AHTren inguruko prozesua parte-hartzean oinarritzeko exijitzen du Aramaiok

GARA.

«Euskal Y»ak Aramaioko udalerrian eragingo dituen kalteez kezkaturik, herritarrak lanean hasi ziren duela urtebete. Udaz geroztik lortutako 656 sinadura eta bestelako atxikimenduekin Udalera jo zuten urrian, herri galdeketa antola dezala eskatzeko. Osoko bilkuran noiz eztabaidatuko zain daude oraindik. Mozioa bere egiten ez badu edo onartzea atzeratzen badu, alternatibak bilatuko dituztela esan dute.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak duela hilabete pasatxo hasi ziren Arabako Luku herrian, eta obrek ez dute ekarri kritika zorrotzak isiltzea, ez eta prozesua parte-hartzean oinarritzeko eskatzeari uztea ere.

Mobilizazio dinamika indartzeaz gainera, Aramaioko herritarrek proiektuari buruzko iritzia plazaratu nahi dute. Ondorioz, Udalari galdeketa martxan jar dezala eskatu zioten. Ekimen berria ez den arren, ezberdintasun nabarmena dauka horrek egin dituzten gainerakoekin alderatuta. Alegia, bizilagunek jarri dutela prozesua martxan, eta ez bertako erakundeek.

Lehenengo herri kontsulta Urbinan egin zuten uztailaren 16an, Administrazio Batzarrak antolatuta. Ondoren, Gasteizko Udalaren menpe dauden 18 herriek bide bera jorratzeko asmoa zutela agertu zuen Gasteizko Kontzejuen Elkarteak. Orduan, plangintza lasaiago egin zuten eta, iritzia eman aurretik, gizartea informatuta egon zedin, mahai-inguruak antolatu zituzten. Horretarako, Lakuako Gobernuko, Arabako Diputazioko eta Gasteizko Udaleko ordezkariak gonbidatu zituen. Inor ez zen, ordea, bertan azaldu. Herri galdeketa urriaren 29an izan zen. Itsasondoko Udala izan da, orain arte, lekukoa hartu duen azkenengo udalerria. «Euskal Y»ak ezetz biribila jaso du guztietan.

Azaroaren 6an, Aramaioko bizilagunek kezka publikoki azaltzea erabaki zuten. Ibilbideak udalerria zeharkatuko du, eta, besteren artean, Azkoaga, Barajuen eta Untzilla auzoetan lasai bizitzea eragotziko du. Euskal Herri osoan gertatu den moduan, informazio falta ikaragarria dagoela uste dute, eta uztail aldera, sinadurak biltzen hasi zen kezkatutako herritar talde bat.

Eskuratutako 656 sinadurak ­bozkatzeko eskubidea dutenen %50ena baino gehiagorena­, hamabi auzotako alkateen atxikimendua eta beste dozena bat kultur eta kirol elkarteren babesa aurkeztu zuten Udalean iragan hilaren hasieran, mozio batekin batera. Han, herritarrek eskatzen zuten bezala, udalerriko bizilagun orok proiektuaren inguruko erabakia har dezan, herri kontsulta antolatzeko eskatzen diote. Era berean, ekimenean ahalik eta jende gehienak parte har dezan, bitarteko guztiak jartzeko proposatzen dio Udalari, informazioa eta eztabaida bultzatzea eta herri galdeketaren antolakuntza lanetan herritarrak inplikatzea.

Mozio horren eztabaida atzeratuz joan da, herri ekimenaren antolatzaileek ahalik eta lasterrena eztabaidatzea eta onartzea behin baino gehiagotan aipatu duten arren. Hasiera batean, azaroaren 29ko osoko bilkuran jorratuko zutela uste bazuten ere, ez da horrela izan, eta oraindik, hilabete honetarako data zehatzik finkatu barik jarraitzen du.

Alternatibak

Printzipioz, datorren astean egin beharko lukete, baina jakinarazpen ofizialik ez zaio heldu oraindik taldeari. Haatik, pazientzia bukatzen ari zaio, eta Udalak bere gain hartzen ez badu edota, hauteskundeei begira, atzeratzen badu, beste bide batzuk jorratuko dituztela ohartarazi du.

