Iruñea oinez

Giza-emeok lurraldea oinez zeharkatzeko eskubidea daukagu. Oinezkoak garen aldetik oinez egiten dugu bidea. Leku batetik bestera ibiliz joan ahal izatea askatasunaren adierazpidea da. Haizea, euria, giro hotza eta  beroa, hezetasuna, freskotasuna eta usainak bidean zehar agertzen zaizkigu, eta gu horietan murgiltzen gara, sentsazio anitzak gozatuz eta sufrituz. Estimulo ezberdinek bizirik gaudela oroitarazten digute, erosotasuna astinduz. Eskertzekoak, zinez. Oinez joaterakoan beste oinezkoekin egiten dugu topo, eta minutu batzuk hitz egiteko aukera ematen diguten hitz ordurik gabeko topaketak poztutzekoak izaten dira, gehienetan. Espero gabeko experientzia txikiek eguna  aberastuko digute.

Hiri handia metropoli bilakatzen den heinean oinez desplazatzeko parada nabarmenki murrizten da. Kristalezko burbuilak isolatutako gurpilmotordun  aulkian,  lehen aipatu ditugun  aukerak dexente gutxitzen dira. Kotxei mugikortasuna errezten zaion neurrian ibiltzeko aukera zaildu egiten zaigu oinezkoi. Asfaltoak eta porlanak berdegune, basotxo, sastrakak jositako gune, garisoro eta gertakizun askoren lekuko izandako bidexkei lekua irabazten diete eta eremu hauek betirako desagertzen dira metropoliak garaituak. Batzutan errotondak, ingurabideak,  autobiak eta antzerako azpiegitura erraldoiak eraikitzeko. Besteetan intentsitate txikitzaile  baxuko azpiegiturak egiteko, ibaiaren aldeko porlanezko bideak alegia.

Iruneako Alde Zaharrak irla  erromantiko eta xarmangarri izaten jarraitzen du metropoliaren ozeanoan.  Hemengo auzokideok pribilejiatuak garela esan dezakegu. Auzoko umeak eskolara oinez joan daitezke, inguratzen gaituzten eraikinak neurrikoak eta atseginak dira beraien artean paseatzeko eta aniztasuna eskaintzen duten  denda txikiak baditugu eskura. Hau guztiaren ondorioz  auzokideon  mugimendua indartsu, aberatsa eta osasuntsua da, auzoa bezala. Gainera, inguruan dauden berdegunetara oinez  joateko aukera ere badugu Alde Zaharrakook.  Eta baita Aranzadi paradiso txikiak   dituen lurrak jorratzera  jeisteko aukera ere. 

Historiak eta oinezkoen bideek lotzen dituzte Aranzadi eta Alde Zaharra. Urteak daramatzagu hiritarrok sabelak alaitzen  erreka ondoko baratzek eskaintzen diguten oparotasunarekin. Neurri txikiko ortuetan  barazkiek mosaiko koloretsuak margotzen dituzte eta nekazarien artelanak dirudite. Kalekume arrunt baten  ikuspuntutik alperrak diren heskaiek ehundaka espeziei ematen diete babesa. Harrizko hesiek eta heskaiek Arga errekak izaten dituen gorakaden eragina moteltzea eta arintzea dute helburu. Naturan denak dauka bere funtzioa. Zuhaitzak, landareak, sastrakak eta loreak ehundaka animali eta insektoen gordelekuak dira Aranzadi bezalako naturgune paregabean. Biodibertsitatearen gotorleku txikia bezain ederra dugun eremu honetan edozein eraldaketak ondorio latzak ekar lituzke.

Baina metropoliak Aranzadi irentsiko duenaren mehatxua aldez aurre daukagu. “Nekazaritza hiritarroi hurbiltzea“ bezalako eufemismoak erabiltzen ditu Barcinak ortuetan eragin nahi dituzten eraldaketak zuritzeko. Zer esan nahi du horrekin? Ez al daude egun baratzak herritarrongandik nahiko hurbil? Susmoa daukagu  orain arte nekazari txikien esku zegoen kudeaketa UAGNko handi mandiei ematea dela benetako xedea. Eta bide batez  iraganean gauzak nola egiten zirenaren trazak betirako ezabatzea  eta urteetan zehar naturak sortu eta „hortelanoek“ landutako inguru ederrari modernitatearen zigiloa ezartzea.

Iruñarrok zehaztasun gutxi daukagu udal teknikariek bulegoan Aranzadirako diseinatu duten plangintzaren inguruan. Zertan bilakatuko da  egun Iruñarron elikaduraren burujabetasuna bermatzen duen lurra? Hondeamakinak hiru urtez Aranzadin igaroko dutela jakiteak  gure susmo txarrenak pizten ditu. Arestian aipatu kalekume arruntarekin bat etorriz biodibertsitatearen gordelekuak diren sastrakak, heskaiak, zuhaiskak eta  sasiak paisajista askoren iritziz alperrak eta zikinak direla jakiteak gure mesfidantza areagotzen du. Gure uste apalean horrelako irizpideak dauzkaten lanpostuak dira benetan zentzugabeak eta kaltegarriak. Hau guztia jakinda  eta udalaren porlanzaletasuna  ezagututa Aranzadi dagoen bezala uztea   galdegiten dugu Iruñazaleok. Iruñea Oinez egunero gozatzen jarraitu nahi dugulako.

Bea Arana, AHTren aurkako mugimenduko kidea

Etiketa(k):