Herria ez odolustu! AHTrik Ez!" prentsaurrekoaren komunikatua.

GEZURRAREN ETA INPOSAKETAREN PROIEKTUA
Abiadura Handiko Trenaren egitasmoari dagokionez, momentu oso garrantzitsu batean aurkitzen gara. Jadanik ibilbidearen hainbat zatiren eraikin-proiektuak eskaintza publikora irten dira, hain zuzen ere gure eskualdean Arrasate eta Elorrio eta Abadiño eta Durango tartekoak. Aitzitik, proiektuaren inguruan dagoen informazioa oso eskasa da, aurkezpen liluragarriak eta proiektuaren onurak aipatzeaz aparte, erakundeek sistematikoki AHTren benetako inpaktu ekologikoa, ekonomikoa eta soziala ez dituzte publiko egiten.

Azken adibidea Durangoko udaletxean izan dugu, bertan Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, eraikin-proiektuaren planoak utzi zituzten eta Durangoko gobernu taldeari eskatu genion publikoak egiteko, hiritar osotasunari zabalduz. Baina horrezkero ez dugu erantzunik jaso, zer dela eta hainbeste beldur informazioa herritarren artean zabaltzeko?, Hain ona eta beharrezkoa baldin bada, zergatik informazioa ezkutatu?.

Guztiz beharrezkoa ikusten dugunez informazio hori plazaratzea, datorren astean Durangaldeko herrietan, Durangotik hasita, planoen erakusketa publikoa egingo dugu. Bertan herritarrek, azpiegitura bera jarraituko duen ibilbidea ikusteaz gain, bideak eta obrak egiteko, egingo diren lurren desjabetzeak ikus ahal izango dituzte.

Bestaldetik erakundeek informazio gardentasunik batere gabe eta manipulazioa lagun bultzatzen duten egitasmo honeri aurre egiteko deia luzatzen diegu herritarrei. Euren pasibitasunekin eta isiltasunenarekin proiektuari legitimitaterik ez emateko.
Pasadan astean Itxasondon egin zuten modura, euren iritzia argi eta garbi azalduz, datorren ostiralean Durangoko manifestaziora etorriz, AHTri ezetz esateko, edo egunero Lukuko erresistentzia gunean beste eredu ekonomiko baten alde parte hartuz.

EZ dugu ahaztu behar globalizazio prozesuaren interesei erantzuten duen makro-proiektua dela. Eredu ekonomikoari gagozkiola, gure agintari ekonomikoek eta politikoek dituzten asmoei buruz ez dute zalantzarik uzten: Euskal Autonomi Erkidegoa Europako garraio fluxurik handienetakoa bilduko lukeen sakrifikatutako lurraldea bihurtu nahi dute. Eredua errotik jasanezina da, garraioen hazkunde esponentziala dakarrelako. Bestalde, baliabide publikoak garraio azpiegitura erraldoietan xahutzen dira (autopistak, AHT, superportuak, plataforma logistikoak, e.a.), bestelako ekonomia ihardueretan, gizarte eta kultur ekintzetan behar-beharrezkoak diren bitartekoak eragotzita.

Honen guztiaren ondorioz, AHT Elkarlana osotzen dugu talde eta pertsona guztion Euskal “Y” aurka agertzen gara eta irekia behar lukeen garapen ereduari buruzko eztabaida sakon bat proposatzen dugu, eta proiektua berehala gelditzea eskatzen dugu. Hortaz, DEI BAT LUZATZEN DIEGU ELKARLANA OSATZEN DUTEN TALDE ETA PERTSONA GUZTIEI ETA ERA BEREAN PROIEKTU HONEN AURKA DAGOEN ORORI, DATORREN ABENDUAREN 8AN, DURANGOKO LIBURU ETA DISKA AZOKAREN ALBOKO ENPARANTZATIK, ARRATSALDEKO 5ETAN ABIATUKO DEN MANIFESTAZIOAN GUREKIN BATERA PARTE HAR DEZATEN.
________________________________________