, Iparraldeko ingurumenaren aldeko taldeen koordinadora den CADEk martxoaren 14an, Lapurdiko eta Landes hegoaldeko hamar herritan LGVren inguruan egingo diren herri-kontsultak gogorarazi nahi ditugu.
   
AHT GELDITU! ELKARLANA

Etiketa(k):