Urtebete daramate beharrean Aramaion. 2005eko abenduaren 28an, Inuzente Egunean, zundaketetarako 30 desjabetzetik gora egin behar zituztela jakinarazi zutenetik. Kaltetuek diotenez, orduan «ezer gabe» harrapatu zituzten. Proiektuari buruzko inolako informaziorik gabe. Udalera jo zuten orduan, Mertxe Mondragon alkate jeltzalearengana. Hasieran dokumentaziorik ez zuela zioen arren, herriak «planto» egin behar zuela adierazi zion presioa egiteko, eta ibilbideari buruzko planoak erakustea onartu zuen.

Paisaian izango duen eragina ikaragarria izango dela esaten dute. Hiru kilometro eta erdiko tunelaz gain, 400 bat metroko zubi bat ­70 metro altu izango da­ aurrez ikusita dagoela dakite. Ikuspuntu hidrologikotik, erreka bat desbideratu beharko dutela eta ur iturburuak galduko direla salatzen dute.

Latxa abeletxean eragin zuzena izango du, eta familia baten lanbidea arrisku bizian jarriko du. Ustiategi erdia desjabetuko dutela jakinarazi diote ugazabari, 12 hektarea inguru. Geratzen den lur apurra ezin dela erabili adierazten du horrek. Beste batzuei trenbide sarea etxearen ondotik pasatuko zaie; hala nola, Bolinburu baserriari. Lur eremu gehiago desjabetuko dituzte bailaran.

Udalerrira «lapurtzera» baino ez direla bertaratu arbuiatzen dute. «Hona ez da inor etorri, Sustapenekoak izan ezik, lurrak lapurtzera etorritakoak», diote haserre herritar kezkatuek. Gainera, «gezurretan» eta «oso modu txarrean» joan direla salatzen dute. «Etxera etorri eta eskua altxa didan batekin ibilia naiz», esan du batek. Lur-eremu pribatuetan baimena eskatu gabe ere sartu direla esan du.

Horiek hala, lan-taldea osatu zuten. Eskuratutako informazioa herritarrei helaraztea nahi zuten lehenik. Herritarrei ez galdetzea eta hitzik eman nahi ez izatea leporatzen diete Lakuako Gobernuari eta Sustapen Ministerio espainolari. Bereziki, Garraio sailburu Nuria Lopez de Gereñuren jarrera arbuiatzen dute. «Herriari eztabaida eta erabakia ukatzea demokraziaren aurkakoa iruditzen zaigu», aipatzen dute.

Bide demokratikoa

Alde horretatik, galdeketa eskatzeko sinadura bilketa abian jarri zuten. «Herritarrok erabaki ahal izateko bide demokratikoena da», esaten dute. Ekimena antolatzeko «aitzakiarik» ez dagoela uste dute, udalerriaren etorkizuna «jokoan» dagoela.

Osoko bilkuraren eguna iristen den bitartean, iragan asteazkenean, mahai-inguru bat antolatu zuten kultur etxean. Itsasondoko zinegotzi Danel Etxeberriak Gipuzkoako udalerrian erabili duten parte-hartzean oinarritutako prozedura azaldu zien bertaratutako 42 lagunei. Kontsulta aurretik, Udalak zuen proiektua erakutsi eta teknikari batek kezkak jaso zituen.

Batzarretan aztertu eta mahai-inguruak antolatu zituztela gogorarazi zuen, proiektuaren kalteak eta onurak plazaratzeko. Horretarako, eta Gasteizko Kontzejuen kasuan egin zuten moduan, Lopez de Gereñu eta bestelako ordezkari politikoak gonbidatu zituzten, azpiegituraren bertuteei buruz hitz egiteko. Donostiako alkatetzarako hautagai Xabier Ezeizabarrena jeltzaleak baino ez zuen parte hartu. Abenduaren 3an lortutako emaitza ­bozkatzera joan zirenen %88 kontra azaldu ziren­ Lakuara eramango dutela adierazi zuen Etxeberriak, herritarren borondatea errespeta dezatela exijitzeko.

Alberto Friasek Arabako eta bereziki Gasteizko Kontzejuen plangintza azaldu zuen, eta Udalak mozioa atzera botaz gero, har daitekeen beste «bide polit bat» aipatu zuen. Udalerria osatzen duten 14 auzoko alkateek galdeketa antolatzeko legitimitatea dutela esan zuen.

Atzo gauean, bestalde, bertso afaria egin zuten Manex eta Iker Agirre aramaioarrekin eta Oihane Perearekin. 40 bat lagunek giro apartaz gozatzeko aukera izan zuten. Udalerri eta herri bakoitzak eskura dituen bitartekoak erabiltzen ditu AHT arbuiatzeko. -