Aramaion kontsulta errespetatu beharrean alkatea epaitu eta herria inkomunikatu

Datorren asteazkenean, apirilak 14, goizeko 9:30ean, Aramaioko alkate Asier Agirre epaitu nahi dute 2007ko irailean Aramaion egindako herri-galdeketa dela eta. Hori dela eta, alkateak berak eta Aramaioko herritarrek jaso dituzten babes eta elkartasun adierazpen guztien artean, besteak beste, Euskal Herri osoko makina bat udalek eta  taldek, AHT Gelditu! Elkarlanak ere bere babesa adierazi eta asteazkenean bertan egingo den kontzentraziora deitzen du prentsa-ohar honen bidez:

AHT Gelditu! Elkarlanak Aramaioko alkatearen aurka egin nahi den epaiketaren zentzugabekeria salatu, bertan behera uztea exijitu eta kontzentratzera deitzen du

AHT Gelditu! Elkarlana osatzen dugun talde, sindikatu, alderdi eta norbanakook, Aramaioko alkate Asier Agirreri gure elkartasuna adierazi nahi diogu, 2007ko irailean herritarrek sustatutako herri-galdeketa antolatu zela eta, 9 urteko gaitasungabetze eskaerari aurre egin behar baitio.

Galdeketa horretan, herritarren erdiak baino gehiagok hartu zuen parte eta emaitza Arabako ibar deigarrienetako bat, Aramaioko bailara, zeharkatu eta suntsituko lukeen Abiadura Handiko Trenari EZezko borobila izan zen.

Galdeketa hori delitu gisa hartzeak aurrekari larria ezarri du horrelako azpiegituren eragin zuzena paira dezaketen hamaika herriren egoera kontuan hartzen badugu eta gainera, demokraziaren ikuspuntutik arazo garrantzitsu baten aurrean bizilagunen iritzia zein den jakin nahi izatearen jarrera eredugarriak dinamitatzen ditu.

Herriari hitza emateaz hitz egin eta herriak nahi duena ezagutzeari begira eginiko jarduerak gaitzetsi eta eragozten dituzten bitartean beren buruak herritarron ordezkaritzat dituztenen jarrera hipokrita salatzen dugu. Argi dago agintari horiena "herritik, herriarentzat, baina herririk gabe" politika dela, aspalditik enpresa handien proiektuak herrien, herritarren eta ingurumenaren kaltetan indartzen aritu den politika hori, hain zuzen ere.

Politikari horien aurrean, Aramaioko alkatea bezalakoek, herritarrei beren iritzia adierazteko erraztasun guztiak eman eta herriak esana betetzeko ahaleginak egiten dituzte.
  
Abiadura Handiko Trenaren proiektuak desinformazioa du oinarri eta bere helburua herritarrek ez jakitea eta iritzirik ez ematea dela salatu izan dugu. Aramaiok, ordea, beste herri askok bezala, proiektuaren inguruko iritzia eman zuen eta bozen % 97k ezezkoa eman zion AHTri.

AHT Gelditu! Elkarlanarentzat, Aramaioko alkateari eta beraz, Aramaioko herriari ezarri nahi zaion zentzugabekeriari eman diezaieketen irteera bakarra epaiketa bertan behera uztea da, Udalak bere herritarrei zor dien errespetuan oinarritutako lanean esku sartze larria adierazten baitu.

Horregatik guztiagatik, apirilaren 15ean, asteazkena, 9:30ean, Gasteizko Epaitegien aurrean,  Aramaioko alkate Asier Agirreren aurkako epaiketaren ordu berean egingo den kontzentrazioan parte hartzera deitzen dugu, gure elkartasuna Aramaioko alkateari berari eta herriari adierazi asmoz.

AHT GELDITU! ELKARLANA