AHT Gelditu! Elkarlanak, Aralarrek AHTaren obrak eragiten dituzten kalteak gutxitzeko aurkeztutako proposamenaren aurrean egiten duen irakurketa

Aralar alderdi politikoak Eusko Jaurlaritzan, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan eta zenbait Udaletxetan, “Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza obrek eragiten dituzten kalteak gutxitzeko” helburua izango duen ADIF, Sustapen Ministerioa, Eusko Jaurlaritza eta zuzenean kaltetutako udaletxeen arteko mahai instituzional bat eratzea eskatuz, aurkeztu duen proposamena oso larritzat jotzen dugu.

AHTaren aurkako koordinadora den AHT Gelditu! Elkarlanak ez du ulertzen, AHTaren aurkako jarrera duen alderdi batek nola eska dezakeen “Euskal Y”a deiturikoaren eraikitze lanak eragiten ari diren kalte ekologikoen gutxitzea.

Alde batetik, Gasteiz, Iruñea eta Madrileko gobernuen egitate kontsumatuen iruzurrezko politika onartzea suposatzen duelako, izan ere, jarrera horrek, AHTaren proiektuarekiko aurkakotasun zuzenari uko egitea dakarrelako, eta beraz, sarraski izugarri hori gelditzeari uko egitea ere bai. Hau da, borroka baten helburua sortu daitezkeen “kalteak gutxitzea” bihurtuz gero, eztabaida proiektuaren onarpenean kokatuko litzateke; gaur egun, ordea, Abiadura Handiko Trenaren inguruko eztabaida ezin da amore ematen duen jarrera batean oinarritu.

AHTaren aurkako mugimenduak bere hastapenetik eskatzen duen bezala, eztabaida publiko bat zabaltzea ezinbestekoa da;  gainera, momentu honetan bizi ditugun arazo sozial eta ekonomikoek, eta nola ez, azpiegitura honen eraikuntza sortzen ari den arazo ekologiko larriek, eztabaida publiko bat zabaltzeko behar hori areagotu egin dute.

AHT Gelditu! Elkarlanetik, argi daukagu AHTak sortzen dituen kalte jasanezinak gutxitzeko neurri horiek, ez dutela gure inguru naturala ezta gizarte eremua babestuko: praktikan, “aurpegia garbitzeko” tresna bat besterik ez da izango, azpiegitura suntsitzaile eta arrazoigabeko honen zilegitasuna bilatzeko bidean; proportziorik gabe, kalteen ezagutza guztiz alde batera utziz, komunikabideen arreta guztia bereganatuko duen elementua izango da.
 
Ildo horretatik, egunerokotasunean obren eragina jasaten dutenek behar duten babes berezia dela eta, AHT Gelditu! Elkarlanak, kasuan kasu eman dezakegun laguntza eskaintzen jarraitzen dugu; izan ere, jakin badakigu beraiek direla, sarri, egunero obrak gelditzeko borrokan dabiltzanak. Horregatik, ikuspuntu honetatik ere ez dugu kalteak gutxitzea helburu duen instituzio ezberdinen arteko mahaiaren sorrera onartzen; alderantziz, sortu diren kalteen aurrean zein etorkizunean sortu daitezkeen hondamendien aurrean posible den alternatiba bakarra proiektuaren berehalako gelditzea dela baieztatzen dugu.

Bestetik, Aralarreko buruzagiek Nafarroan hartu duten konpromisoa dela eta, konpromiso hori ustelkeria kasuak eragoztera bakarrik mugatzen den heinean, esan beharra daukagu, ustelkeria nagusiena Abiadura Handiko Trenaren proiektua berau dela, izan ere, diru publikoa diren milaka milioi euro desbideratzen baititu izaera sozialik ez duen obra batera, eraikitzaile pribatuak, banka pribatua eta elite politiko jakin batzuei soilik mesede eginez.

Finean, Aralar alderdi politikoak, AHTaren obren eragina gutxitzeko aurkeztutako proposamenaren zein Nafarroan AHTren aurkakoa ez den hartutako konpromisoaren aurrean zera ondorioztatzen dugu: alderdi politiko hori gutxieneko kaltea sortzeko terminoetan pentsatzen ari dela, zeinak egon daitekeen egoera okerrenera bultzatzen duen: AHTaren eraikitzea onartzera.

Orain, Aralarrek aukera berri bat du atzera egiteko, errakuntza hau zuzendu eta, berriz ere, AHTaren kalteak galdatzeko aukera bakarra eskatzeko: obren berehalako eta behin betiko gelditzea.